13 Eka, 2023
Berdintasuna nagusi izan den 2023ko Ligan emakumeek ezin izan dute Ohorezko Maila mantendu eta gizonezkoek ere Bigarren Mailara jeitsi dira
Bidasoa Atletiko Taldeko emakume eta gizonek Ligako azken jardunaldia jokatu zuten pasa den asteburuan Zaragozan eta Durangon, hurrenez hurren. Berdintasuna izan da nagusi aurtengo Ligan eta horren eragina izan du irundarren lanean. Nahiz eta maila ona erakutsi eta borrokan segitu, ez talde batek ez bertzeak ere ezin izan du oraingo maila mantendu. Emakumeak Lehen Mailara jeitsi dira eta gizonezkoak Bigarren Mailara.
Zazpi urtez Ohorezko Mailan egon ondotik, BATeko emakumeak Lehen Mailara iritsi dira, Ligako azken jardunaldian erabaki den moduan. Aurtengo lehiaketa hagitz parekatua egon da eta hori emaitzetan nabarmendu da. Lehen postutik zazpigarrenerako aldea txikia zen eta atleta guztiek borrokatu behar izan zuten maila mantentzeko. BATekoentzat salbazioa eskuragarri egon zen erreleboak jokatu bitarte, baina orduan Hospitaletek emaitzak onak lortu, eta berak lortu zuen maila mantentzea.
Edonola ere, Irungo atletek maila ezin hobea erakutsi zuten eta emaitzak onak lortu zituzten. Teresa Errandoneak 100 metroko hesi.lasterketa irabazi zuen, 13,15 segunduko denbora eginez, eta ranking nazionalean lehen postua lortu zuen. Elena Martinek ere 1500 metroko lasterketan irabazi zuen (4:32,55 minutu) eta Naroa Furundarenak, azkenik, 13,18 metroko jauzi hirukoitza egin zuen, garaipena eskuratuz.
Olaia Becerril ere bigarren postuan sailkatu zen luzera-jauzian (6,06m), eta Naia Llorentek hirugarren postua eskuratu zuen altuera-jauzian (1,69m). Azkenik, 4x100 erreleboan, hirugarren postuan sailkatu ziren BATeko emakumeak, 47,22 segunduko markarekin.
Guztira, 83 puntu batu zituzten sailkapenean atletek eta zazpigarren postua eskuratu zuten, 2016an lortu zuten Ohorezko Maila galduz. Horrela, heldu den urtean, Lehen Mailan arituko dira eta euren helburu nagusia berriz ere maila gorenera iristea izanen da.
Gizonezkoak Bigarren Mailara
BATeko gizonezkoak Durangon izan ziren Ligako azken jardunaldia jokatzen. Hauek ere, egun zaila bizi izan zuten. Izan ere, emaitza onak eskuratu bazituzten ere eta hirugarren postuan sailkatu baziren ere, dagoeneko maila galdua zuen AD Sprint-ek erreklamazioan aurkeztu zituen eta honek eragina izan zuen Irungo atleten jeitsieran.
Lehiaketa bukatuta eta etxerako bidea hartua zutenean, jakin zuten maila galdua zutela BATeko atletek. Hirugarren postua eskuratua zuen Ander Aramendi baliogabetu zutela erran zieten, baita 4x100 metroko erreleboa ere, barreneko marra zapaltzeagatik. Bi baliogabetze hauek 13 puntu galtzea eragin zien irundarrei eta zazpigarren postura jeistea, Lleidarekin berdinduta. Hala ere, Lleidaren puntuak gainetik egotea ahalbidetu zien eta beraz, BATek izan zuen maila galtzearen zoritxarra.
Emaitza ezin hobeak lortu zituzten BATeko gizonezkoek ere. Juan Errandoneak bigarren postua eskuratu zuen jauzi hirukoitzean (15,05m), baita Gonzalo Tamayok pisu-jaurtiketan (14,54m) eta Asier Zarandonak disko-jaurtiketan ere (44,97m). Hirugarren postuan aldiz, Ander Anglada (800 metroetan, 1:54,27 minutu), Joaquin Alonso (400 metroko hesi-lasterketan, 54,35 segundu) eta Mario Estanga ere (pertiga jaurtiketan, 4,60m). Azkenik, 4x100 erreleboan, bigarren postua eskuratu zuen taldeak eta 4x400ekoan aldiz, hirugarren postua. Hala ere, lehen errelebo hori izan zen baliogabetu zutena.
93 puntu irabazi bazuten ere, baliogabetzearekin 80ekin gelditu zen taldea. Horrela, zazpigarren postuan sailkatuta, Lehen Maila galdu eta Bigarren Mailara jeitsi ziren irundarrak, kolpe handia jasanda gainera. Hauek ere, heldu den denboraldian maila berreskuratzeagatik borrokatuko dute.
16 urtez azpiko altuera-jauzian lortu zuen Llorentek garaipena
Espainiako Txapelketa ospatu zen pasa den asteburuan La Nucian. Bertan izan ziren...
Espainiako selekzioarekin aritu zen irundarra eta B seriea irabazi zuen 100 metroko hesi-lasterketan
Teresa Errandonea selekzioen arteko Europako...
Ekainaren 24an ospatu zen lasterketa honen 45. edizioa
Irungo besten barrenean ohikoa den San Martzial Igoera ospatu zen pasa den ekainaren 24an....
Emaitza hauek positiboak izan dira asteburu honetan ospatu den 16 urtez azpiko eta master mailetako Espainiako txapelketei begira
Euskadiko...
Berdintasuna nagusi izan den 2023ko Ligan emakumeek ezin izan dute Ohorezko Maila mantendu eta gizonezkoek ere Bigarren Mailara jeitsi dira
Bidasoa...