ORTZIRALEKO PARTIDARAKO PILOTAK AUKERATU DITUZTE LAU PILOTARIEK

Hendaiako Daniel Ugarten arituko dira Laso-Imaz eta Peña II-Eskiroz bikoteak aurrez aurre

Bixintxo besten harira, pilota jaialdia izanen da bertze urte batez Hendaiako Daniel Ugarte pilotalekuan. Ortzirale honetan ospatuko dira partidak eta gaueko nagusienean Laso-Imaz eta Peña II-Eskiroz bikoteak arituko dira aurrez aurre. Hasiera batean, Mariezkurrena zen Peña II.arekin bikotea osatu behar zuena, baina eskuan min hartuta, Iosu Eskiroz arituko da bigarren aldiz tolosarrarekin.

Atzo eguerdian egin zuten lau pilotariek ortziraleko saiorako material hautaketa. Frontoia probatu ondotik, Jose Angel Balanza `Gorostiza´ren laguntzarekin, pilotak aukeratu zituzten. Ez zen lan erraza izan, Unai Lasok aipatu zuen moduan, “frontoi azkarra da, agian azkarrenetakoa, eta kosta egin zaigu bi bikoteei pilotak hautatzea”. Hala ere, nafarrak gustuko du Hendaiako pilotalekua: “Oso frontoi polita da. Nik askotan jokatu dut hemen eta beti ongi atera zait. Oso aproposa da tantoa bukatzeko, baina defenditzeko zaila da. Hala ere, hemen gustura jokatzen dut, pilotaleku azkarra delako eta ea horrek konfidantza ematen digun eta aldea gurea den”.

Bikote aurkariaren inguruan, aldaketa bat egonen da ortziralera begira. Izan ere, Mariezkurrenak eskuan min hartu du eta oraindik ez dago jokatzeko prest. Bere ordez, pasa den igandean bezala, Iosu Eskiroz arituko da. Lasori Mariezkurrenaren kontra ez jokatzeak pena ematen dion arren, seguru dago Eskirozek bere lana ongi beteko duela: “Pena handia da Jonek ez jokatzea eta berari ere amorrua ematen dio partida guztiak ez jokatzeak, baina eskua errekuperatu behar du. Iosuk izugarrizko lana egin zuen joan den astean eta pilotari oso konpletoa da. Lehenengo mailako pilotekin ere ondo aritzeko gai da eta, nahiz eta hau atzelarientzat frontoi zaila den, partida ona eginen du”.

Ander Imazek ere Eskirozen gaitasunak azpimarratu zituen. “Atzelari desberdina” dela adierazi zuen, “baina igandean partida ona egin zuen eta konfidantzarekin dator”. Oiartzuarrak “frontoi oso zaila” dela ere onartu zuen eta “edozeinek irabazi”dezakeela. Horregatik, Laso eta bere helburua ortziralean lana ondo egitea izanen da: “Partida oso gogorra izanen da, baina gogoz gaude. Atzelarientzat batez ere zaila da, eta frontoi desberdina da. Hala ere, ahalik eta mailarik onena eman behar dugu”.

Peña II.a da Hendaiako frontoia lehen aldiz probatuko duen pilotari bakarra. Gustukoa izan zuen arren, eurentzat egokiena ez dela ere aipatu zuen: “Frontoia gustatu zait, baina aurkariak ikusita, ez da guretzako egokiena. Oso azkarra da, lurra batez ere, eta iniziatiba hartzen saiatu behar gara. Hori lortuta, puntu asko irabazi ditzakegu”. Hori izanen da bikote honen jokoaren gakoa hain zuzen ere: “Unaiek abiadura asko ematen dio pilotari eta horrek defentsan zailtasunak sortuko dizkigu, eta lurrak ez du asko laguntzen. Aldiz, hori gure alde egonen da erasoan gaudenean eta iniziatiba hori lortzen saiatu behar gara”. Eskirozen inguruan ere hitz pilotak izan zituen tolosarrak eta “Iosurekin jokatzea erraza” dela erran zuen, “segurtasuna ematen du eta oso pilota gutxi galtzen ditu”.

Bertze nafarrak ere ezaguna zuen Daniel Ugarte eta berak ere lekuaren azkartasuna azpimarratu zuen. Hala ere, Eskirozek “hori ez dela aitzakia” ere argi utzi nahi izan zuen, “lauentzat frontoi bera delako”. Horrela, “borrokatzera aterako” direla ere jakinarazi zuen. Partida gogorra izanen den arren, Iosuk ortziralekoa aukera handi baten moduan ikusten du: “Jon ez dago oraindik ateratzeko eta niri deitu didate berriz ere. Ilusioa egiten dit eta eskertzekoa da aukera hau. Ni disfrutatzera aterako naiz eta irabazten badugu, ongi. Bestela ere, maila ematearekin pozik geratuko naiz”.

Jaialdi ederraz gozatu ahal izanen dute, beraz, eskuraldeko pilotazaleek Daniel Ugarten ortzirale honetan. Mikel Larralde Endaiarrak Pilota Taldeko ordezkariak jaialdia “bide onetik” doala adierazi zuen. “Hamargarren urtea da” Larraldek jaialdi hau ospatzen duela eta “esperantza” du “ohiturarekin segitzea eta behintzat partida bat Iparraldean egitea”. Izan ere, “eskualdeko jende aunitz etortzen da eta guk hori nahi dugu, urtean behin horrelako partida bat eskaintzen jarraitzea”, onartu du.

Nahiz eta sarrera asko salduta dauden dagoeneko, oraindik ere “150 bat” salgai daudela jakinarazi zuen Larraldek. Hauek eskuratzeko (+33) 687 53 73 13 zenbakira deitu beharko da edota endaiarrak.euskalpilota@orange.fr helbidera idatzi. 

LESAKAKO 4 T´ERDIKO SAN FERMIN TXAPELKETAN PARTE HARTZEKO IZEN EMATE EPEA IREKI DUTE

Arkupe elkarteak antolatutako lehiaketa izanen da eta Benito Taintaren omenez eginen dute

Arkupe elkarteak San Ferminetako 4 t´erdiko Pilota Txapelketa...

IKER AMIANOK ARKUPE PILOTAREN ESKUZ BINAKAKO LEHEN TXAPELKETAKO FINALA JOKATUKO DU LANDAREKIN BATERA

Egurrola eta Calvo izanen dituzte arerio martxoaren 2an Lesakako udal pilotalekuan

Lesakako Arkupe pilota elkarteak lehen aldiz antolatu du eskuz...

MARIEZKURRENA MIRANDAK ETA AMUNARRIZ IZAGIRREK IRABAZI ZUTEN BIXI-BIXI PALA TXAPELKETA

Finalean Igiñiz Barrio eta Del Frade izan zuten aurkari eta 22-16ko markagailuarekin irabazi zieten

Bixi-Bixi emakume pala txapelketa azkarra...

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika