Erroak egingo ditu errugbiak Txingudin

Berrogeita bost urteko historia luzea dauka Irungo errugbiak. Plaiaundi da bere egoitza, eta Irun Rugby Taldea, elkarte nagusia. Haren lanari esker egin izan du aurrera errugbiak Irunen, Hego Euskal Herrian gutxi batzuen kirola den arren. Bidasoa ibaia gurutzatuta, zeharo ezberdina da errugbiak bizi duen egoera. Hendaiako ikastetxeetako jolastokietan baloi obalatuak ikustea ohikoa da, errugbiaren osasunaren seinale. Zaletasun hori badia osoan zabal-tzeko asmoz, Txingudi Errugbi Eskola sortu dute.

Irun Rugby Taldeko eta Hendaiako Stade elkarteko presidenteek sinatu zuten azaroaren amaieran errugbi eskola komuna sortzeko akordioa.Bidasoa Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoaren babesarekin egituratu dute proiektua. Eman beharreko urratsen inguruko aholkularitza eta erakundeen arteko lotura-lana egin ditu Par-tzuergoak. Aurreikuspenen arabera, 2015/2016 ikasturtean abiatuko dute eskola berria. Lehenago, hastapen ikastaroak egingo dituzte Irungo, Hendaiako eta Hondarribiko eskoletan. Orain arte, eskola kirola programaren baitan egin izan dituzte errugbi saioak. Baina soinketa orduetara zabalduko dituzte orain.

Beste hainbat kirolen artean, errugbia sakonago ezagutzeko abagunea izango dute, beraz, Irungo haurrek. Gaztetxoen artean, argi dago futbola dela oraindik ere arrakasta gehien izaten duen kirola. Hala ere, denek ez dute futbolean jokatzeko abilezia berbera. Zentzu horretan, errugbiak aukera handiagoa eskaintzen duela uste du Iñaki Alberdi Irun Rugby Elkarteko presidenteak: “Gazte guztiek dute errugbian jokatzeko gaitasuna, haien fisikoa edozein dela ere. Errugbian jende astuna eta arina behar da”. Txingudi Errugbi Eskolak badia osoko haur kirolzaleei “mesede” egingo diela uste du Iñaki Alberdik.

Battitte Chaudière Hendaiako errugbi taldeko jokalaria da, eta Irunen eta Hondarribian orain arte egindako saioetan parte hartu izan du. Haurrek errugbiaren inguruan duten ezagutza eskasa dela ikusi du hendaiarrak: “Gehienek ez dakite errugbian pasea atzera egin behar denik ere”. Gaitasunari dagokionez, berriz, ez du oztoporik ikusten. Gustatuko litzaioke haur horietako batzuek etorkizunean Hendaiako taldean jokatzea. “Baina helburua ez da Hendaiaren harrobia zabaltzea, errugbia ezagutaraztea eta garatzea baizik”, argitu du Chaudièrek. Errugbi eskolaren fruituak ikusteko, hamarkada osoa beharko dela uste du hendaiarrak. Presarik gabe, baina sendo lan egin nahi dute, beraz.


Neskak animatu nahi dituzte
Emakumeei dagokienez, urrats bat aurrerago dago Irun Rugby Taldea. Hendaian ez dute nesken talderik, baina Irunen lehen saiakera egin dute. Joan den urtean Eibarko neskekin elkartuta jokatu zuten. Aurten, berriz, Hernanikoekin ari dira. “Neska gutxi garenez, beste taldeekin elkartu behar izan dugu, momentuz. Baina gure asmoa da etorkizunean Irungo taldea ateratzea”, azaldu du Lea Etxebarrieta jokalariak. Txingudi Errugbi Eskolari esker neskak erakarri ahal izango dituztela uste du: “Hamaika-hamabi urte dituztenean, neskak mutilak baino altuagoak izaten dira, eta ondo moldatzen dira errugbian. Horrek animatu egiten ditu”.Emankorra izan daiteke, beraz, Txingudiko errugbiak hartu duen bidea.

*Irunero aldizkarian argitaratutako erreportajea.

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika