MIKEL ORBAÑANOS: “LIGAN LEHIAKOR IZATEA GUSTATUKO LITZAIGUKE”
Arrauna

MIKEL ORBAÑANOS: “LIGAN LEHIAKOR IZATEA GUSTATUKO LITZAIGUKE”

Hondarribiako traineruaren helburu nagusia udan ahalik eta maila onena ematea izango da aurten ere

Mikel Orbañanosek 21. denboraldia beteko du aurten Hondarribiako Ama Guadalupeko traineruaren entrenatzaile gisa. 2002an hasi zen eta oraindik lan horretan dihardu. Azken urteetan lortutako garaipenak kontuan hartuta, “ametsak egi bihurtu” direla dio Orbañanosek eta horregatik ez luketela irabazteko presiorik eduki beharko. Hala ere, Hondarribiako mutilei “gauzak ondo egitea” gustatzen zaie eta aurten ere horren bila joango direla aipatu digu entrenatzaileak. Helburu hauek lortzeko, lanean daude dagoeneko eta horren inguruan mintzatu gara prestatzailearekin.

Azken bi urteak, pandemiaren ondorioz, baldintzatuak egon dira, baina aurten normaltasunera bueltatuko zaretela dirudi, ezta?

Bai, gizarte osoari eragin dio Covid-ak eta momentu txarrak pasa dituzte familia askok. Guk ere gure oztopoak izan ditugu gauzak normal egiteko, baina ematen duenez, egoerak hobera egin du eta honetan bukatuko dela dirudi. Ea honetatik zerbait ikasten dugun eta aurrerako balio digun.

Nola hasi dituzue aurtengo denboraldiko prestaketak?

Arrauna udan ikusten den kirola izaten da, baina atzetik lan asko dago. Neguan hasi eta ordu asko ematen ditugu entrenamenduetan, gero lehiaketetan lan guzti hori ateratzeko. Aurten ondo joan dira prestaketak. Aurreko urteetan emaitza onak lortu ditugula ikusita, ez dugu gauza askorik aldatu. Urtero zerbait aldatzen dugu, zein talde dugun eta zein helburu ditugu kontuan hartuta. Badakigu ondo joan zaigula eta horri heltzen diogu. Alde horretatik, aldaketa asko gabe eta ondo jardun dugu. Espero dugu horrela udan emaitza onak lortzea.

Galdera ohikoa izaten da aurredenboraldian, baina zein helburu dituzue aurten?

Helburuak ez dira asko aldatzen, gehien bat ikusita azken urteetan oso ondo ibili garen traineru bat garela. Gustatuko litzaiguke uda ondo hastea eta Ligan lehiakor izatea eta bizirik mantentzea garaipenerako. Gertatzen dena da ez dela erraza izango, aurkariak ere gauzak ongi egiten baititu, azken urteetan ikusi dugun bezala. Gustatuko litzaiguke baita ere, uda bukaerara mailarik onenean iristea, batez ere Kontxako estropadetarako.

Lehengo urtean txapeldunorde izan zineten dagoeneko. Horrek lasaitasuna ematen dizue, presioa gainetik kendu?

Azken urteetan izan ditugun garaipenak ikusita, ez genuke irabazteko presiorik izan beharko, baina egia da guk geure buruari jartzen diogula presioa eta gauzak ondo egitea gustatzen zaigula. Horregatik, gustatuko litzaiguke berriz ere irabazteko borroka horretan egotea, batez ere gure jarraitzaileengatik eta gure arraunlariengatik eta beraiek egin duten lan guztiagatik.

Arraunlarien inguruan, aldaketarik izango dituzue aurten?

Lau baja izan ditugu, adinagatik eta beste arrazoiengatik arrauna uztea erabaki dutelako eta oso errespetagarria da gainera. Asko eman digute arraunlari horiek jardun diren urte guztietan eta oso eskertuak gaude. Beste aldetik, alta bat dugu, kanpotik etorri den Jon Etxanizena. Gainera, beste hiru gazte izango ditugu gurekin ere. Gustatuko litzaiguke hiru gazte hauek gure lan dinamikan sartzea eta gurekin ahalik eta emaitza onenak lortzea. Ez da erraza izango, horren oreka bilatuko dugu eta saiatuko gara.

Oreka eta taldearen egonkortasuna bilatzea garrantzitsua da, ezta?

Bai, aldaketak daudenean denera egokitu behar duzu, baina gazteetatik datozenak badakite nolakoa den gure lan dinamika eta horrela, errazago egokitzen jakingo dutela pentsatzen dut. Saiatuko gara, bai beraiek eta bai gu ahalik eta egokiena izaten eta ahalik eta gutxiena nabaritzen.

Nola ikusten duzue aurtengo denboraldia beste taldeei begira?

Aldaketak egongo dira taldeetan, arraunlari aldaketak. Alde horretatik, nik, hasiera batean behintzat, Bermeo joko nuke faborito moduan. Zierbenak ere oso talde handia egin du. Dinamika horretan egongo gara denak beraz. Beste denok zain egongo gara ea baten batek ez duen maila ona ematen eta guk muturra sartzeko aukera dugun.

Hondarribia ezkutatuta egoten da pixkat, baina gero bere maila ematen du. Aurten ere horrela izango da?

Egia da ez garela soinu handia ateratzen duen elkarte bat, ez onerako eta ez txarrerako ere. Baina gustura gaude lan egiteko modu horrekin. Beti izan gara oso erregularrak eta aurten ere gure helburu nagusietako bat hori izango da, erregularrak izatea lehiaketa guztietan.

Gipuzkoako Txapelketa berezia izan da zuentzat azken urteetan, ezta?

Bai, egia esan Gipuzkoar talde guztientzat garrantzitsua da Gipuzkoako Ligan jokoan egotea. Parte hartzen dugun lehiaketa guztietan maila ematea gustatzen zaigu eta hori izango da gure helburua Hondarribian jokatuko den Gipuzkoako Ligan ere.

TKE Liga Euskal Herrian hasiko da…

Bilbon erlojuz kontrako batekin hasiko gara eta hurrengo egunean Donostian lau luzeetara. Oso estropada politak izango dira eta ondo hasten saiatu behar gara. Garrantzitsua da ondo hastea, izan ere ohorezko txanda horretan mantenduko baginake hasiera batetik, gero errazagoa izango litzaiguke bizirik mantentzea Ligako borroka horretan. Gero Galiziara joango gara gauzak ondo egitera eta pozik itzultzera.

Hondarribiak azken urteetan emaitza oso onak lortu ditu harrobiko lanarekin eta eredu berezi batekin…

Bai, oreka bat bilatzen saiatzen gara, bertakoei aukera emanez eta emaitza onak lortuz. Ez da erreza, baina azken urteetan lortu dugu eta modu berean jarraituko dugu. Presio berezia izango dugu geure buruarekin badakigulako zer egin behar den irabazteko eta berriz ere saiatu behar garelako. Hala ere, ez badugu lortzen ezin dugu porrot moduan hartu, badakigulako baita ere zenbat kostatzen den hori irabaztea. Amesten genuena orain egin bihurtu da eta ez da erraza. Oso pozik gaude horregatik, baina berriz ere saiatuko gara eta gure gogoa eta nahia urtero hori da. Ea aurten ere gai garen hori lortzeko eta gure jarraitzaileak gustora uzten ditugun.

(Argazkia: HAE)

AITZPEA GONZALEZ ETA NAROA ZUBIMENDI, ESPAINIAKO TXAPELDUNAK
Arrauna

AITZPEA GONZALEZ ETA NAROA ZUBIMENDI, ESPAINIAKO TXAPELDUNAK

Klara Olazabalek ere bostgarren postua eskuratu zuen Eslaloneko Munduko Kopako hirugarren proban

Pasa den...

HONDARRIBIAKO NESKEK ZUMAIAKO BANDERA IRABAZI DUTE
Arrauna

HONDARRIBIAKO NESKEK ZUMAIAKO BANDERA IRABAZI DUTE

ETE Ligako hirugarren jardunaldian garaipena eskuratu du berriz ere emakumeen traineruak

Atzo goizean, ekainak 26,...

HONDARRIBIA ARRAUN ELKARTEAK DENBORALDIKO AURKEZPENA EGINEN DU BIHAR
Arrauna

HONDARRIBIA ARRAUN ELKARTEAK DENBORALDIKO AURKEZPENA EGINEN DU BIHAR

Hondarribia Arraun Elkarteak San Joan bezperan ospatuko du aurten ere 2022ko traineruen aurkezpena 

Bihar, ekainak...

HONDARRIBIAK IRABAZI DU ETE LIGAKO LEHEN JARDUNALDIA
Arrauna

HONDARRIBIAK IRABAZI DU ETE LIGAKO LEHEN JARDUNALDIA

Pasaian jokatu zen estropada eta Hondarribiako neskak nagusi izan ziren Deusto eta Hibaikaren aurretik

Pasa den...

HONDARRIBIAK GIPUZKOAKO TXAPELKETAKO BANDERA IRABAZI DU
Arrauna

HONDARRIBIAK GIPUZKOAKO TXAPELKETAKO BANDERA IRABAZI DU

Hamahirugarren aldiz lortu dute hondarribitarrek garaikurra, etxean bertan jokatu den estropadan

Atzo, ekainak 12,...

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika