EUSKAL HERRIKO SQUASH TXAPELKETA OSPATUKO DA ARTALEKUN

Larunbatean, irailaren 9an, ospatuko da txapelketa eta lehendabiziko aldiz Ipar Euskal Herriko taldeak arituko dira lehian

Euskal Herriko Squash Txapelketa ospatuko da asteburu honetan Irunen, Artalekuko kiroldegian. Irailaren 9an, goizez eta arratsaldez, ibiliko dira Euskal Herriko jokalari onenak lehian, txapela zeinek jantzi erabakitzen.

Gorka Arretxe Lur Alai Squash Klubeko arduradunak adierazi duenez, “Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroako emakume eta gizonak” lehiatuko dira asteburu honetan Artalekun Euskal Herriko Squash Txapelketan. Gainera, “lehenengo aldiz Ipar Euskal Herriko selekzioak ere parte hartuko du”, Arretxek berak jakinarazi duenez.

Irailaren 9an, goizez eta arratsaldez, ariko dira lehian squash jokalariak. 9:00etan hasiko dira neurketak eta bazkaltzeko atsedenaldiaren ondotik, arratsaldean finalerdiak eta finala jokatuko dituzte. Partidu guztiak 19:00etan bukatzea aurreikusi dute eta gero, sari banaketa eginen dute.

Laugarren pista berreskuratzeko borrokan

Irungo klubeko arduradunak aldarrikapena egiteko ere aprobetxatu du txapelketa hau. Berak erran duenez, “urteak daramatzagu hiru pistekin, laugarrena itxi zigutelako, eta azken hau berreskuratu nahiko genuke. Horretarako, Irungo Udaleko kirol zinegotziari konpromezua eskatzen diogu, baita klubak urtez urte egin duen lanari babesa ematea ere”. 

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika