AITOR AGIRREK IRABAZI DU HONDARRIBIAKO ARMA PLAZAN

Jaizkibel bakarrik gainditu ondotik, liderraren maillota ere bereganatu du Laboral Kutxako zumaiarrak

117 txirrindularik hartu dute gaur irteera 2024ko Bidasoa Itzuliko bigarren etapan. Ihesaldi eguna izan da eta ugaria gainera. Zortzi lasterkarik osatu dute aitzinetik joan den taldea, eta bertatik atera da gaurko irabazlea. Jaizkibel igotzen hasi bezain laster, erasoa jo du Aitor Agirrek (Laboral Kutxa) eta bakarrik egin ditu mendatearen zortzi kilometroak. Hondarribiako Arma Plazara ere horrela ailegatu da eta besoak altxa ditu bertan, maillot horia ere bereganatuz. Haimar Etxeberria irundarrak izugarrizko igoera eta jeitsiera egin ditu Agirre harrapatu nahiean eta, lidergotza galdu badu ere, bigarren izan da helmugan eta 25 segunduko tartea du orain berekiko sailkapen orokorrean.

Hendaian hasi da gaurko etapa eta irteera hartu duten 117 txirrindulariek 133 kilometro zituzten aitzinetik, Hondarribiaraino heldu baino lehen. Lasterketa neutralizatuta joan da Puntxas baino haratago eta, Berara ailegatu baino lehen, tarteko helmugetako norgehiagokan ari diren txirrindulariek jo dute erasoa, Haritz Sein irundarra (Eibar Txirrindularitza) barne. Leku puntuagarritik Alvaro Lopez (Extremadura) pasatu da lehenbizi, Sein bigarren eta Beñat Garaiar oiartzuarra (Telco) hirugarren. Ondotik, elkarrekin joan da tropela Baztan aldera.

Oronoz-Mugairin berriz, lasterketako 43. kilometroan, Tommasso Bessegak (Polti Kometa) eta Josu Mugak (Eiser-Hirumet) jo dute erasoa eta 41 segunduko tartea ireki dute tropelarekiko. Tartean, Jules Chetelon (Nippo) saiatu da lehen biak harrapatzen, eta tropelarekin 15 segunduko aldea hartu badu ere, azkenean talde nagusiak irentsi egin du. Bitartean, Bessegak eta Mugak aitzinera egin dute eta 1:15ko gehienezko abantaila lortu dute Almandozera bidean. Poltikoak erritmoa bizitu du eta gibelean utzi du Eiserrekoa. Tropelarekiko 52 segundu zituela, Zigako mendatea (3. maila) igaten hasi da bakarrik.

Eguneko lehen gaina pasatzen ari zirenean, tropeletik bortz txirrindulari atera dira Bessega harrapatzeko helburuarekin. Saiakera horretan, bertze hiru ere gehitu zaizkie eta zortzi izan dira guztira italiarra segitzen: Sergio Gutierrez, Isaac Gracia eta Oscar Vian (Gomur), Dario Guliano eta Gabriele Raccagni (Polti Kometa), Aitor Agirre (Laboral Kutxa), Yugi Tsuda (Nippo), Haritz Sein irundarra (Eibar Txirrindularitza) eta Markus Maeuibo (Essax). Lehen mendate honetan puntuak batu dituztenak ere talde honetatik atera dira: Bessega, Maeuibo eta Vian. Zortzi iheslari hauek inposatutako erritmoari esker, Bessega harrapatu dute eta bederatzi txirrindularik osatutako eguneko ihesaldia sortu dute. Elizondotik pasatzerakoan, 55 segunduko aldea hartu diote tropelari, eta bertan kokatuta zegoen tarteko helmugetako puntuak ere beraientzat izan dira, zehazki Bessega, Vian eta Gutierrezentzat, hurrenez hurren.

Eguneko ihesaldia abantaila hartzen joan da eta 70. kilometroan, Donezteben, 2:28 minutuko aldea zuten tropelarekin. Oraindik ere gehiago areagotu da tarte hori Bortzirietarako bidean. Berako tarteko helmugan, 3:05 minutuko aldea zuten eta berriz ere, bertako puntuak bildu ditu aitzinean zihoan taldeak: Maeuibo, Gracia eta Sein. Gipuzkoara sartu da lasterketa orduan, bi taldeen artean 3:34 minutuko gehienezko tartearekin. Edonola ere, tropel nagusiak erritmoa bizitu du errepide lauetan eta Lezotik Jaizkibelera bidean aldea ttikitzea lortu dute. Polti zegoen lanean gibeletik eta eguneko bigarren eta azken mendatea igotzerakoan, iheslariek 2:38ko abantaila zuten.

Jaizkibelen erabaki da gaurko etapa, hain zuzen ere iheslarien taldetik Agirrek erasoa jo duenean. Lehen taldean zeuden guztien artean, sailkapen orokorrean hobekin kokatua zegoen txirrindularia zen, Etxeberriatik 24 segundura. Aukera aprobetxatu nahi zuen zumaiarrak eta saiakera arrakastatsua izan da. Bertze zortzi txirrindulariei 57 segundu atera die, nahiz eta segidan tarte hori apaldu den, 26ra murrizteraino. Tropel nagusiarekiko aldiz, 1:10 minutuko bateko aldea zuen txirrindulariak.

Egoera hau ikusita, liderrak berak jo du erasoa gibeleko taldetik, eta bertze lau joan dira berarekin: Jan Castellon (Caja Rural), Louis Sutton (AVC AIX-en-Provence), Lucas Lopez (Supermercados Froiz) eta Hugo de la Calle (Cortizo). 20 segunduko tartea ireki dute tropel nagusiarekin eta aitzinetik zihoazten txirrindulariak harrapatzea izan dute helburu. Tartean Lopesek erorikoa izan du, eta jarraitzaileekin bat egitea lortu badu ere, zailtasunak izan ditu eta gibelean gelditu da segidan. Eguneko ihesaldia osatu duten txirrindulariek ere, poliki-poliki, harrapatuak izan dira liderraren taldearengatik.

Jaizkibelen (1. maila) mendiko sariko puntuak banatu dira, Agirre, De la Calle eta Maeuiboren artean. Laboral Kutxako txirrindulariak bakarrik segitu du mendatea jeisten eta arriskua ere hartu du, tartea zabaltzeko eta maillot horia eskuratzeko. 1:06 minutuko aldea lortu du liderraren taldearekiko, helmugarako bost kilometro gelditzen zirenean. Etxeberriak berak, maillot horia mantentzeko lehian, erasoa jo du Jaizkibel behiti eta, abiadura handian eta arriskua hartzen hau ere, 47 segundura murriztu du tartea Hondarribia herria zeharkatzerakoan. Hala ere, ezin izan du Agirre harrapatu eta zumaiarra izan da, azken mendatean ikuskizuna bermatu ondotik, Arma Plazan besoak altxa dituena. Bigarren postuan Etxeberria bera helmugaratu da eta hirugarrenean, De la Calle.

Gaurko denborak kontuan hartuta, Agirre da Bidasoa Itzuliko lider berria. 25 segundura, bigarren postuan, Etxeberria kokatu da eta hirugarrenean, Sutton 33 segundura. Etxeberriak erregulartasunaren maillota mantendu du. Mendikoa berriz, De la Callek eraman du, eta tarteko helmugena, Alvaro Lopezek (Extremadura). Lehen euskalduna Agirre bera izan da eta 20 urtez azpiko lehena, Caja Ruraleko Adria Regada.

Hirugarren eta azken etapa erabakigarria

Bihar, apirilaren 28an, ospatuko da Bidasoa Itzuliko hirugarren eta azken etapa. 99,2 kilometroko ibilbide erabakigarria osatu beharko du tropelak, tartean bortz mendate gainditu ere: Arkale (2. maila), Aritxulegi (1. maila), Agiña (1. maila), San Martzial (2. maila) eta Erlaitz (1. maila). Ohiko etapa izanen da, aurten pixka bat luzeagoa, baina gogortasun berarekin. Biharko errepideetan, eta batez ere, Erlaitzeko jeitsieran, ongi moldatzen denak eskuratuko du 2024ko Bidasoa Itzuliko 50. edizioko garailea izateko ohorea. 


Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika