DONE PEDRO SARI NAGUSIA OSPATUKO DA BERRIZ ERE IRUNEN

Bi urteren ondoren, estatuko lasterketarik zaharrena bueltan izanen da Irunen zenbait berrikuntzekin

Atzo, ekainak 21, Done Pedro Sari Nagusiaren aurkezpena egin zen Irunes Txirrindularitza Taldeko egoitzan. Bi urteren ondoren, berriz ere antolatzea lortu dute Euskadiko Txirrindularitza Federazioarekin batera eta Irungo Udalaren laguntzarekin. 101. edizioa izango da aurtengoa eta zenbait berrikuntza izango ditu bere ibilbidean, Edurne Izagirre Irunes Txirrindularitza Taldeko lehendakariak, Borja Olazabal Irungo Udaleko zinegotziak eta Jorge Garcia Euskadiko Txirrindulariza Federazioko kideak argitu zuten moduan.

Euskaldun Txapelketa bukatuta, Lehendakari Txapelketari hasiera emango diote Euskal Herriko txirrindularitzan. Lehia honetako lehen lasterketa Irunen ospatuko den Done Pedro Sari Nagusia izango da, hain zuzen ere. Estatuko egun bakarreko lasterketarik zaharrena da hau eta aurtengoa 101. edizioa izango da. Ekainak 29rako antolatuko dute, urtero bezala, San Pedro egunerako, San Pedro eta San Martzial jaien barruan kokatzen den ekitaldia baita. 128,8 kilometro izango ditu guztira eta Irunen hasiko da, San Martzial mendatean amaitzeko.

Hain zuzen ere, hori izango da aurtengo edizioaren berrikuntzetako bat, ibilbidea. Nafarrora sartzeko izan dituen arazoak direla medio, Gipuzkoan ospatuko da osorik lasterketa. Zirkuito bat izango da eta sei aldiz igaroko dira txirrindulariak Oiartzundik eta Olaberriatik. Irungo auzo hau azken aldiz zeharkatu ondoren, tropelak Ingelesaren gaztelua igoko du eta handik, San Martzial mendatea gainditu beharko du bertan amaitzeko.

Lasterketa gogorra izango dela aurreratu zuen Jorge Garcia Euskadiko Txirrindularitza Federazioko kideak, batez ere azken igoera horiek, lasterketa erabakiko dutenak ziurrenik. Gainera, aurtengo edizioa berezia izango da, eskualdearentzat eta Irunes Taldearentzat ere. Izan ere, Edurne Izagirre lehendakariak aipatu zuen moduan, Irungo eta Hondarribiako lau txirrindulari izango dira bertan parte hartzen: Haimar Etxeberria (Caja Rural), Haritz Sein (Eibar Txirrindularitza Taldea) eta Mikel Bermejo (Eibar Txirrindularitza Taldea) eta Hondarribiako Beñat Emazabel (Construcciones Qoda).

Goizeko 9:00etan emango zaio hasiera lasterketari, Kolon Pasealekuan eta helmuga 12:15erako dago aurreikusita.

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika