C.C.IRUNESEK DENBORALDIKO AURKEZPENA EGIN ZUEN ATZO

Ostiral arratsaldean Irunes Txirrindularitza Klubak aurtengo txirrindulariak eta lasterketak aurkeztu zituen Iñigo Lavadon

Atzo arratsaldean, Iñigo Lavado jatetxean, C.C. Irunes txirrindularitza klubak aurtengo denboraldiko taldeak eta antolatu behar dituzten lasterketak aurkeztu zituen ospakizun batean. Horrez gain, Juanma Garatek, txirrindulari profesional ohia eta Education First-eko zuzendariak, Pablo Huarte omendu zuen kirol honetan egindako lanarengatik.

Edurne Izagirrek, klubeko presidenteak, aurkezle lanak egin zituen atzo, eta alebin, infantil, kadete eta junior mailako txirrindulariak ezagutzera eman zituen, baita gazte hauekin lan egiten duten entrenatzaile eta laguntzaileak ere. Gainera, bi urteren ondoren, txirrindulariak berriz ere martxan jarriko direla aipatu zuen, eta zenbait lasterketa berreskuratuko dituztela, hala nola, San Pedro proba, Juanma Garate martxa eta Juanma Garate Txiki lasterketa. Azkeneko bi hauek Juanma Garatek berak azaldu zituen, eta txikientzako lehiaketa ekainaren 19an ospatuko dela aipatu zuen. Hau, Bidasoa Atletiko Taldearekin batera antolatu duten duatloia bat izango da.

Garatek ere, txirrindulari gazteei animoak eman zizkien egiten duten hortan jarraitzeko eta disfrutatzeko: “Kategoria hauetan asko disfrutatu behar duzue, txirrindularitzaren urte politenak dira. Ikastera, kirola egitera eta bizi guztirako izango diren lagunak ezagutzera animatzen zaituztet. Gurasoei ere eskerrak eman nahi dizkiet, beraiek gabe oso zaila da txirrindularitza bezalako kirol ibiltari batean jarraitzea”.

Txirrindulari irundarrak gainera, Pablo Huarte klubeko presidente ohia omendu nahi izan zuen, klubarengatik eta kirol honengatik egin duen guztiagatik. Horretarako, urrezko intsignia bat oparitu zion aitortza moduan. Huarte, malkoen artean, eskertuta azaldu zen oparia jasotzeagatik eta bere emaztearekin partekatu nahi izan zuen saria.

Aurkezpenaren bukaeran, Edurne Izagirrek denboraldi honi “ilusio handiz” ekiten diotela onartu zuen. “Aurreko denboraldietan kategoriako batzuk ezin izan zuten lasterketarik egin, eta bi urte egon dira korritu gabe. Beraien prestaketa beraz, oso desberdina izango da, finagoa. Baina hala ere, ilusio handia dute eta gogoz daude berriz ere lasterketak ematen dizun urduritasun hori sentitzeko eta lorpenak eskuratzeko”, gaineratu zuen.

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika