BAZTANEK ETA DONEZTEBEK HIRU PUNTUAK ERDIETSI ZITUZTEN ASTEBURUAN
Futbola

BAZTANEK ETA DONEZTEBEK HIRU PUNTUAK ERDIETSI ZITUZTEN ASTEBURUAN

Beti Gaztek aldiz, galtzen hasi du denboraldia

Baztan-Bidasoaldeko futbol talde nagusien artean, Baztanek eta Doneztebek garaipen bana erdietsi zuten asteburuan. Baztanek 0-1 garaitu zuen Aoiz eta Doneztebek berriz, 3-0 irabazi zuen Universidad de Navarra taldearen kontra. Lesakako Beti Gaztek aldiz, 3-1 galdu zuen denboraldiko lehen jardunaldian Bergararen kontra.

Gipuzkoako Ligako gizonezkoen Ohorezko Erregional mailako Beti Gaztek 2024/25 denboraldiari hasiera eman zion pasa den larunbatean Bergara, Agorrosin zelaian, bertako Bergara taldearen kontra. Joan aitzinetik ere lesakarrek bazekiten zaila izanen zela bertan puntuak batzea eta horrela suertatu zen. Beti Gaztek 3-1 galdu zuen Bergararen kontra, nahiz eta itxura ona eman zuten lesakarrek. Javier Escagües entrenatzaileak aipatu duenez, “markagailuak islatzen duena baino partidu parekatuagoa izan zen”. Bergarak bere nagusitasuna erakutsi zuen, baina Beti Gazte ere bere jokoa ezartzeko gai izan zen eta pozik gelditu ziren egindako lanarekin.

Nafarroako Ligan nagusi Baztan eta Doneztebe

Nafarroako Ligan berriz, Lehen Maila Autonomikoko Baztanek eta Preferente mailako Doneztebek garaipen bana erdietsi zuten. Baztandarrek 0-1 garaitu zuen Aoiz. Denboraldiko lehen garaipena erdietsi zuten honela eta pozik gelditu ziren egindako lanarekin. Sergio Oskoz prestatzaileak jakinarazi duenez, aspaldidanik ez zutela punturik batzen Aoizko zelaian eta oraingo honetan, hiruak osoki poltsikoratzea lortu dute.

Honez gain, Baztan futbol taldeak, Nafarroako Supercopa irabazteagatik, Erregearen Kopako aurre kanporaketa jokatuko du urrian eta atzo (irailak 16) egin zen partidu honen zozketa Espainiako Futbol Federazioaren egoitzan, Madrilgo Las Rozasen. Zozketan, Huescako Ontiñena taldearen kontra lehiatzea egokitu zaio Baztan futbol taldeari. Urriaren 9an jokatuko dute kanporaketa Giltxaurdin, partida bakarrera. Irabazlea Erregearen Kopako hurrengo fasera pasatuko da eta lehen mailako talde baten kontra lehiatzeko aukera izanen du.

Azkenik, Preferente mailako Doneztebek ere arrakastaz bukatu zuen denboraldiko bigarren jardunaldia, etxean jokatzen zuen lehenengoa. Universidad de Navarra hartu zuen Iñaki Indart zelaian eta 3-0 irabazi zuen, hauek ere hiru puntuak poltsikoratuz. Xabi Erasun, Ugaitz Aldabe eta Aitor Larumbe izan ziren golegileak. Bi garaipen segidan lortuta, sailkapen orokorreko lider bilakatu dira doneztebarrak. Joel Gil Doneztebeko koordinatzaileak egin digu neurketaren balorazioa. 

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika