BIDASOA TXAPELDUNORDE!
Eskubaloia

BIDASOA TXAPELDUNORDE!

Bidasoaren historian hirugarrenez Sacyr Asobal Ligako bigarren izatea lortu du talde irundarrak. Neurketa bizi baino biziagoan, 29-24 mendean hartu du Fraikin Granollers.

Pozik eta etxeko lanak eginda utziko dute Bidasoa Iker Serranok, Adrian Crowleyk eta Sergio de la Saludek. Hirurek 2018-2019 denboraldiko txapeldunordetza eskuratu zenean taldearen parte garrantzitsu izan ziren, eta lorpen berarekin utziko dute talde irundarra. Bihotza eta burua erabili du Bidasoak bolada bikainean zetorren Fraikin Granollers garaitzeko. Jacobo Cuetararenak atsedenaldira 6 goleko errentarekin iritsi dira eta talde kataluniarrari ezinezkoa egin zaio markagailuari buelta ematea.

Bidasoaren grina.

Artalekun jokatzen zuten denboraldiko azken neurketa izan da gaurko, era berean, garrantzitsuena. Bidasoak bazekien, gogotik prestatu du astean zehar eta lehen zatian, jarrera oldarkor eta ezin hobeagoarekin irten da talde irundarra.

Nahiz eta lehen bi golak talde kataluniarrak egin, azkar batean, lehen zatiko lehen partzial nagusia erdietsi du Bidasoak. De la Saludek eta Julen Aginagaldek birritan, 0-2koa 3-2koan bihurtu dute. Lehen minutuetan, horrelako neurketetan esperientzia duten jokalariek ezarri dute sosegua talde irundarrean. Salinasen eta Crowleyren golen bitartez, 4-3 aurreratu da Bidasoa. Orduan, Granollersek indarrak atera eta Gassamaren bi golen ondotik, 5-5 ezarri du markagailuan.

Neurketa berdinduta zegoelarik, 15.minutuaz geroztik heldu da Bidasoaren kolpe nagusia. 9-6 aurreratu dira, Esteban Salinasek eta Gassamak 9-8 hurbildu dute Fraikin Granollers, baina Bidasoa oso zuzen zuen norabidea. 4-0eko partziala erdietsi du talde irundarrak eta 13-8 aurretik jarri da. Minutu ugari eman ditu Granollersek jokalari bat gutxiagorekin eta garesti ordaindu du lehen zatian. Bi gutxiagorekin ere aritu da talde kanpotarra, Sastre atezainak falta arriskutsua egin dio Caverori eta neurketatik kaleratua izan da.

Erasoan bezain ongi atzean moldatu da Bidasoa. Xoan Ledok 9 geldiketa egin ditu lehen zatian (orotara 14) eta Matheus Da Silva brasildarra gaindiezin aritu da defentsan. Ez bakarrik Da Silva, talde osoaren jarrera defentsan zoragarria izan da. Julen Aginagalderen defentsako jokaladia horren adierazle izan da: Granollersek baloia ostu du, Sergi Francok kontra erasoa sortu du eta atzetik, Julen Aginagaldek, azerien antzera lapurketa itzularazi dio. Horrela, sei goleko alde nagusiarekin joan da atsedenaldira Bidasoa (16-10).

Granollersek saiatu eta Bidasoak eutsi. 

Errenta bikaina zuen Bidasoak, baina eskubaloian gauza zailagoak ere ikusitakoak gara. Antonio Garcia Robledo markagailua irauli nahian temati atera da bigarren zatian, 19-16 hurbildu du Granollers. Alarma gorria piztu beharrean, Bidasoak sosegua erakutsi du eta bikain jakin du lehen zatian eskuratutako aldea mantentzen.

Bigarren zati osoan zehar, lau goleko aldea eroso mantendu du Bidasoak. Hiru goletara hainbatetan gerturatu da Granollers, baina neurketaren kontrola ez du inoiz arriskuan ikusi talde irundarrak. Bigarrenez, Garcia Robledo-Salinas bikoteak hiru goletara gerturatu du Granollers (25-22, 53.minutuan), Granollerseko jokalari inspiratuenak aldea murrizteko esperantzak mantendu dituzte beren taldearentzat.

Estutu ordez, azken bost minutuetan lasaitasuna heldu da. Julen Aginagaldek eta Mikel Zabalak birritan Pol Valera atezainaren atea zulatu dute, Xoan Ledok geldiketa ikusgarria egin dio Esteban Salinasi eta eguneko azken gola, nork eta Sergio de la Saludek sinatu du. 60 minutuak igaro dira, Bidasoak 29-24 irabazi dio Granollersi, Sacyr Asobal Ligako txapeldunorde bilakatu da eta jokalari zein teknikariek denboraldi gogoangarri honen azken garaipena behar bezala ospatu dute. Zoramena piztu da Artalekun, baina eztanda txikia izan da kiroldegia hutsik baitzegoen. Biharko egunean, Bidasoaren 300 zaletuk harrera beroa egiteko beta ezin hobea izango dute.

Fitxa teknikoa 

29 - Bidasoa-Irun (16+13): Ledo (Sierra) Cavero (4), Crowley (1), Julen (5), Salinas, De la Salud (4), Azkue (6, 2 pen.); Racotea (2), Zabala (3), Gey-Emparan, Serrano (4), Tesoriere, Da Silva, Nieto eta Bonanno.

24- Fraikin BM Granollers (10+14): Sastre (Varela ); Lancina, Marc García, Alejandro Márquez (1), Martínez, Gassama (5), Rey (1); Gurri, Pérez (1), Chema Márquez (1), Valera (1), Salinas (7), Franco eta Antonio García (7, 3 pen.).

BIDASOA ERREGE KOPAKO FINALERDIETAN
Eskubaloia

BIDASOA ERREGE KOPAKO FINALERDIETAN

Bidasoa Irunek Caserio Ciudad Real taldeari 43-28 irabazi dio final laurdenetan

Bidasoa Irunek Errege Kopako finalerdietara sailkatzea lortu du,...

JACOBO CUETARA: “ILUSIOZ ETA PRESIORIK GABE GAUDE”
Eskubaloia

JACOBO CUETARA: “ILUSIOZ ETA PRESIORIK GABE GAUDE”

Bidasoa Irunek Errege Kopako Azken Fasea jokatuko du asteburuan, denboraldiari bukaera emateko

Bidasoa Irunek Errege Kopako Azken Fasea jokatuko du...

BIDASOAK GALDU EGIN ZUEN ASOBAL LIGAKO AZKEN JARDUNALDIAN
Eskubaloia

BIDASOAK GALDU EGIN ZUEN ASOBAL LIGAKO AZKEN JARDUNALDIAN

Cuencak 29-26ko markagailuarekin irabaztea irabazi zion talde horiari, Plenitude ASOBAL Ligan segitzeko helburua lortuz

Bidasoa Irunek galdu egin...

ZAISA BIDASOA IRUN ESPAINIAKO SEKTORE FASEAN
Eskubaloia

ZAISA BIDASOA IRUN ESPAINIAKO SEKTORE FASEAN

Kadete mailako gizonezkoak Kantabrian egonen dira asteburuan B multzoan Sektore Fasea jokatzen

Zaisa Bidasoa Irun, Bidasoako kadete mailako gizonezkoak,...

JACOBO CUETARA: “TXAPELDUNORDE IZATEAREN ARDURA IZANEN DUGU AZKEN PARTIDUAN”
Eskubaloia

JACOBO CUETARA: “TXAPELDUNORDE IZATEAREN ARDURA IZANEN DUGU AZKEN PARTIDUAN”

Bidasoa Irunek Plenitude ASOBAL Ligako azken jardunaldia jokatuko du, Cuencaren kontra eta matematikoki txapeldunordetza lortuta

Plenitude ASOBAL...

BIDASOA IRUN ASOBAL LIGAKO TXAPELDUNORDE
Eskubaloia

BIDASOA IRUN ASOBAL LIGAKO TXAPELDUNORDE

Puerto Saguntoren kontra irabazita, talde irundarrak matematikoki lortu du bigarren postuan sailkatzea, baita Europako txapelketarako sarbidea...

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika