EUROPAN ERE, ONENEN ARTEAN

Txekiar Errepublikan jokatu den Bakearen Lasterketan sailkapen orokorreko 32. postuan bukatu du Haimar Etxeberriak.

Bakearen Lasterketa ospetsua UCIren junior mailako Nazioen Kopako 2021eko egutegiko azken proba izan da. Haimar Etxeberria Espainiar estatuko selekzioarekin junior mailako Europako txirrindulari onenekin batera aritu da eta lau egun gogorren ondotik, 32. postuan bukatu du lasterketa. Sailkapen nagusia, aurreikus zitekeen bezala, Per Strand Hagenesentzat izan da, txapelketa osoan zehar indartsuena izan ondoren.

32. sailkapen nagusian, baina bi etapatan bosgarren eta zortzigarren egin zuen txirrindulari irundarrak. Lehenik eta behin, bigarren jardunaldian, Mihajlo Stolic garailearen talde berean eta oso denbora gutxira helmugeratu zen Etxeberria. Bi egun gogorretan Ivan Romero taldeko liderra lagundu ostean, azken etapan zortzigarren postua eskuratu zuen Etxeberriak.

Atzoko jardunean, Pohoranytik igarotako lau pasabideek, tropelean nolabaiteko hautaketa bat ahalbidetu dute eta azken kilometroak 50 txirrindulari eskasekin egin dituzte. Aurretik, lau txirrindulariko talde bat joan zen, Pajur, Seeman, Kadlec eta Dalby, eta bere indarrari eta lankidetzari esker, 40"ko aldearekin iritsi dira helmugara, soberan baino denbora gehiagorekin euren artean garaipena jokatzeko. Talde horren atzean Etxeberria kokatuta zegoen, baina, beste behin, garaipenak ihes egin zion. Garaipena Pajur estoniarrarentzat izan zen. 

Behe Bidasoa eskualdean txirrindularitzak badu harribitxi berria. Konparaketak aparte eta presioa sartzeko intentziorik gabe, Patxi Vila edota Juanma Garateren lekukoa hartzeko aukera gehien dituen txirrindularia da Haimar Etxeberria. 

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika