“MUNDIALEAN LEHIATZEKO AMETSA BETEKO DUT, EZIN DUT SINETSI”

Flandesen jokatuko den txirrindularitzaren Munduko Txapelketara joan aurretik, Haimar Etxeberria txirrindulari irundarrak Antxeta Irratiko Kiroletik saioan parte hartu du.

Asteburuan Flandes bidean jarriko zara eta Mundialean lehiatuko zara, zer sentitzen duzu?

Erlojupeko eta ordekako lasterketetan lehiatuko naiz, junior mailako Munduko Txapelketan. Azken aste hauetan, Espainiako selekzioarekin hautatua izan naiz eta Hungrian eta Txekiar Errepublikan lehiatu naiz. Lehenik, ‘Nations Cup’ kriteriumean eta bigarrenik, Bakearen Lasterketan deritzonan. UCI-k antolatzen dituen lasterketak dira biak eta lehen lasterketan birritan sailkatu nintzen lehen hamarren artean. Ondo sentitu nintzen eta Txekiar Errepublikan etapa batean bosgarren egitea eta beste batean zortzigarren egitea erdietsi nuen.

Zer moduzkoa izango da Flandeseko erlojupekoa? 

Hemen lehaitzen ditugunen desberdina. Orain artean aritu naizen erlojupekoetan maldak izan dituzte; Flandeseko erlojupekoa, aldiz, dena laua da. 23 kilometroetako erlojupekoa izango da eta ia bi zuzenguneetan bana daiteke. Modu batera edo bestera moldatuko naiz, baina bertan lehiatzea jada izugarria iruditzen zait. Bakearen lasterketan garaile irten diren izenak errepasatu nituen eta denak nituen ezagunak.

Adibidez?

Kwiatowski, Pogacar, Evenepoel…

Eta ordekako lasterketari buruz, zer esan?

Ordekako lasterketa oso polita izango delakoan nago. Flandeseko Tourreko ibilbideak hartuko ditugu, galtzadetan ere murgilduko gara.

Flandes eta Belgikak badute xarma berezia txirrindularitzan, ezta? 

Bai. Mundiala bertan jokatuko dut eta ezin sinetsi nabil. Profesionalen aldamenean izango naiz, gainera. Ez hori bakarrik, Belgikan modu berezian bizitzen da txirrindularitza eta zale ugari lasterketara bertaratuko direla espero da. Ezingo dut horrelako esperientzia inoiz ahaztu.

Garaipen bereziak eskuratu dituzu aurten, horien artean, Gervais kalsikoa. Mugarria izan al zen zuretzat? 

Baietz esango nuke. Lasterketaren aurretik aitak hirugarren postuan bukatzeko aukerak nituela esan zidanean, ezezkoarekin erantzun nion. Arratsaldea iritsi zen, dena eman nuen, garaipena eskuratu eta Gipuzkoako errekorra ere ondu nuen. Hori ere ikaragarria izan zen.

Denboraldi erditik aurrera, zure txirrindan ibiltzeko era aldatu dela esango zenuke? 

Behin, Alaphilippekin identifikatzen nintzela esan nizuen eta horrela mantentzen dut. Erlojupekoan hobetu dut, baina azkeneko metroetan bizitasuna izaten jarraitzen dut. Mendi altuetan gehiago sufritu dezaket, baina hain malkartsuak ez diren horietan nire errendimendua ona izan ohi da.

Lehengusuarekin laguntza garrantzitsua al duzu? 

Lehengusua nutrizionista da eta jan behar dudana zehazten dit. Beregan konfiantza osoa dut eta, momentuz, ondo bidean naiz bere lanarekin ere.

Datorren urtean Bidasoako Itzulian ikusiko al zaitugu?

Niretzat Bidasoako Itzulia Tourra bezalakoa da. Betidanik jarraitu dut eta datorren urtean lasterketa lehaitu nahi dut. Ondo ezagutzen ditut inguruko maldak eta helburu polita litzateke hemen etaparen bat eskuratzea. 

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika