BIOK TXINGUDIK DENBORALDIKO AZKEN NEURKETA JOKATUKO DU ASTEBURUAN

2024/05/16
BIOK TXINGUDIK DENBORALDIKO AZKEN NEURKETA JOKATUKO DU ASTEBURUAN

Ligako B multzoko lider moduan buka dezake modu ofizialean lehiatu duen lehen denboraldia

Biok Txingudik bukaera emanen dio asteburu honetan Ligari. Sarako Izarra izanen du aurkari, Saran, igande honetan (maiatzaren 19an) 12:00etan. Aurkariek mugakoek baino puntu bat gehiago dute sailkapenean eta beraz, irabaziz gero, Ligako B multzoko lider moduan buka dezakete Txingudi Rugby Klubeko emakumeek lehen aldiz jokatuko duten txapelketa.

Ezin hobe joan da Biok Txingudirentzat denboraldia. Talde pasa den urtean sortu eta denboraldia honetan, lehen aldiz jokatu dute Liga emakumeek. Lehen fasea zazpigarren postuan bukatu zuten, ia Euskadiko txapelketara sailkatuz. Azkenik, garapenerako eta sustapenerako B multzoan sartu ziren eta bertan izan dira denboraldiko bigarren fasea jokatzen. Hemen ere lan bikaina egin dute Asier Garciaren jokalariek eta, azken partiduaren atarian, Ligako txapeldunak izatea eskura dute.

Edonola ere, ez da erraza izanen, asteburu honetako aurkaria Sarako Izarra baita, sailkapenean bere aitzinetik dagoen taldea, puntu bat gehiagorekin. Lapurtarrak indartsu daude eta etxean gainera, bisitariari presio gehigarria sortzeko gai dira. Elkarren kontra jokatutako azken partiduan lan ona egiten zuten mugakoek eta horri eutsiko diote igandean, 12:00etan, ahalik eta gogorren zelairatzeko. Saran dela aprobetxatuta, klubak zaleei deia egin die bertara hurbiltzeko eta taldeari euren babesa eskaintzeko.

Errugbi olinpiadak eskualdeko ikastetxeekin

Txingudi Rugby Klubak ekimen berezi bat ospatuko du asteburu honetan ere Plaiaundin, eskualdeko bigarren hezkuntzako ikastetxeekin batera. Larunbatean, maiatzaren 18an, 12:00etatik aitzinera, klubak denboraldian zehar eskola ezberdinetan egindako saioetan parte hartu duten ikasleekin egonen da etxeko zelaian, plakajerik gabeko errugbi topaketa ospatzeko.

Kirol Aukera markaren babesarekin eta Pasquier Recondoren laguntzarekin, Bidasoaldeko ikastetxetako ikasleek Plaiaundiko zelaia eta errugbia, hirugarren denbora barne, bertarik bertara ezagutzeko aukera izanen dute.