“AMOREBIETAK DEMOSTRATU DU DENA EZ DELA DIRUA”
Futbola

“AMOREBIETAK DEMOSTRATU DU DENA EZ DELA DIRUA”

Leitzan bizi eta aurtengo denboraldian, Amorebietan jokatu du gure protagonistak. Eskuin hegalean zein zentral gisa joka dezake, eta Real Unionen 5 denboraldi jokatu ostean, hobe beharrez eta agian “atzeko atetik”, Bizkaiko futbolean probatu egin zuen. Lehendabizi, Gernikan eta bigarrenik, Amorebietan. Aurten, lorpen handia lortu du Amorebieta-Etxanoko taldeak: Badajoz garaitu eta 2.A mailara igo da. Helburu hori betetzeko, jokalari garrantzitsua izan da Aimar Sagastibeltza.

‘Bizitza basatia’ kantarekin ospatu zenuten igoera. Basatia da benetan egin duzuena?

Aurten, egia esan, hasieratik bukaerara denboraldi gogoangarria izan da. Ez dakit noiz, baina denboraldi hasierko lehendabiziko garaipenaren ondotik hasi ginen kantu hura kantatzen eta igoera ospatzeko kantu aproposa zela iruditu zitzaigun. Denboraldiko garaipen guztiak kantu horrekin ospatu ditugu, nola ez ospatu igoerarena.

Badajozen zelaian, Badajozen aurka eta Badajozen zalegoaren aurrean. Zelaian 45 minutu eman zenituen, nola bizi izan zenuen golaren jokaldia?

Guretzako neurketa oso berezia zen eta oso mentalizatuta, astean zehar, kontzientzia handiz prestatu genuen. Bagenekin oso garrantzitsua izango zela markagailuan aurreratzea eta horrela izan zen. Neurketa ondo hasi genuen, hainbat korner izan genituen gure alde eta 22.minutuan egin genuen 1-0ekoa. Gola egin genuenean, denak konziente ginen oso garrantzitsua zela egin genuena; izan ere, gure estiloarengatik, oso zaila egiten zaio edozein talderi guri markagailua iraultzea.

45 minutu zergatik jokatu zenituen? 

Zoritxarreko jokaldi batean, entrenatzen hasi aurretik, behatz txikiko falangea hautsi nuen. Oso zaila zen finala jokatzea, kolpe handia izan zen mentalki niretzat, urteko bi norgehiagoka garrantzitsuenak iritsi eta ez jokatzea ikaragarri gogorra zen niretzat. Azkenean, anestesiarekin eta infiltratuta, jokatzeko aukera izan nuen lehen zatian. Partiduan zehar, 35.minutuan inguru, kolpe txarra hartu nuen leku berean eta segituan ohartu nintzen zelaia utzi behar nuela.

Euskal Herriko lorpen gisa hartu da zuen garaipena eta Behe Bidasoa eskualdean ere asko izan dira Amorebietaren igoerarekin poztu direnak. Egun Amorebietan jokatzen duten 6 jokalarik iraganean Real Unionen jokatu zuten: 

Guretzako sekulako lorpena izan da. Futbola bertatik-bertara jarraitzen duen jendea konziente da zer egin dugun. Real Unionekiko lotura handia dugu, jokalari mordo bat Stadium Galen jokatutakoak dira. Nire kasuan, bost denboraldi igaro nituen Real Unionen, denboraldi onak izan ziren nahiz eta kirol aldetik, zenbait urte gaizki pasa. Bi urte oso onak izan ziren, batik bat, Aitor Zulaikaren urteak, eta gelditzeko nahia nuen denboraldian, atzeko atetik irten nintzen. Futbola horrelakoa da, Eneko Romoren erabaki baten ondorioz, kluba utzi behar izan nuen, baina beti bihotzean eramango dudan kluba da Real Union. Omenaldi txiki bat antolatu zuten nire agurrean eta tratu on horrekin geratuko naiz, beti. Geroztik, zortea izan dut Amorebietan egoteko eta aurten bezalako denboraldia bizitzeko. Asko pozten nau Behe Bidasoa Eskualdean Amorebietaren igoera ospatu zela jakiteak.

Beste futbol bat posible dela erakutsi du Amorebietak? 

Zorionez! Oraindik ere horrelako ezuste txikiak sortzen dira futbolaren munduan. Amorebietak demostratu du dena ez dela dirua. 102 taldek parte hartu dute aurten 2.B mailan eta ligako aurrekontu baxuenetakoarekin -klubak 610.000 euro ditu eta lehen taldearen kostua 200.000 eurokoa da- igo gara. Goraipatu eta txalotzekoa da. Gauzak ongi egiten eta zortea aldeko, futbolean balentriak egikaritu daitezkeela frogatu dugu.

Noizbait imaginatu al zenuen bigarren mailan jokatzen? 

Gaztea nintzenean, 25 urterekin, 2.A mailan bi neurketa jokatu nituen. Debuta bai egina dudala, baina egia da behin Real Unionetik irten nintzenean, nire ibilbidea gainbeheran zihoala ikusten nuen. Zortea izan dut Amorebietarekin topatzen, gauzak oso argi eta pentsatuta dituen taldea da eta orain, berriro ere, bigarren mailan jokatzeko aukera izango dut. Niretzat, pertsonalki, ikaragarrizko ohorea da.

Denboraldi bikain honen ostean, zailena egokituko zaizue: 2.A mailan jokatzea. 

Egia esaten badizut, ez da ardura handiena. Momentu honetan, ospakizunetan murgilduta gaude, nolabait, hankak lurrean jartzen ari gara. Konziente gara zer egin dugun, baina asimilatzea falta zaigu. Dena den, datorren denboraldiari begira hasten bagara, lan asko egin beharko dugula argi dugu. Bejondeigula! Guk ilusio guztiarekin hartuko dugu erronka, jakinda oso zaila izango dugula eta neurketa guztiak oso zailak izango direla. Aldi berean, gure arerioek astero oso partidu zaila izango dute gure aurka.

Aritz Mujika, Asier Goiria eta Iñigo Velez de Mendizabal funtsezkoak izan dira igoera honetan:

Futbolariak izan ez diranak ere entrenatzaile edota kirol-zuzendari onak izan daitezke, baina gure kasuan, nabarmentzekoa da hiru izen horien lana. Hirurek filosofia bera jarraitzen dute, eskutik doaz une oro eta taldea baino, lagun arteko taldea osatu dute. Zaila da horrelako zerbait sortzea eta, esango nuke, hori izan dela gure arrakastaren gakoa.

Herrian, Leitzan, zer esan dizute? 

Herriko jendea ezagutu du albistea, herriko seme batek arrakasta izan duela. Futbolean ez da goi-mailako kirolaririk izan, baina aurreko egunean ongi etorri txikia antolatu zidan familiak. Leitzan goi-mailako pilotari eta txirrindulariak ditugu, futbolariak ez hainbeste. Ezusteko harrera izan zen, polita.

Bukatzeko, kanpotik, ausartuko zinateke Real Unionen denboraldiaren balorazioa egiten? Datorren denboraldiari begira, nola ikusten duzu talde irundarra? 

Aitor Zulaika Real Unioneko entrenatzailea izango zela jakin nuenan, argi nuen denboraldi ona egingo zutela. Futbolean ezin da horrelkorik inoiz ziurtatu, baina Aitor ezagutzen dut, badakit Errealean asko garatu dela entrenatzaile gisa eta gaur egun, bazena baino hobeagoa da. Nire ustez, Real Unionen denboraldia apartekoa izan da; beharbada, uneren batean zorteak izkin egin dio taldeari, batik bat, lehen faseko azken lau jardunaldi horietan. Edonola ere, 1. Federazio mailarako igoera lortu zutenean zoriondu nuen Aitor Zulaika, baina, bereziki, urtean zehar eskaini duten jokoarengatik. Aurtengo denboraldian Real Union izan da joko onenetarikoa egin duena eta neurketa askotan, gozamena izan da taldearen jokoa ikustea. Datorren urteari begira, Real Unionek denboraldi txukuna egingo duelakoan nago. 

FRAN JUSTO: “OSASUNA BEHARRETAN DAGO, BAITA GU ERE”
Futbola

FRAN JUSTO: “OSASUNA BEHARRETAN DAGO, BAITA GU ERE”

Real Unionek Osasuna Promesas bisitatuko du bihar Taxoaren

Real Unionek garaipena eskuratzeko bertze aukera bat izanen du bihar, apirilaren 27an,...

REAL UNION ROCAK BETI GAZTE GARAITU ZUEN GALEKO ANEXOAN
Futbola

REAL UNION ROCAK BETI GAZTE GARAITU ZUEN GALEKO ANEXOAN

Letamendiak penaltiz sartutako golari esker jardunaldiko hiru puntuak etxean gelditu ziren

Real Unión Roca: Rodríguez; Arteaga (Fernández,...

REAL UNIONEK BERTZE HIRU PUNTU BATU ZITUEN GALEN
Futbola

REAL UNIONEK BERTZE HIRU PUNTU BATU ZITUEN GALEN

Unionistas de Salamanca garaitu zuten etxean eta jeitsiera postuetatik aldentzen hasiak dira txuribeltzak

Real Unionek garaipen garrantitzusa lortu...

FRAN JUSTO: “HEMENDIK AITZINERA PARTIDU GUZTIAK FINALAK IZANEN DIRA ETA EZIN DUGU DEUS ERE GORDE”
Futbola

FRAN JUSTO: “HEMENDIK AITZINERA PARTIDU GUZTIAK FINALAK IZANEN DIRA ETA EZIN DUGU DEUS ERE GORDE”

Real Unionek Unionistas de Salamanca jasoko du igandean, apirilaren 21ean, Galen 18:00etan

Real Unionek final baten moduko bertze partidu bat jokatu...

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika