KORUÑA MADARIKATUA
Arrauna

KORUÑA MADARIKATUA

(Argazkia: Eusko Label Liga)

Galiziako lehen jardunaldi bikaina bezain makurra izan zen bigarrena. Eusko Label Ligako lehen bandera eta lidertza ostu zion Santurtzik. Emakumezkoen traineruak azken postuan bukatu zuen asteburua, gizonezkoena bigarren.

Koruñako urak madarikatuak daude Hondarribi Arraun Elkartearentzat. Larunbateko jardunaldia bikaina izan zen traineru hondarribiarentzat, dena aldeko zuten gaur bandera lortzeko, baina pasa den urteko mamuak berriz agertu dira. Lehen ziabogan, pala txikia hautsi eta ziabogak emateko garaian zailtasunak izan dituzte. Erabakigarriak izan dira segundu horiek eta Santurtzik lehen jardunaldian galdutako 14 segunduak berreskuratu ahal izan ditu.

Emakumezko taldeari dagokionez, lehen jardunaldi kaxkarraren ostean, gaurko estropadan garaile izan den Oriotik eta bere jarraitzaileetatik, Arraun Lagunak eta Donostiarra, gertu ibili da. Iker Kortesen arraunlariek, hobekuntza nabaria izan dute asteak aurrera egin duen heinean. Euskotren Liga ere ikusgarria izango da.

Asteburua ezin borobildu, beste behin. 

Eusko Label Ligako aurkezpenean egin zen zozketaren arabera, lehen txandan Ondarroa, Zierbena eta Urdaibairekin batera lehiatzea egokitu zitzaion ‘Ama Guadalupekoa’ traineruari. Nahiz eta lehen luzean txandako ‘proa’ Zierbenak izan, ziaboga eman ostean, Hondarribia Arraun Elkarteak bere nagusitasuna erakutsi zuen. Azken urteetako arraunkera zoragarria hartu eta estropadako minutuak aurrera egin ahala aurkariekiko aldea handitzen joan zen traineru hondarribiarra. 24 segundu jan zizkion Zierbenari, 37 Ondarroari eta 50 Urdaibari. Sekulako estropada egin zuten Mikel Orbañanosenek. Bigarren txandatik, Santurtzi izan zen Hondarribiarekiko gertuen ibili zen ontzia, horri ere 14 segunduko aldea atera zion Hondarribia Arraun Elkarteak. ‘Ama Guadalupekoa’ Eusko Label Ligako lehen lider gisa kokatu zen, Koruñako estropada irabazteko dena aldeko zuelarik.

Dena aldeko zuen bai, baina Koruñan ezin duzu inoiz garaipenak arraun egin aurretik ospatu. Aurreko urtean bezala, Koruñako bigarren estropada zorigaitzekoa izan da Hondarribia Arraun Elkartearentzat. Lehen ziabogan pala txikia apurtu zaio Urko Redondo aurrekalariari eta pala botatzeagatik hiru segunduko zigorra ezarri diote Hondarribia Arraun Elkarteari. Zigorra ez da erabakigarria izan; ziabogetan galdutako denbora, ordea bai. Ziaboga guztietan Santurtzik denbora jan dio eta azkenean, 19 izan dira atera dizkion segunduak. Eguneko denborarik onena lehen txandatik Urdaibarentzat izan da, asteburuko bi denborak kontuan hartuta Santurtzik eskuratu du aurtengo ligako lehena eta Hondarribia seigarren kokatu da sailkapen orokorrean, Santurtzirekiko 7 puntutara.

Hobekuntza nabaria.

Laugarren kaletik eman zituen emakumezkoen Hondarribia Arraun Elkarteak Euskotren Ligako lehen estropada. Egia esan, zailtasun handiak izan zituen hasieratik Arraun Lagunak, Donostiarra eta Orio berdintzeko. Denbora askotxo galdu zuen talde berdearen ontzi zuriak, 30 segundu. Aurretik, hiru ontziak bost segunduren buruan ibili ziren eta Arraun Lagunak izan zen eguneko talde azkarrena. Donostiarrak bukatu zuen bigarren postuan eta Orio izan zen eguneko hirugarren sailkatua.

Gaurko jardunaldian, ordea, Iker Cortesen taldea ondo berreskuratu da eta Euskotren Ligako aurkarietatik hurbilago mantendu da. Estropada osoan zehar, hirugarren postuan izan da Hondarribia Arraun Elkartea, bigarren postuan geratu den Arraun Lagunak ere estu hartu du, baina azken metroetan, atzeti Donostiarrakek aurreratu dio eta azken sailkatu gisa helmugeratu da. Emaitzak emaitza, Hondarribia Arraun Elkarteak estropadak lehia ditzakeela erakutsi du. Oriok estropada eta bandera bereganatu zuen, Arraun Lagunaki atera behar zizkion 5 segunduak lortu ditu.

 

SANTIAGOTARRAK KLUBAK UDAKO IKASTAROAK ESKAINIKO DITU
Arrauna

SANTIAGOTARRAK KLUBAK UDAKO IKASTAROAK ESKAINIKO DITU

Ur lasaietan, ur bizietan eta arraunean izanen dira ikastaroak

Santiagotarrak klubak ere udako ikastaroak eskainiko ditu ekaina bukaeratik iraila...

HONDARRIBIKO EMAKUMEAK LEKEITIKO BANDERAREN IRABAZLEAK
Arrauna

HONDARRIBIKO EMAKUMEAK LEKEITIKO BANDERAREN IRABAZLEAK

Gizonezko lehen traineruak hirugarren postua eskuratu du Euskadiko Txapelketan

Hondarribia Arraun Elkarteko emakumeek Lekeition garaipena eskuratu...

PIRAGUA ETA ARRAUN IKASTAROAK ESKAINIKO DITU UDAN HONDARRIBIA ARRAUN ELKARTEAK
Arrauna

PIRAGUA ETA ARRAUN IKASTAROAK ESKAINIKO DITU UDAN HONDARRIBIA ARRAUN ELKARTEAK

9 eta 11 urte baino gehiago dituzten gazteentzat zuzenduak egonen dira udako ikastaroak

Hondarribia Arraun Elkarteak piragua eta arraun ikastaroak...

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika