THOMAS HIRIBARNE TXAPELKETAN PARTE HARTU DU LUR ALAI SQUASH KLUBAK

Xabi Azaldegi klubeko hernaniarrak lortu zuen bigarren postua

Thomas Hiribarne jokalari ohiaren omenezko open nazionala jokatu zen Baionan pasa den asteburuan. Bertako 64 klubak antolatuta, bigarren aldiz ospatu zen lehiaketa eta bertan Lur Alai Squash Klubeko bortz jokalarik hartu zuten parte, maila ona erakutsiz gainera. Izan ere, Xabi Azaldegi txapeldunorde izan zen eta Gorka Arretxe klubeko ordezkaria ere zazpigarren sailkatu zen.

2021ean, bizikleta istripu baten ondotik hil zen Thomas Hiribarne baionarra. Squash jokalaria zen eta bere omenez, bigarren aldiz ospatuko dute open nazionala Baionako 64 squash klubak. Frantziako txapelketarako puntuagarria den lehiaketa da eta guztira, 54 jokalari bildu ditu aurten, tartean Lur Alai Squash Klubeko bortz.

Ortziralean hasi eta igandera bitarte luzatu zen txapelketa eta jokalariek postu guztiak jokatu zituzten, bortz seteko partiduak lehiatuz. Irundar klubekoek emaitza onak lortu zituzten, aipagarriena Xabi Azaldegiren bigarren postua izanik. Finalera iristea lortu zuen hernaniarrak eta, nahiz eta finalean Nicolas Florian tolosarraren kontra 3-0 galdu, txapeldunorde izan zen. Gorka Arretxek ere zazpigarren postua eskuratu zuen, Iñaki Garciak hamargarrena, Javi Fernandez 22. eta Juan Antonio Maruganek 30.

Gorka Arretxe klubeko ordezkariak azaldu digunez, “harreman estua” dute Baionako klubarekin eta sari banaketan adierazi zuten moduan, “ilusioa egiten die baionarrei gu bertan egotea. Gainera, gure jokalariek erakutsitako maila ere goraipatu zuten”.

Euskal Herriko herrialdeen arteko txapelketa Baionan

Honen ondotik, Lur Alai Squash Klubekoek Baionan izanen duten hurrengo hitzordua Euskal Herriko herrialdeen arteko txapelketa izanen da. Irailaren 9an ospatuko da eta, lehen aldiz, Iparraldean eginen dela adierazi du Arretxek. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa eta Lapurdiko ordezkariak izanen dira lehian hirugarren edizio honetan. 

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika