DULAC-EK, GARCIAK ETA MARIEZKURRENAK IRABAZI DUTE IX. SAN MARTZIAL SQUASH SARIA

Ekainaren 23an eta 24an ospatu zen Lur Alai Squash Klubak antolatutako besten aitzineko saria eta guztira, 36 jokalarik hartu zuten parte

Lur Alai Squash Klubak bederatzigarren aldiz antolatu du aurten San Martzial Squash Saria. Artalekun jokatu zen txapelketa, ekainaren 23an eta 24an, eta guztira 36 jokalari aritu ziren lehian.

Jokalari berri asko hurbildu ziren Artalekura IX. San Martziak Squash Sarian parte hartzera. Antolatzaileek adierazi dutenez, pozgarria izan zen hau “squashak Irunen eraiki duen oinarria azaleratzen” baitu. Ekainaren 23an hasi zen txapelketa gizonen lehen partiduekin eta ekainaren 24an izan zuen segida junior eta emakumeen neurketekin eta hiru finalekin.

Emakume seniorretan Elise Dulac hendaiarra gailendu zen, finalean Silvia Amaro irundarrari irabazita. Gizonetan berriz, Lasarteko Iñaki Garcia izan zen irabazlea, txapelketa honetan bigarren aldiz txapela eskuratuta. Finalean, Juanma Beloki nafarra gainditu zuen lasartearrak. Azkenik, junior kategorian, Unax Mariezkurrena irundarra izan zen bertze behin bere mailarik altuera erakutsi zuena, Jokin Martikorena hendaiarraren kontrako azken partidua irabazita.

Antolatzaileek azpimarratu nahi izan dutenez, “junior eta emakumeen parte hartzea Euskadiko gainontzeko txapelketetan baino handiagoa” izan da San Martzial sarian. Gainera, “jokalari berrien jarrera eta gaitasunak” ere goraipatu dituzte eta horren arabera, heldu den denboraldiari begira, squasharen osasuna hobetzeko aukera handia ikusten dute Irunen. Izan ere, jokalari berri hauek klubean entrenatzen hasteko asmoa erakutsi zuten.

Horrela, denboraldiari bukaera ezin hobea emanda, Lur Alai Squash Klubetik aurten babesa eskaini dietenei eskerrak eman nahi izan dizkie: Aurrera klinika, Ola Sagardotegia, Bidassoa Basque Brewery, Pizza Real, La Juanita, El Curry Verde, Koloretako Izarrak, Decathlon eta Goxnuts.

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika