HAIMAR ETXEBERRIA ETA HARITZ SEIN IRUNDARRAK ESSOR BASQUE-N

2024ko denboraldiari hasiera emanen diote Euskal Federazioaren maillotarekin

2024ko denboraldiari hasiera emanen diote gure eskualdeko 23 urtez azpiko txirrindulariek. Hain zuzen ere, Essor Basque lasterketan lehiatuko dira, asteburu honetan eta hurrengoan, Haimar Etxeberria eta Haritz Sein irundarrak Euskal Federazioaren maillotarekin.

Otsailaren 3an, larunbatean, emanen zaio hasiera Essor Basque lasterketari, 2024ko 23 urtez azpiko txirrindularien lehen proba izanen dena. Lehen egun horretan, Les Boucles de L´Essor izeneko lasterketan parte hartuko dute, Bokaletik Tarnosera dihoazten 117 kilometroak osatuz. 14:00etan izanen da irteera eta helmuga 16:45earako dago aurreikusita. Otsailaren 4an berriz, igandean, Le Circuit de L´Essor izanen du tropelak, Zuraidetik Kanbora joanen den lasterketa alegia. 120 kilometro izanen dira guztira eta ordutegiak aitzineko eguneko berak izanen dira.

Hurrengo asteburuan segida izanen du probak, otsailaren 9tik 11ra Le Tour de Basse Navarre (Donapaleu), La Ronde du Pays Basque (Donazaharretik Donibane Garazira) eta Tour de La Soule (Maule) probak izanen dituzte, hurrenez hurren.

Aurtengo edizioan Euskal Federazioaren maillotarekin bi irundar izanen ditugu, Finisher taldean ari den Haimar Etxeberria eta Eibar taldean dagoen Haritz Sein. Haiekin batera, Aitor Agirrek, Xabier Cerrok, Aimar Erostarbek, Unax Errastik eta Gari Ugartek osatuko dute taldea. Federaziotik azaldu dutenez, lehen lasterketa honetarako helburua “ekaineko estatuko txapelketei begira oinarriak ezartzea izango da”. Horretarako, gazteen aldeko apustua egin nahi izan du Eneko Iparragirre hautatzaileak eta “junior mailatik igotako hainbat txirrindulari deitu ditu”. Horiekin batera, “aurten jauzia eman behar duten txirrindulariak izango dira selekzioko kideak, tartean Xabier Cerro, Aimar Erostarbe edo Haimar Etxeberria”. 

(Argazkia: ETxF eta Martin Early)

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika