JUANMA GARATE TXIKI DUATLOIA OSPATUKO DA IGANDEAN

Irunes Txirrindularitza Taldeak eta Bidasoa Atletiko Taldeak elkarlanean antolatu dute ekitaldia

Igande honetan, ekainak 19, Irunes Txirrindularitza Taldeak eta Bidasoa Atletiko Taldeak Juanma Garate Txiki duatloia ospatuko dute Irungo erdigunean. Ekitaldiaren helburua jendartean jarduera fisikoa sustatzea da, bereziki txikienen artean. Horretarako, eguneko lasterketa nagusia benjamin, alebin eta infantil mailako gaztetxoei zuzenduta egongo da.

Juanma Garate Txiki duatloia lehen aldiz ospatuko da Irunen, eta orain arte bikoteka egiten zen lasterketaren ordezkaria izango da. Benjamin, alebin eta infantil mailako gazteek parte hartu ahal izango dute txirrindularitza eta korrika bateratzen dituen lasterketa honetan. Probaren ibilbidea maila desberdinetara egokituko dela adierazi dute antolatzaileek. Hala ere, beste adinetako jendearentzat ere ekitaldiak egongo dira goizean zehar.

Egunari hasiera emateko, 9:30ean, TtipiTtapa paseoa ospatuko da sektore beteranoarekin. 10:15ean SALTO Systems 4x1 milia errelebo lasterketa egingo da. Oraingoan ere, lasterketa hau bigarren hezkuntzako gazteentzat ireki dute. 11:00etan kirol egokituaren txanda izango da. Lehendabizi, gurpildun aulkiak eta handbike-ak aterako dira lasterketan parte hartzera, eta 11:15ean berriz, adimen-desgaitasuna dutenek osatuko dute ibilbidea. 11:30ean Juanma Garate Txiki duatloia ospatuko da eta egunari bukaera emateko, 13:00etan, milia solidarioa lasterketa korrituko da Gipuzkoako Minbiziaren Kontrako elkartearen alde.

Internet bidezko izen-emateak irekita egongo dira larunbateko, ekainak 18, arratsaldeko 20:00ak arte, kirolprobak.com webgunean. Hala ere, egunean bertan, irteeran, aukera hori zabalik egongo da oraindik. Errelebo lasterketan parte hartzeko, 28 euro oraindu beharko dira talde bakoitzeko, 7 euro pertsonako. Duatloiak aldiz, 3 euroko kostua izango du. Gainera, aurten, ekitaldiaren oroimenezko kamiseta salgai egongo da 5 euroan. Bildutako diru guztia Gipuzkoako Minbiziaren Kontrako elkarteari bideratuko zaio.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, ohiko zerbitzuak ere emango dituzte goizean zehar, hala nola, anoa-gunea helmugan, kontsigna-zerbitzua eta aldagelak eta dutxa Artalekun. Ekitaldia amaituta, bertaratutakoei luntx bat eskainiko zaie Iñigo Lavadoren eskutik.

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika