“HARROBIKO JOKALARI BATEK LEHEN TALDEAN DEBUTA EGITEN DUENEAN BETI SORTZEN DU ILUSIOA”
Futbola

“HARROBIKO JOKALARI BATEK LEHEN TALDEAN DEBUTA EGITEN DUENEAN BETI SORTZEN DU ILUSIOA”

(Argazkia: Gio Batista)

Irribarrea ahoan eta ilusioz gainezka. Iñigo Ariztimuño irundarrak azken bi neurketetan horrela jokatu ditu Aitor Zulaikak eskaini dizkion minutuak. Elkarrizketak igarotako minutuetan ere horrela mantendu da. Real Unionen inguruan sortzen ari den ilusio horren guztiaren bueltan, argi izpi berria eman dio Ariztimuñok zalegoari. Gazte guztion ametsa bete baitu: sorterriko klubarekin debuta egitea. Harmailetatik zelaira jauzi egitea, alegia. 

Taxoaren Real Unionekin lehen minutuak jokatu zenituen eta Ebroren aurka Stadium Galen estreinatu zinen. Horrelako kasuetan, zer sentitzen du harrobiko jokalari batek?

Nire kasuan, Taxoaren urduriago jokatu nuen. Aitorrek nigan konfiantza jarri zuen eta aulkitik dena emateko intentzioarekin irten nintzen. Hurrengo jardunaldian, Stadium Galen eta lagunak kanpoan nituela, oso berezia izan zen niretzat. Bizitza guztia eman dut Real Unionen jokatzen eta lehen taldeko neurketak ikusten. Orain beraiekin jokatzen aritzea ametsa da niretzat.

Talde barnean, nola aurkitzen zara? Eskarmentu handiko jokalariak ditu Real Unionek plantilan. 

Hasieran, hiru entrenamendu besterik ez nituen bete. Azarotik aurrera, normaltasunean entrenatzen hasi nintzen lehen taldearekin, baina hasiera-hasieratik oso harrera ona egin ninduten. Oso gustura nago beraekin jokatzen eta izugarri ikasten ari naiz.

Aitor Zulaikak ez du oparirik egiten…Hainbatetan deialdian sartu eta azken bi jardunaldietan minutuak eskaini badizkizu, zerbaitengatik izango da. 

Aitor Zulaikari eskerrak besterik ezin dizkiot eman. Ni lehen taldearekin jokatzea bere errua da, asko ikasten ari naiz eta beti oso eskertuta izango naiz berarekin. Entrenamenduetan nigan konfiantza duela nabaritzen dut eta horrek futbolari hobea egiten dit.

Zourdine Thiorrek eta Gexan Elosegik ere harrobian Aitor Zulaika izan zuten entrenatzaile eta biek bere lana goraipatu izan dute. Esan dezakegu Aitor Zulaika formazioko entrenatzailea dela? 

Zortea izan dut, beti asko gustatu baitzait Aitor Zulaika entrenatzailea. Pertsonalki ez nuen ezagutzen, baina Real Unioneko jarraitzailea naizenez, lehen aldiz taldeko entrenatzailea izan zenean jarraitu nuen. Beti oso ondo hitz egin didate Aitor Zulaika pertsonaz zein entrenatzaileaz eta egun, pertsona horiei arrazoia eman behar diet.

Aitorrek erantzunak behar ditu, entrenamenduetan den-dena eman behar duzu… 

Ez izan zalantzarik, dena ematen dut entrenamendu bakoitzean. Entrenamendu bakoitza lehen eguna balitz bezala hartzen dut. Nik orain buruan dudana lan egin eta minutuak pilatzen joatea da.

Lehen minutuak izan dituzu. Minutu horiek areagotu ditzakezula uste duzu? 

Jardunaldi honen ostean, ikusi beharko da zein egoeratan geratuko garen. Egoera matematikoki erabakitzen denean, nik uste minutu gehiago pilatu ditzakedala. Hala ere, ez nau gehiegi kezkatzen. Lehen esan dudan bezala, egunez egun eta entrenamenduz entrenamendu hobetzen joan nahi dut.

Zure ibilbidean, beti jokatu duzu Real Unionen? 

Stadium Galen hazi eta hezi naiz, baina jubeniletako hiru urteak Antiguoko taldean jokatu nituen. Maila nazionalean jokatzen zuen taldeak maila galdu zuen eta Donostian jokatu nituen hiru denboraldi horiek. Behin jubenil maila gaindituta, etxeko taldera buetatu naiz.

Harrobiko taldeaz ari garela, nola baloratzen duzu Real Union B-ren denboraldia? 

Igoera fasea jokatzea genuen helburu eta ez dugu bete. Bikain hasi genuen denboraldia, ondoren Covid-19ak denboraldia eten zuen eta txapelketa ez genuen ondo berrekin. Baja ugari izan genituen, taldea fisikoki ez zen ondo aurkitu eta erreskan lau neurketa galdu genituen. Taldeak konfiantza galdu zuen, baina denboraldia bi garaipen eskuratuta txukuntzea lortu dugu. Dena den, ez dugu aurten markatutako helburua bete.

Gaur egungo Real Unionen proiektua nola ikusten duzu? Zurekin batera, Lazkanoiturburuk ere debuta egin du aurtengo denboraldian. Harrobiko taldean nabaritzen da Aitorrek harrobiarekin kontatzen duela?

Baietz uste dut. Azken urtetan Real Unioneko harrobia ez da oso ondo zaindu eta Aitor Zulaika iritsi denetik gauzak aldatu dira. Harrobiko jokalariak lehen taldearekin entrenatzen hasi dira, bik debuta egin dugu eta jada ohikoa da harrobiko taldeko izen berriren bat deialdian ikustea. Aitor Zulaikak lana saritzen du, berdin zaizkio jokalarien izenak.

Lehen taldera iritsi zinenean zer egin zitzaizun deigarriena? 

Real Unioneko aldagela oso normala da eta agian hori egin zait deigarriena. Jokalariak nik pentsatzen nuena baino irekiagoak dira eta hasieratik oso ondo jaso ninduten. Familia gara eta ni familia horretako beste partaidea naiz.

Bukatzeko, ametsa bete duzula esan dezakegu? 

Bai, ametsa bete dut. Gaur egun, Irunen ez dago Real Unionekiko zaletasun handirik, baina nik beti jarraitu dut taldea Stadium Galen eta beti desiatu dut futbol zelai horretan Real Unioneko kamisetarekin jokatzea. 

Irakurri ondoren, entzun Iñigo Ariztimuñoren adierazpen guztiak. 

REAL UNION ROCAK PUNTU BAT GEHITU ZUEN SAILKAPENEAN
Futbola

REAL UNION ROCAK PUNTU BAT GEHITU ZUEN SAILKAPENEAN

Amaikak Bat taldearen kontrako partidua banako markagailuarekin bukatu zen, Mario Capeletek penaltiz sartutako golari esker

Real Unión Roca:...

REAL UNIONEK PUNTU BAT EKARRI ZUEN LAS GAUNAS ZELAITIK
Futbola

REAL UNIONEK PUNTU BAT EKARRI ZUEN LAS GAUNAS ZELAITIK

Solísen eskutik ailegatu zen txuribeltzek markagailuan berdintzeko baliatu zuten gola

Real Unionek banako markagailua erdietsi zuen pasa den...

IÑIGO IDIAKEZ: “EZ NAGO TALDEAREKIN KEZKATUTA, GURE EGOERAREKIN BAIZIK”
Futbola

IÑIGO IDIAKEZ: “EZ NAGO TALDEAREKIN KEZKATUTA, GURE EGOERAREKIN BAIZIK”

Real Unionek SD Logroñes bisitatuko du Las Gaunas zelaian bihar, martxoaren 23an, 16:00etan

Real Unionek SD Logroñes bisitatuko du larunbat...

REAL UNION ROCAK PUNTU BAT EKARRI ZUEN MINTXETATIK
Futbola

REAL UNION ROCAK PUNTU BAT EKARRI ZUEN MINTXETATIK

Binako markagailua erdietsi zuen Carlos Garciaren taldeak azken minutuan Elgoibarren kontra

CD Elgoibar: Mosquera; Moya, Barrenechea,...

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika