HAIMAR ETXEBERRIA ZORTZIGARREN TORREDONJIMENON

Espainiako Kopako lider segitzen du txirrindulari irundarrak eta horrela ekingo dio ortziralean Bidasoa Itzuliari

Torredonjimenon ospatu zen pasa den igandean elite mailako eta 23 urtez mailako Espainiako Kopako seigarren hitzordua. 165 kilometroko ibilbidea osatu zuen tropelak bertan, tartean lehen mailako Locubin eta bigarren mailako Valdepeñas mendateak igota. Haimar Etxeberria ere bertan izan zen eta zortzigarren postua eskuratu zuen helmugan, Espainiako 23 urtez azpiko Kopako liderraren maillota mantenduz.

Lehen 40 kilometrotan eguneko ihesaldia sortu zen Vian (Gomur), Bastida (Telco – ON Clima – Osés), De La Calle (Cortizo), Arango (Cortizo),  Towers (Caja Rural – Alea) García (Froiz), Criado (Finisher), Ramirez eta Crozzolo (Maglia Technosylva), Villaverde (Esetec), Galindo (El Bicho – Prime Numbers), Ceballos (Bicicletas Rodríguez) eta Casais (Laboral Kutxa) txirrindulariekin. Talde honek 1´20´´ko denbora tartea lortu zuen, baina lehen mendatean irentsiak izan ziren tropelarengatik.

Lasterketa irabazteko fabotiroek eta beraien taldeek hartu zuten horren lekukoa, eta zenbait saiakera egin zituzten bertze ihesaldi bat sortzeko. Alejandro Granados (Telco – ON Clima – Osés) eta Pablo Carrascosa (Finisher) saiatu ziren cortan, baina helmugarako 30 kilometro falta zirenean, berriz ere denak elkartu egin ziren. Hamar kilometro gelditzen zirenean, Javier Ibañez (Caja Rural - Alea) buru zuen taldeak 30 segunduko abantaila lortu zuen, baina hauek ere ez ziren bakarrik ailegatu helmugara.

Tropelean ez ziren alkar ulertu eta garaipena eskura utzi zieten aitzineko txirrindulariei. Horrela, Pablo Ara izan zen sprintean azkarrena eta beraz, garaipena lortu zuena. Bigarren Ibañez izan zen, elite mailako Espainiako Kopako lidergotza berreskuratuz eta Perez (Essax) izan zen hirugarren.

Haimar Etxeberriak berriz, zortzigarren postuan bukatu zuen lasterketa eta, jardunaldian bildutako puntu sorta kontuan hartuta, Espainiako Kopako 23 urtez azpiko liderraren maillota mantendu zuen. Horrela, irundarrak modu hortan ekingo dio heldu den ortziralean, apirilaren 26an, etxeko lasterketari, Bidasoa Itzuliari. 

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika