AURKARIEK GOLAK EGITEN BADAKITE
Futbola

AURKARIEK GOLAK EGITEN BADAKITE

(Argazkia: Gio Batista)

Real Unionek baloia eta aukerak izan ditu; aldiz, Badajozek birritan asmatu du Irazustabarrenaren ate aurrean eta hiru puntuak bereganatu ditu (1-2).

Hasierako hamaikakoan aldaketekin ekin dio Aitor Zulaikak Badajozen aurkako norgehiagoka. Senar eta Santos kokatu ditu atzeko lerroan eta aurrealdean, Alain Oiartzun, Kun Temenuzkhov, Carlos Bravo eta Nacho Sanchez zelairatu ditu. Azken bi neurketak alderatuta, aurrera urratsa egin nahi zuen Real Unionek eta lehen zatian, Badajoz bezalako talde on baten aurka lortu du.

Erasora irten eta arriskua eragin dio Real Unionek Badajozi. 2.minutuan lehen urraratzea izan du talde irundarrak eta 6.minutuan, Nacho Sanchezek lehen abagunea izan du. Bikain mugitu du baloia Real Unionek, Kijerak ezkerretik erdiratu du, baloia Nacho Sanchezi erori zaio eta honen kanpoko jaurtiketa Limonesek ezerezean utzi du. Baloiaren jabetza etxeko taldeak izan du eta Badajozek arrisku gutxi eragin du, nabaritu ditu Isi eta Aquinoren bajak.

Lehen zatiaren erdia jokatu denean, 1-0 aurreratzeko aukera argia izan du etxeko taldeak. Nacho Sanchezek eta Miguel Santosek bat-biko ederra osatu dute, Sanchezen erdiraketa Carlos Bravori erori zaio penalti puntuan eta honen jaurtiketa Limonesek hankarekin aldendu du. Badajozek gola egiteko abagune gutxi izan ditu lehen zatian, beste neurketetan izan duen lana gaur ez du izan Jon Irazustabarrenak. 0-0 bukatu dira lehen 45 minutuak.

Bide beretik hasi du Real Unionek bigarren zatia. Atzetik baloia ukituta atera eta hegaletatik min egiten. Nacho Sanchezek eskubitik bikain gainditu du atzelaria, atzera baloia Alain Oiartzuni bidali dio, honek ezkerrarekin jaurti du, baina beste behin, Limones baloiarekin geratu da. Erantzun azkarra eman dio Badajozek, David Concha kanpotik saiatu da eta Irazustabarrenak eguneko lehen gelditua egin du, gehiegizko arazorik gabe. Real Unionek estutzen jarraitu du Badajoz, Limonesen area barruan sartu dira hainbatetan, baita erdiraketa ugari egin, baina golik ez. Badajoz gutxi iritsi da, baina egin duenean arriskuarekin. Irazustabarrenak Zeluk eskuin hegaletik eginiko jaurtiketa gelditu eta kornerrera bidali du, barrura zihoan saiakera.

Norgehiagoka bukatzeko 20 minutu geratzen zirela, aulkia mugitzen hasi da Aitor Zulaika. Seguin eta Sergio Llamas Stadium Galeko soropilean sarrtu ditu, Temenuzkhov eta Oiartzunen ordez. Hegaleko eibartarrak, Aitor Seguinek, zelairatu eta berehala, ezkerrarekin jaurti du eta zutoina miazkatzen kanpora joan da. Ate batetik, bestera. Falta jaurtiketa baten bitartez, neurketako aukerarik onena izan du Badajozek. Erdiraketak burua aurkitu du eta Logroñesen antzera, Irazustabarrenak sekulako akrobazia egin behar izan du baloia aldaratzeko. Azkenean, kanpoko taldearen gola iritsi da 75.minutuan. Ezkerretik jokaldia gauzatu dute, erdiraketa Adri Cuevasi penalti puntuak erori zaio eta buruz baloia saretara bidali du (0-1). Kolpe latza Real Unionentzat, merezi ez zuen arren, atzetik jarri da markagailuan.

Artileria guztia martxan jarri du teknikari azpeitiarrak. Golaren bila, Pradera, Capelete eta Barbu izan dira Real Unionen azkeneko aldaketak. Azken hamar minutuetan sartuak, norgehiagokak abiada berria hartu du. Real Unioneko ordezko bi jokalarik osatutako jokaldiaren ostean, berdinketaren gola iritsi da (1-1). Aitor Seguinek erdiraketa gozoa jarri dio bigarren zutoinean kokatuta zegoen Barburi eta buruz berdindu du partidua. Aldiz, pozak gutxi iraun du. Sergio Benitok kornerra baliatu du, berriro ere, Badajoz markagailuan aurretik jartzeko (1-2). Aurretik, Jon Irazustabarrenak buruz buruko jokaldia geratu dio. Neurketak ez du gehiagorako eman eta, beste behin, puntuak eskapu egin diote Real Unioni. 

REAL UNIONEK PORROTA JASO ZUEN PONFERRADINAREN KONTRA
Futbola

REAL UNIONEK PORROTA JASO ZUEN PONFERRADINAREN KONTRA

Talde txuribeltzak 2-1 galdu zuen Ponferradan eta orain, azken bi jardunaldiak gelditzen zaizkio maila mantentzeko helburua lortzeko

Real Unionek...

FRAN JUSTO: “ONGI ENTRENATU BEHAR DUGU, LASAI EGON ETA IGANDEAN LEHIATZERA ATERA”
Futbola

FRAN JUSTO: “ONGI ENTRENATU BEHAR DUGU, LASAI EGON ETA IGANDEAN LEHIATZERA ATERA”

Hiru jardunaldi bertzerik ez zaizkio gelditzen Real Unioni eta horietako lehena, igande honetan (maiatzaren 12an) ospatuko dute Ponferradinaren...

REAL UNIONEK PUNTU BAT ATERA ZUEN CULTURAL LEONESAREN KONTRAKO PARTIDUTIK
Futbola

REAL UNIONEK PUNTU BAT ATERA ZUEN CULTURAL LEONESAREN KONTRAKO PARTIDUTIK

Talde txuribeltzak hutsera berdindu zuen etxean Cultural y Deportiva Leonesa taldearen kontra

Real Unionek hutsera berdindu zuen, pasa den...

FRAN JUSTO: “ETXEAN INDARTSUAK GARA ETA PARTIDU ONA EGIN BEHAR DUGU”
Futbola

FRAN JUSTO: “ETXEAN INDARTSUAK GARA ETA PARTIDU ONA EGIN BEHAR DUGU”

Real Unionek bihar, maiatzaren 4an, jasoko du Cultural y Deportiva Leonesa taldea (19:00), 1924ko Koparen garaipenaren mendeurrenean

Real Union ere...

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika