“ESPAINIAKO TXAPELKETAN EMAITZA ONA LORTU ETA ATLETISMOAZ DISFRUTATU NAHI DUT”

Hiru itzuli eta beste hiru laurden ematen dizkio atletismoko pistari. Beste modu batera esanda, 1.500 metroetako probetan aritzen da. Urtebeteko lesioari eta denok pairatu behar izan dugun pandemiari aurre egin behar izan dio. Etxetik kanpo, gainera; izan ere, irundarra izaki, Leonen ikasi eta lehiatzen da. Bidasoa Atletiko Taldeko harrobiko lasterkaria, Ohorezko Mailan aritzen den Sprint Leon taldea defendatzen du egun. Ezagutu dezagun, Miren Martin lasterkari irundarra:

Urtebete lehiatu gabe egon eta gero, zaila izaten da lehiaketara bueltatzea. Ligetako lehen jardunaldian bueltatu eta garaipena erdietsi zenuen 1.500 metroetan. Nola ikusi zenuen zure burua lasterketan zehar?

Lasterketa nahiko urduri hasi nuen, banekien forman nintzela entrenamendu onak egiten ari nintzelako, baina pandemiarengatik eta lesioengatik urtebete igaro dut lehiatu gabe eta horrek urduritasun puntu bat sortzen zuen nigan. Urduri, baina gogotsu aldi berean. Lasterketa ona egin nezakela uste nuen eta horrela atera zen. Lehenengo postua erdietsi nuen, 4’31’’-tan geratu nuen kronoa eta oso konten nago lortutako garaipenarekin.

23 urtez azpiko denbora minimoa lortzeko 9’’-etara geratu zinen. Hurbil duzu Europako Txapelketan jokatzeko

Ez dago urruti. Denboraldiaren helburuetako bat izan liteke, baina etorkizun hurbilean egunez egun entrenatzea dut xede. Pixkanaka nire markak hobetu nahi ditut eta gero gerokoak etorriko dira. Dena den, Europako Txapelketan aritzea gustatuko litzaidake eta presente dudan helburu bat da.

Kirol gogorra da atletismoa eta 1.5000 metroetako proba ere gogorra da: 

Bai, oso gogorra da. Nire markatik oso oso gertu geratu nintzen (4’26’’), baina zaila izaten da urtez urte lortutako markak hobetzea. Egun, marka hori ontzeko egoeran nagoela uste dut. Entrenamenduak oso ondo ateratzen ari zaizkit eta datozen kontrol eta probetan nire marka hobetzeko aukerekin nagoela. Hori gauzatzeko topera entrenatzen ari naiz.

Leongo Sprint taldeko lasterkaria zara. Zenbat urte darmatzazu bertan? 

Honekin, hiru urte daramatzat Leonen lehiatzen. 2017ko denboraldian Bidasoa Atletiko Taldean aritu nintzen, taldez aldatu eta Sprint Leonekin korrika egiten hasi nintzen. Ordutik, hiru denboraldi daramatzat Leongo taldean.

Zer dela-eta izan zen aldaketa? 

Leonera ikastera eta entrenatzera etorri nintzen. Talde txukuna osatu zuten Sprint Leonen eta klubean lehiatzea eskaini zidaten. Baiezkoa eman nien eta oso pozik nago hartutako erabakiarekin. Duela bi denboraldi Ohorezko Mailara igotzea lortu genuen eta gaur egun Espaniako onenen artea gaude lehiatzen.

Leon, kirola arloan, erraztasun handiak eskaintzen dituen hiria da? 

Leonen bertan Errendimendu Altuko Zentroa eta bi atletismoko pista ditugu. Unibertsitateak berak atletismoko pista bat du, baina bertan ez du inork entrenatzen. Errendimendu Altuko Zentroan medikuak, entrenatzaileak eta psikologoak ditugu. Errendimendua hobetzeko ezinbestekoak diren elementu guztiak ditugu bertan. Guretzat, oso erosoa horrelako zentroetan entrenatzea.

Nola moldatzen zara ikasi, ikasketen praktikak egin eta entrenamenduak antolatzeko? 

Duela hiru urte Leonera iritsi nintzela eta gogorrena lehena izan zen. Nahiz eta lehen egunetik oso gustora izan naizen, lehen urtekoa aldaketa handia izan zen niretzat. Denborak aurrera egin ahala, lagunak egin eta primeran egokitu nintzen bizimodu berri honetara. Hasiera-hasieratik Sprint Leonen oso harrera ona egin ninduten eta gaur egun esan dezaket atleta-ikaslearen bizimodura guztiz egokitu naizela.

Kirol-beka izateak eta urtean zehar burubelarri atletismoan zentratuta egoteak presioa eragiten al du? 

Bai, nabaritzen da. Nire kasuan, Leonera etorri nintzen kirol-beka eskaini zidatelako. Bestela, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzak gradua Gasteizen ikasi beharko nuke. Hasiera batetik, presioa nabaritzen duzu zugan jarri duten konfiantzari erantzun ona eman nahi diozulako. Lehen urtean nabaritu nuen gehien, orduz geroztik ondo egokitu naizelakoan nago. Gaur egun, ez dut entrenamenduetan eta lehiatzeko orduan presiorik sentitzen.

Gustukoa duzu presioa? 

Ez, presioa ez dut gustuko. Kosta egin zait, baina lasterketek presioa kudeatzeko gaitasuna eman didate.

Presioa izanik ala ez, min hartuta egon osteko lehen aukeran, presio guzti hori kendu zenuen lehen postua eskuratuta. Orain, non kokatzen duzu zure burua?

Helburu nagusia nire marka hobetzea eta entrenamendu onak egiten jarraitzea da. Urtebete lehiatu gabe egon naiz eta gogotsu nago lehiatu eta nire bertsio onena emateko. Denboraldi hasieran zenbait helburu jarri nizkion nire buruari: Espainiako Txapelketa batean nire onena ematea eta disfrutatzea. Pandemia eta lesioen erruz, azken bi urteetan ezin izan dut Espainiako Txapelketetan nire onena eman. Egoera hori irauli nahi dut, emaitza on bat eskuratu eta disfrutatu nahi dut.

Entrenatzeko orduan, behar duzu norbait zure atzetik ibiltzea edo entrenatzailearen aginduekin aski duzu dena emateko?

Entrenatzaileak dioena egin behar da eta ez dago besterik. Alde horretatik, entrenatzailearen gomendioak beti dira baliagarriak guretzat eta berak esandakoa jarraitzen dugu. Taldekideak baino, lagunak gara eta atleten artean asko laguntzen dugu elkarri. Horrek ere eguneroko lana arintzen du. Irunen eta Donostian bakarrik entrenatzen nuen eta horrek ere eragina du entrenatzeko unean. Entrenatzailearen lanaz gaindi, entrenamendua bukatu orduko nire anaiari deitzen diot egin dudanaz jakinarazteko.

Sprint Leon eta Bidasoa Atletiko Taldea Espainiako Ohorezko Mailan daude sailkatuta. Elkarren aurka lehiatuko zarete? 

Ez nago ziur. Bigarren neurketan Valladoliden izango dut eta ez gara beraien aurka arituko. Agian, ekainean jokatuko den hirugarren neurketan elkarren aurka arituko gintezke.

Jokatzekotan, pena emango lizuke zure harrobiko taldearen aurka irabaztea? 

Pena pixkat emango lidake (barrezka). Duela bi urte, Ohorezko Mailara igo ginenean, Bidasoa Atletiko Taldearen aurka lehiatu ginen; beraz, ez zait arrotza egingo nire harrobiko taldearen aurka jokatzea.

Entzun osteguneko Kiroletik saioan egin genion elkarrizketa:

 

ARANTXA AUSAN EUROPAKO TXAPELDUN W50-KO 60 METROKO HESI LASTERKETAN

Abel Castañaresek zilarrezko domina eskuratu zuen M65 kategoriako 8 kilometroko krosean

Europako Master Txapelketa ospatu zen pasa den astean,...

ALEJANDRO ESTEBAN ETA UNAX ERASO LAUGARREN ETA HAMARGARREN ESPAINIAKO JAURTIKETA LUZEKO TXAPELKETAN

Estebanek xabalina-jaurtiketan lortu zuen laugarren postua eta Erasok hamargarren mailu-jaurtiketan

Espainiako Neguko Jaurtiketa Luzeko Txapelketa...

AIMAR OTXOTEKOK IRABAZI DU LESAKAKO V MENDI LASTERKETA

Lesakarrak 2019ko lehen edizioko errekorra hautsi zuen, ordubete eta hamar minutuan osatuz 14 kilometroko ibilbidea

Aimar Otxoteko Larrarte...

CARLA MARTINEZEK ETA LAIA OLASCOAGAK URREZKO ETA BRONTZEZKO DOMINAK ESKURATU DITUZTE ESPAINIAKO 20 URTEZ AZPIKO TXAPELKETAN

Horiez gain, BATeko bertze zazpi atletek hartu dute parte Espainiako Txapelketan

Bidasoa Atletiko Taldeak parte hartze handia izan du...

BIDASOA ATLETIKO TALDEKO MASTERRAK URREZKO LAU DOMINA ESKURATU DITUZTE ESPAINIAKO TXAPELKETAN

Hauez gain, 16 urtez azpiko hiru atleta aritu dira txapelketa berean lehian estreinakoz

Donostian ospatu zen Espainiako Pista Estaliko Master...

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika