22 Abu, 2023
Hondarribitarrek bostgarren postuan bukatu dute urtea, lehen maila mantentzeko helburua beteta
Zarautzen ospatu den Euskotren Ligako azken jardunaldia. Bi egunetan banatutako azken estropada, Donostia Arraun Lagunak traineruak irabazi zuen eta beraz, bere lidergotza sendotuta, bertako arraunlariak izan dira Ligako garaileak. Hondarribitarrak bostgarren postuak sailkatu dira aurten, lehen maila mantentzeko helburua bete ondotik.
Pasa den asteburuan eman zitzaion bukaera Euskotren Ligako denboraldiari. Uda borobila beteta, eta Zarautzko azken estropada ere irabazita, Donostia Arraun Lagunak irabazi du Liga 95 puntu batuta guztira. Bigarren Orio izan da, 86 punturekin, eta hirugarren postuan Donostiarra sailkatu da, 79 punturekin. Hondarribitarrak berriz, bostgarren postua eskuratu dute, 54 puntu gehituta sailkapenean. Banderarik irabazi ez badute ere, urteko helburu nagusia lortu dute Hondarribiako emakumeek. Lehen maila mantentzea zen begiz jota zuten lorpena eta horrela egin dute. Horrez gain, Miren Garmendiak, traineruko patroiak, lan horretan hoberena izatearen saria irabazi du ia-ia. Azken jardunaldira arte bera izan zen sailkapen horren liderra, nahiz eta azkenean Donostia Arraun Lagunakeko Nerea Perezek eraman duen saria, Garmendiarekin puntuetara berdinduta (69), baina Ligako irabazlea izanda.
Lehen helburua lortuta, orain Kontxarako sailkapenerako prestaketak hasi dituzte emakumeek. Abuztuaren 31n ospatuko dira sailkatze estropadak, 17:30etik aitzinera.
Euskolabel Ligan Urdaibai sendo
Euskolabel Ligako gizonek ere Zarautzen jokatu zuten pasa den asteburuko estropada. Bertan, Urdaibaiek bere nagusitasuna sendotu zuen eta lidergotzan bertze aurrerapausu bat eman zuen. Zierbena eta Donostiarraren aitzinetik sailkatu zen Zarautzen eta hamabi puntu gehiago batu zituen. Hondarribia laugarren izan zen, eta hauek ere sailkapeneko hirugarren postua mantendu zuten.
Gizonezkoentzat oraindik ere ez da Liga bukatu. Asteburu honetan, Ondarroan eta Getarian izanen dira, larunbat eta igandean hurrenez hurren.
KAE-1 Liga ere bukatutzat eman dute
KAE-1 Ligako gizonezkoak ere denboraldia agurtu zuten pasa den asteburuan Zarautzen eta Bilbon. Ligako garailea Sanpedrotarra izan zen azkenean, bigarren eta lehen postuak eskuratuta asteburuko bi estropadetan. 150 puntu batuta, biko aldea atera dio Lapurdiri, bigarren postuan sailkatu den traineruari. Hondarribitarrek berriz, bederatzigarren postua eskuratu dute eta horren ondorioz, maila mantendu dute heldu den denboraldirako.
Lehen mailara igotzeko play-offak berriz, heldu den asteburuan ospatuko dira, bi jardunalditan banatuta. Larunbatean, abuztuaren 26an, Colindresen (Kantabrian) ospatuko da lehen jardunaldia, 12:30etik aitzinera. Igandean, abuztuaren 27an, Erandion izanen da bigarren estropada, 13:30etik aitzinera.
(Argazkia: Aitor Arrizabalaga)
Emakumeek bostgarren postua mantentzea lortu zuten eta gizonezkoek berriz, bigarren postua galdu egin zuten
Kontxako Banderako bigarren jardunaldia...
Hondarribiako emakumeak seigarren izan ziren estropadan eta gizonezkoak berriz, bigarren, euren txanda irabazita
Kontxako Bandera lehen jardunaldia...
Atzoko sailkatze estropadan bigarren postua eskuratu zuten Ama Guadalupeko traineruko gizonezkoek
Kontxako Banderarako sailkatze estropada guztiak...
Miren Garmendiak gidatzen duen ontzia bortzgarren izan zen atzo ospatu zen sailkatze estropadan
Emakumeen Ama Guadalupekoa traineruak denboraldiko...
Emakumeak gaur (abuztuaren 30ean) ariko dira lehian eta gizonezkoak bihar (abuztuaren 31n)
Arraun munduko urteko hitzordurik garrantzitsuenetakoa...