“EGUNERO DENA EMAN DUT, ENTRENAMENDU ZEIN PARTIDUETAN; HORREGATIK, LASAI UZTEN DUT REAL UNION”
Futbola

“EGUNERO DENA EMAN DUT, ENTRENAMENDU ZEIN PARTIDUETAN; HORREGATIK, LASAI UZTEN DUT REAL UNION”

Lagun Onaketik irten, Sestao Riverretik igaro eta 2013-2014 denboraldian iritsi zen Stadium Galera Mikel Azkoiti. Ordutik, Real Unionen kamiseta zuria defendatzen aritu da, 8 urte luzez. Azken urteetan, kapitainaren besokoa eta guzti eraman du. Jarreraz eta bihotzez, futbol talde baten besokoa eramateko sena du Azkoitik eta, zoriak edota patuak, Real Unionena eramatera bultzatu zioten. Zorigaitzeko uneak bizi izan ditu Irunen: mailaz jeisteko zorian egon diren urteak eta epe luzeko lesio bat. Horiei guztiei, kementsu, aurre egin eta aurten “etxeko taldetzat” duen taldearekin 1.Federazio mailarako igoera eskuratu zuen. 188 neurketen ostean, Mikel Azkoiti ez du Real Unionen jarraituko. Klubak agur instituzionala prestatuta dio.

Nola jaso zenuen klubak zure kontratua berritzeko asmorik ez zuenaren berria?

Pena askorekin jaso nuen, urte asko dira Real Unionen jokatu ditudanak. Irun nire etxe bihurtu da eta penaz jaso dut, baina naturaltasunez ere bai. Lehenago edo beranduago, badakizu noizbait momentua iritsi behar duela eta aurten izan da.

Espero al zenuen?

Ez berritzeko aukerak nituela buruan nuen, baina jarraitzeko esperantzak nituen. Ez nau sorpresaz harrapatu, horrek ez du pena alboratzen.

8 urtek luzerako ematen dute. Zein bizipenekin geratzen zara? 

Dudarik gabe, zortzi urte hauetan ezagutu ditudan pertsona guztiekin. Urtero 20 pertsona berrirekin igarotzen duzu urtea, aldegelan, zelaian, bidaietan…Jende asko ezagutu dut urte hauetan eta esango nuke futbolak eman didan esperientzia onena hori dela. Hori eta pertsona bezala hazteko aukera.

Urte zailak igaro dituzu Real Unionen, maila galtzetik gertu eta lesio larri bat:

Egia esan, jokatu ditudan 8 urteetan gehiago izan dira urte zailak. Hori izan da Real Unionen azken urteetako errelaitatea. Nik asko baloratzen dut urte zail horietan klubari eutsi izana. Zalegoak beti gehiago nahi du, sailkapeneko goi-postuetan ikusi nahi dugu gure taldea, baina errealitatea hori izan da, borroka asko egin behar izan dugu 2.B mailari eusteko. Hori lortzea balioan jarri behar dela uste dut. Aurten lortu dugun igoera eskuratzeko, aurretik lan eskerga egin behar izan genuen maila ez galtzeko.

Urte zailen ostean, igoera batekin taldea uzteak lasaitzen zaitu?

Igoera baino gehiago, lasai uzten nauena da urte hauetan egunero egin dudan lana da. Nire izateko eta futbola ulertzeko era horrelakoa da, egunero dena ematea, entrenamendu zein partiduetan. Hori zen egunero 8 urte hauetan taldekide izan ditudanei eskatzen niena, elkarrekin egon eta zelaian dena uztea. Horregatik, lasai uzten dut Real Union.

Real Unionen azken plantilak jokalari beterano eta gazteak uzatrtu ditu. Generazio aldaketa eman da, uste duzu zuk utzitako aztarna aintzat hartuko dela? 

Nahiz eta urte nahiko arraroa izan den, ezin izan dugu aldageletatik kanpo taldekideekin nahi izan beste egoteko aukerarik izan, nik uste dut lortu dugula aldagela ona sortzea. Egunerokotasunean esperientzia ugari elkarbanatu ditugu eta nik uste beteranoen eta berrien arteko ekilibrioa ondo mantendu dugula. Ni, pertsonalki, aldagelarekin oso gustora izan naiz aurten.

Klubak iragarri du datorren sasoiaren hasieran Real Unionen igaro dituzun 8 urteak omenduko dituela:

Hainbeste urtek errekonozimendua behar duela pentsatzen dut. Ibilbide luzea egin dugunok klubatik horrela atera behar gara, probintzia mailan Real Unionekiko lotura sendotzeko garrantzitsua da. Klubatik ateratzen den jendea ondo atera behar da, pozik jasoko dut egingo didaten omenaldia. 

Nola aurreikusten duzu etorkizuna?

Ez dakit, orain oporretan nago. Agian horri bueltak emateko garai ona da. Azken urteetan ez dut zer egin nahi nuen zalantzarik izan, baina Irungo atea itxi zaidanez, ikusiko dut zein aukera ditudan. Urte asko dira futbolean eta familiarekin hitz egin beharreko erabakiak dira. Ikusiko dugu benetan zerbait interesgarria dagoen edota etapa berri bati hasiera emateko.

Jabe berriekin beste aro bat hasiko du Real Unionek. Zer iruditzen zaizu Emerytarren proiektu berria?

Hasteko, ateratzera doan zuzendaritzak hobetsi egin badu, konfiantza asko ematen dit. Aurretik proposamen asko izan dituzte, baina bazekiten kluba ez zutela edonorren eskutan utzi nahi. Argi zuten kluba nola utzi nahi zuten eta une hori iritsi ez den arte, ez dute pausua eman. Horregatik, ziur naiz ondo bideratutako negoziazioa izan dela. Gainera, Emery eta haren inguruak konfiantza asko ematen du. Ez dut uste gauzak gaizki egitera sartuko direnik, sartzen badira klubari bultzada berria emateko da eta ziur laguntza ona izango dela. Eman litekeen hazkundean, Real Unionek hazteko aukerak baitu, bide horretan jarraitzeko baliagarria izango den pausua dela uste dut. 

REAL UNION ROCAK PUNTU BAT GEHITU ZUEN SAILKAPENEAN
Futbola

REAL UNION ROCAK PUNTU BAT GEHITU ZUEN SAILKAPENEAN

Amaikak Bat taldearen kontrako partidua banako markagailuarekin bukatu zen, Mario Capeletek penaltiz sartutako golari esker

Real Unión Roca:...

REAL UNIONEK PUNTU BAT EKARRI ZUEN LAS GAUNAS ZELAITIK
Futbola

REAL UNIONEK PUNTU BAT EKARRI ZUEN LAS GAUNAS ZELAITIK

Solísen eskutik ailegatu zen txuribeltzek markagailuan berdintzeko baliatu zuten gola

Real Unionek banako markagailua erdietsi zuen pasa den...

IÑIGO IDIAKEZ: “EZ NAGO TALDEAREKIN KEZKATUTA, GURE EGOERAREKIN BAIZIK”
Futbola

IÑIGO IDIAKEZ: “EZ NAGO TALDEAREKIN KEZKATUTA, GURE EGOERAREKIN BAIZIK”

Real Unionek SD Logroñes bisitatuko du Las Gaunas zelaian bihar, martxoaren 23an, 16:00etan

Real Unionek SD Logroñes bisitatuko du larunbat...

REAL UNION ROCAK PUNTU BAT EKARRI ZUEN MINTXETATIK
Futbola

REAL UNION ROCAK PUNTU BAT EKARRI ZUEN MINTXETATIK

Binako markagailua erdietsi zuen Carlos Garciaren taldeak azken minutuan Elgoibarren kontra

CD Elgoibar: Mosquera; Moya, Barrenechea,...

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika