AIRE LIBREKO DENBORALDIARI EKIN DIO BIDASOA ATLETIKO TALDEAK

Bidasoa Atletiko Taldeko bi taldeek Euskadiko Txapelketan maila ona eman zuten. Gizonezkoak podiumeko bigarren koskara igo ziren eta emakumezkoak hirugarrenera.

Pasaden asteburuan Bidasoa Atletiko Taldeko lasterkari eta jauzilariek aire libreko denboraldiari hasiera eman zioten. Donostiako Atletismo Pistan Euskadiko Taldekako Txapelketa jokoan jarri zen eta talde bidasotarraren partaideek maila ona eman zuten. Podiumeko bigarren koskara igotzeko helburuarekin bidaiatu zuten bi taldeak, baina gizonezkoek soilik lortu zuten esperotakoa. Emakumezkoen taldeak, baja ugari eta garrantzitsuekin, hirugarren postuan bukatu zuen txapelketa.

Bidasoa Atletiko Taldeko ordezkarien aburuz, “Euskadiko Kluben arteko txapelketa beti da hitzordu polita. Aire libreko lehiaketen denboraldiari hasiera ematen dio eta motorrak berotzeko oso baliagarria da. Ohorezko mailako ligako eta lehen mailako jardunaldi garrantzitsuak ditugu aurretik eta erakutsitako maila ikusita, aurten emaitza onak espero ditzakegula uste dugu”.

Ozta-ozta helburua beteta. 

Bidasoa Atletiko Taldeko gizonezkoen taldeak Atletiko San Sebastian eta Durango taldeak izan zituen aurkari zuzenak Euskaidko Taldekako Txapelketan. Talde guztiak egundoko lasterketak egin zuen arren, izen batzuek azpimarratu beharreko hainbat erakustaldi utzi zituzten.

Lehena eta adierazgarriena Iker Arozena luzera jauzilariarena izan zen. Pista estaliko txapelketa bikainak egitetik zetorren jauzilari hondarribiarra eta aire libreko lehen proba modurik onenean hasi zuen. 7,61 metroko jauziarekin bere marka pertsonala ondu, historiako lau gipuzkoar jauzilari onenen artean kokatu eta 23 urtez azpiko Europako Txapelketan sailkatzeko minima lortzeko 9 zentimetroetara geratu zen. Marka horrekin, luzera-jauzian lehen postuan bukatu zuen.

Beste hiru atletek lortu zuten garaipena Bidasoa Atletiko Taldeko gizonezko taldearentzat: Tirso Ocañak 100 metroetako txapelketak 10,80 segundutan bukatu zuen proba, Gonzalo Tamayok pisu-jaurtiketan 14,15 metroko marka erdietsi zuen eta Iñigo Zarandonak 39,25 metroko disko jaurtiketa gauzatu zuen.

Gauzak horrela, Bidasoa Atletiko Taldeak 104 puntu batu zituen, Durnago hirugarren sailkatuak baino puntu eskas bat gehiago. Berdintasuna nagusi izan zen txapelketa osoan zehar, baina talde bidasotarrak lortu zuen bigarren postua. Txapelketako garailea Real Sociedad taldea izan zen, 147 puntu batu zituen etxean jokatzen zuen talde donostiarrak.

Bigarren postutik hurbil, baina hirugarren. 

Emakumezkoen taldeak ere lan ona egin zuen. Gizonezkoen taldeak Durango izan bazuen arerio, emakumezkoen taldeak Tolosa izan zuen aurkari zuzena. Baja ugari eta garrantzitsuak izan zituen datorren astetik aurrera Espainiako Ohorezko mailan aritzen den taldeak; horregatik, txapelketara bertaratutako harrobiko lasterkariek eginiko lana goraipatzekoa izan zen.

Txapelketa nahiko erregularra egin zuen emakumezkoen taldeak, bigarren eta hirugarren postu ugari erdietsi zituzten, baina puntu sorta handiena garaipenak ematen ditu. Garaipen bakarra lortu zuten, Paula Añorgak pertika-jauzian eta 3,40 metroko jauzia egin zuelarik.

Euskadiko Taldekako txapelketaren sailkapeneko honela bukatu zen: Atletiko San Sebastian izan zen lehiaketako garailea 131 punturekin, 114 puntu batuta Tolosa izan zen bigarren eta Bidasoa Atletiko Taldea 109 punturekin bukatu zuen lehiaketa.

Ohorezko eta Lehen Maila Nazionaleko txapelketak datorren astean. 

Euskadiko Taldekako Txapelketa honek aire libreko denboraldi interesgarri bati ateak ireki besterik egin ez dizkio. Datorren asteburutik aurrera, Bidasoa Atletiko Taldeko bi taldeak, emakumezkoena eta gizonezkoena, Espainiako liga ezberdinetan lehiatuko dira. Emakumezkoak Donostian hasiko dute Espainiako Ohorezko Mailako lehen jardunaldia eta antolatzaile bezala egingo dute. Gizonezkoen kasuan, Lehen Maila Nazionaleko lehen jardunaldia Aragoiko Monzon herrian jarriko dute jokoan. Bi taldeak oso bestelako helburuak izango dituzte: emakumezkoen taldeak ahalik eta lasterren maila mantendu eta txapelketari dagokionez, aurrerapausu bat eman nahi du; bestetik, gizonezkoen taldeak, Ohorezko Mailara igotzeko xedearekin lehiatuko dira aurten. 

BIDASOA ATLETIKO TALDEKO EMAKUMEEK HIRUGARREN POSTUA ESKURATU DUTE LIGAKO LEHEN HITZORDUAN

Iruñean jokatu zen Ligako lehen jardunaldia eta BATeko emakumeak hirugarren postuan sailkatu ziren, Playas de Castellon eta Pamplona Atletismoren...

MADDALEN JIMENEZ BERATARRAK IRABAZI DU BERE HERRIKO MENDI MARATOI ERDIA

Gizonetan aldiz, Iñaki Olano nagusitu zen beroak baldintzatu zuen lasterketan

Berako XVIII. Mendi Maratoi Erdia ospatu zen pasa den igande goizean,...

ANA PULGARIN ZORTZIGARREN NAZIOARTEKO MARTXA TXAPELKETAN

Carla Martinezek klubeko errekorra hautsi zuen Alacanten 200 metroko lasterketan

Nazioarteko Martxa Txapelketa ospatu zen pasa den apirilaren 6an...

ARANTXA AUSAN EUROPAKO TXAPELDUN W50-KO 60 METROKO HESI LASTERKETAN

Abel Castañaresek zilarrezko domina eskuratu zuen M65 kategoriako 8 kilometroko krosean

Europako Master Txapelketa ospatu zen pasa den astean,...

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika