BETI GAZTEKO TIRALARIEK BERTZE BI TXAPEL BEREGANATU DITUZTE

Euskal Herriko 8x8 Sokatira Txapelketako gizonen 600 kiloko eta mistoen 580 kiloko kategorietan izan dira garaile

Euskal Herriko 8x8 Sokatira Txapelketako bertze bi txapel banatu dituzte asteburu honetan eta biak Lesakako Beti Gaztek eraman ditu. Zehazki gizonen 600 kilokoa eta mistoen 580 kilokoa irabazi zituzten Gernikan eta Ozaetan, hurrenez hurren.

Larunbatean Gernikan jokatu zen gizonen 600 kiloko finala. Lehen bi jardunaldietan bezala, Beti Gaztel tiraldi guztiak irabazi zituen eta horrela, txapela ere eraman zuen. Zortzikote txapeldunean Karmelo Mitxelena, Ander Mitxelena, Mikel Apeztegia, Oskar Telletxea, Beñardo Iantzi, Iñigo Altzugarai, Eneko Saldias eta Gerardo Telletxea aritu ziren tiran, Paskual Taberna entrenatzaile eta Beñat Ordoki laguntzaile zutela. Lesakarren gibeletik, Ezpeletako Ñapurrak eta Zuraide lapurtarrak igan ziren podiumera.

Igandean berriz, Ozaetan jokatu zen talde mistoen finala ere (580k). Lesakarrek tiraldi guztiak irabazi zituzten hemen ere eta beraz, asteburuan banatutako bigarren txapela eraman zuten etxea. Karmelo Mitxelena, Amaia Leiza, Oskar Telletxea, Ane Gurrutxaga, Ainhoa Etxegarai, Beñat Ordoki, Unai Gurrutxaga eta Maria Iantzi aritu ziren tiran, Joxe Angel Mitxelena entrenatzaile eta Beñardo Iantzi laguntzaile zutela. Euren gibeletik Berriozar eta Ibarra sailkatu ziren.

Heldu den asteburuan, Euskal Herriko 8x8 Goma Gaineko Sokatira Txapelketaren azken jardunaldiak ospatuko dira eta Beti Gaztek azken txapelak irabazteko aukera izanen du bertan ere. Orain arteko bortzak bereganatu ditu eta bertze biekin gauza bera egitea izanen du helburu. Historia egitea izanen da lesakarren asmoa, izan ere, inork ez baitu orain arte hori lortu. Hain zuzen ere, heldu de larunbatean (urtarrilaren 27an), Pobesen emakumeen 500 kiloko eta gizonen 560 kiloko kategorietako finalak jokatuko dira. 

(Argazkia: Potronko)

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika