Berregituratzeko garaia du Mariñok

Aldaketa urtea du Mariñoko emakumeen talde nagusiak. Egokitzekoa. Bigarren Mailan hiru urte eman eta gero, iaz ezin izan zuen jaitsiera ekidin. Hortaz, 2017-2018 denboraldian, Euskal Ligan ari da berriro. Kosta zitzaien, denboraldi hasieran, lehen bost jardunaldietan garaipen bakarra lortu baitzuten. Orain sailkapenaren erdian daude, ez atzera eta ez aurrera. Geratzen zaizkien jardunaldietan, hobetzen jarraitzea dute helburu, hurrengo sasoirako oinarria finkatzeko asmoz.

Denboraldi gogorra izan zen iazkoa. Lan talde murritza eduki zuen Mariñok, eta behin baino gehiagotan, hamaika jokalari besterik ez ziren aurkeztu partida batzuetara. “Aldaketarik gabe aritu ginen, bai”, konfirmatu du Laura Gonzalez atezainak: “Entrenamendu batzuetan, bospasei lagun besterik ez ginen aritu”. Hala ere, taldeak lan handia egin zuen, eta azken jardunaldira arte eutsi zion jaitsiera ekiditeko aukerari. Kolpe handia izan zela adierazi du Gonzalezek: “Lur jota geratu ginen. Gero Kopa etorri zen, eta ez genuen jokatu nahi izan”.

Denboraldia bukatuta, eskualdetik kanpo zetozen jokalariek taldea utzi zuten. Baina gainerakoan, taldekide gehienek jarraitzea erabaki zuten. “Jende gehiago etor zedin ere lortu genuen”, nabarmendu du Laura Gonzalezek. Carmelo Perez Melo eseri zen aulkian, azken aldiz taldea Bigarren Mailara eraman zuen entrenatzailea. Gonzalezek aitortu du aurten igotzen saiatzea zutela helburu. Uste baino maila handiagoa topatu dute, ordea, Euskal Ligan. Hasiera txarra, gainera, karga handia izan da aurrerantzean. “Entrenatzaile berria eta taldekide berriak genituen. Erritmoa hartu arte, denbora behar izan genuen”, adierazi du Udane Olaziregik. 

Denboraldiak aurrera egin ahala, hobera egin du taldeak. Baina beheraldiak ere izan ditu, tarteka. Gabonetan, adibidez, geldialdi luzea eduki zuen ligak, hilabetea egin zuen Mariñok lehiatu gabe. “Entrenamenduetan ere erlaxatu egin ginen, eta hori nabaritu egin zen”, onartu du Olaziregik. Gol falta nabarmena du Mariñok, baina hutsune hori, historikoa dela uste dute taldekideek: “Mariñok beti eduki du golak sartzeko zailtasuna”. Horregatik, hain zuzen ere, defentsan hobetu behar dutela uste du Laura Gonzalezek: “Taldea atzetik aurrera eratu behar dugula iruditzen zait. Defentsa sendoa osatzen baldin badugu, zelai erdian baloia jokatzen duten jokalariak erosoago ariko dira”. 

Hurrengo denboraldiari begira

Aurten, dagoeneko, igoeraren bila lehiatzeko aukerarik ez du izango Mariñok. Pixkanaka hobetuz jarraitzeko helburua izango dute emakumeek. Hurrengo sasoiari begiratzen diote, jada. “Taldekide gehienok segitzen baldin badugu, aurten egindako lana nabarituko da”, aipatu du Udane Olaziregik. Konpromiso puntu bat gehiago ere eskatu du, dena den: “16-17 jokalari erregulartasunez entrenatzera etor daitezen lortzen baldin badugu, nik uste badugula goian ibiltzeko aukera”. Izan ere, taldekide askok Irundik kanpo ikasten edo lan egiten dute, eta kostata elkartzen dira denak entrenatzera.

Mariñok daukan beste eragozpen handiena da kadete mailatik talde nagusira dagoen jauzia. Klubak ez baitu jubenil mailako talderik. “Garai batean, neska gehiago aritzen ziren futbolean”, adierazi du Olaziregik: “Gaur egun, aukera gehiago daude, eta sakabanatuago daude kirola egiten duten neskak”. Horregatik, emakumeen futbol profesionalak aurrera pausoak eman dituen garaian, behean, oinarriko kategorietan, futbolak atzera egin duela uste dute Mariñoko taldekideek. 

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika