LEA ETXEBARRIETA, errugbi jokalaria: “Oso inklusiboa da errugbia”
Errugbia

LEA ETXEBARRIETA, errugbi jokalaria: “Oso inklusiboa da errugbia”

Hendaian bizi da Lea Etxebarrieta, baina ia denbora gehiago ematen du Irunen eta Hernanin. Txingudi Rugby Taldean emakumezkoen sekzioa sortzeko lanean dabil, buru belarri. Bi denboraldi daramatzate proiektuarekin. Momentuz, animatu dituzten neskak ez dira taldea osatzeko aski. Beraz, lehiatu nahi dutenak Hernanirekin ari dira, bi elkarteek lortutako akordioari esker. Bitartean, eskolaz-eskola ari dira, neskak Plaiaundira erakarri nahian.

Nola harrapatu zintuen errugbiak?

Kanarietan ikasten nengoenean izan zen. Lagun batekin surfean ibiltzen nintzen orduan. Errugbian probatzera animatu nahi ninduen, baina nik ez nuen joan nahi, kirol gogorra eta agresiboa iruditzen zitzaidalako. Hala ere, probatzera animatu nintzen egun batean, beste neska batzuekin batera. Azkenean, beste horiek ez ziren gelditu. Ni bai, ordea.

Kanarietatik bueltan, Plaiaundin jarraitu zenuen.

Kanarietako azken urtean probatu nuen errugbia, eta bueltan, nesken talde baten bila hasi nintzen inguru honetan. Nire ahizpak bazuen lagun bat, ahizpa Irungo errugbi elkartean zuena Nik, orduan, ez nekien Irunen errugbi elkartea zegoenik ere. Baina Plaiaundira hurbildu nintzen, eta besoak zabalik hartu ninduten. Nesken taldea sortu nahian ari ziren orduan.

Oraingoz Hernani taldearekin lehiatzen ari zarete. Zergatik?

Momentuz ez dugu lortu soilik Irungoa den taldea eratzea, neska nahikorik ez dagoelako. Horregatik ari gara Hernanikoekin batera. Akordio ona dela uste dut. Hernaniri ondo datorkio, neska gehiago dituelako, aldaketak egin ahal izateko. Kontuan hartu hamabost neska behar direla zelaian, 80 minutuz. Guretzat ere ona da, asko ikasten ari garelako. Asteartetan Hernanin entrenatzen dugu, asteazkenetan Irunen, eta ostiraletan Hernanin. Irungo entrenamendua 19.00etan Plaiaundin izaten da, eta lasaiagoa da, hasiberrientzat egokia.

“Emakumeen errugbian denok laguntzen diogu elkarri, badakigulako aurkaririk gabe ez dugula partidarik edukiko”

Hori bai, asmoa da etorkizunean Irunen taldea ateratzea. Berri ona izango da guretzat, eta gainerako elkarteentzat ere. Momentu honetan sei talde besterik ez gara Euskal Ligan. Horregatik, beste talde bat sortzea albiste ona da denentzat. Emakumeen errugbian denok laguntzen diogu elkarri , badakigulako aurkaririk gabe ez dugula partidarik edukiko.

Eskolaz-eskola ari zarete, neskak animatu nahian.

Bai, adin guztietako neskak bilatzen ari gara, errugbi eskola ere badugulako, igande goizetan. Zortzi urtetik gorako edonor etor daiteke Plaiaundira, errugbian aritzen ikastera. Orain eskolan dauden neskak etorkizuneko taldearen oinarri izango dira.

Zer esaten diezue neskei, errugbian has daitezen?

Batez ere, aurreiritziak baztertzen saiatzen gara. Batetik, esaten diegu errugbia ez dela dirudien bezain agresiboa. Bestetik, azpimarratzen diegu edonork izan dezakeela lekua errugbian. Niri horregatik gustatu zitzaidan hainbeste, oso inklusiboa delako. Adibidez, neska gizen asko ez dira kirolean hastera ausartzen. Errugbian, aldiz, badute haien lekua. Argalek eta azkarrek ere bai. Norbera bere gorputzarekin pozik egon daiteke errugbian, bere lana ondo bete dezakeela ikusten duelako. Iruñeko La Unica taldean badago neska bat balleta eta errugbia egiten dituena. Hortxe duzu adibidea.

Zaila al da errugbiaren arauak barneratzea?

Nik bi urte daramatzat errugbian jokatzen, eta oraindik ez dakizkit arau guztiak.. Hasieran, oinarrizko lau gauzak ikasita partidan sartu zaitezke. Gainerakoa, pixkanaka ikasten da. Gogoa behar da, besterik ez. Gehienetan, lehen entrenamenduan ikusten da errugbia gustatuko zaizun edo ez. Hasieran zaila izaten da, ez duzulako kirola ezagutzen. Baina azkar ikasten da.

“Taldeen arteko harreman ona mantentzeko baliagarria da hirugarren denbora”

Hirugarren denbora da errugbiaren ezaugarri famatuenetako bat. Zenbateko garrantzia du?

Hirugarren denbora derrigorrezkoa da. Kontaktuko kirola da errugbia, eta beharrezkoa da errespetua mantentzea. Taldekideekiko, aurkariekiko eta epaileekiko ere bai. Errugbian ondo barneratuta dago epailerik gabe ezin dela jokatu, eta bera dela jokoa garbia izan dadin bermatzeko ardura duena. Zelaian errespetua mantentzen da, eta jokoan izan diren gorabehera guztiak hirugarren denboran konpontzen dira, giro onean. Aurkari bati kolpe txar bat eman baldin badiozu, gero barkamena eskatzen diozu. Taldeen arteko harreman ona mantentzeko elementu baliagarria da.

Ezagutzen al duzu Iparraldeko errugbiaren mundua? Alde handia dago?

Sekulako aldea dago Irungo elkartearen eta Hendaiakoaren artean. Mailari dagokionez, baina baita aurrekontuari eta azpiegiturei dagokienez ere. Dena den, talde txiki batean egoteak badu bere xarma. Aurrera egitea zailagoa denez, harreman sendoagoa sortzen da taldekideen artean. Irunen elkarri laguntzen saiatzen gara beti, eta prest gaude ikastetxeetara joateko edo beste edozertan parte hartzeko. Bakoitzak ahal duen ekarpena egiten du.

ZAISA TXINGUDIKO 16 ETA 18 URTEZ AZPIKO TALDEAK HERNANIN
Errugbia

ZAISA TXINGUDIKO 16 ETA 18 URTEZ AZPIKO TALDEAK HERNANIN

Gainera, 14 urtez azpiko taldeko sei jokalari Gipuzkoako selekzioarekin izanen dira 

Larunbat honetan,...

MONTSENY TOUCHEK IRABAZI ZUEN MAILAZ IGOTZEKO AUKERA
Errugbia

MONTSENY TOUCHEK IRABAZI ZUEN MAILAZ IGOTZEKO AUKERA

Aurreko larunbatean Plaiaundin ospatu zen Rugby Touch Txapelketa eta Montseny izan zen jardunaldiko garailea

Pasa...

ZAISA TXINGUDIKO TOUCH SAILAK JARDUNALDI ERABAKIGARRIA PLAIAUNDIN
Errugbia

ZAISA TXINGUDIKO TOUCH SAILAK JARDUNALDI ERABAKIGARRIA PLAIAUNDIN

Larunbatean errugbi touch modalitateko Estatuko 1. Mailara igotzeko neurketak jokatuko dira Plaiaundin

Larunbat...

IRUN RUGBY EGUNAREN BIGARREN EDIZIO ARRAKASTATSUA
Errugbia

IRUN RUGBY EGUNAREN BIGARREN EDIZIO ARRAKASTATSUA

Bi urteren ondoren, bigarren edizioarekin bueltatu zen Irun Rugby Eguna eta ehunka lagun bildu zituen Irungo kaleetan

ZAISA TXINGUDIK ERRUGBIAREN EGUNA OSPATUKO DU BIHAR
Errugbia

ZAISA TXINGUDIK ERRUGBIAREN EGUNA OSPATUKO DU BIHAR

Egun guztiko ekitaldiak antolatu ditu klubak, Plaiaundin eta Irungo Kale Nagusian ospatuko direnak

Bi urteren...

ZAISA TXINGUDI BIGARREN MAILARA JEITSIKO DA
Errugbia

ZAISA TXINGUDI BIGARREN MAILARA JEITSIKO DA

Aurreko igandean Riojaren aurka 27-21 galdu ondoren, bidasotarrek bigarren mailan jokatuko dute datorren denboraldian

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika