HONDARRIBIATIK ABIATUKO DA 2022KO ITZULIA

Hondarribiko kaleak zeharkatuko dituen zazpi kilometroko erlojupeko batekin hasiko da aurtengo Itzulia

Gaur goizean aurkeztu dute 2022ko Euskal Herriko Itzulia, Hondarribiako Udaleko Areto Nagusian. Bertan izan dira Txomin Sagarzazu, Hondarribiako alkatea, Julian Eraso, Itzuliko presidentea, eta Roberto Laiseka, Itzuliko zuzendari teknikoa. Aurtengo lasterketa apirilaren 4ean hasiko da eta 9an bukatu, eta Hondarribitik Arrateko gainera iritsi beharko dira txirrindulariak.

Itzuliak Hondarribian izango du irteera aurten, eta lehendabiziko etapa hau herriko kaleak zeharkatuko dituen zazpi kilometroko erlojupekoa izango da. Txomin Sagarzazuk jakinarazi duenez, proba “hondartzatik portu aldera joango da, itsasargira igo eta jeitsieran herriari buelta emanda, Santa Maria atetik Kale Nagusia hartu eta Arma Plazatik San Pedro kalera jeitsiko da, helmuga dagoen lekura”. Roberto Laisekak etapa honen xehetasunez ere mintzatu da: “Oso etapa laburra, aldapa txiki batzuekin. Lehen igoera puntuagarria izango da Mendiko Sariko lehen maillota lortzeko. Txirrindulari batzuk onena ematera aterako dira Mendiko Maillota eskuratzeko; Sailkapen Orokorrerako denbora alde txikiak sortuko dira”. Honez gain, txirrindularientzat lehendabiziko eguneko zailtasunik handiena alde zaharreko lurra izango dela ere adierazi du, izan ere, “eguraldiak baldintzatuko du lurraren egoera”.

Gainerako etapak, orokorrean, malkartsuak izango dira eta txirrindulariak beraien maila onena erakutsi beharko dute Arratera errentarekin iritsi nahi badute. Bigarren etapa Leitzatik Vianara joango dena izango da, hirugarrenak Laudio eta Amurrio lotuko ditu, laugarrena Gasteizen hasi eta Ingeteam Parke Zamudion amaituko da, bostgarrena parketik Mallabiara joango da, eta seigarrena eta azkena, Eibarren hasi eta Arrateko gainean bukatuko da.

Hondarribiako alkateak, aurkezpenean, Itzulia herrian hasteak duen garrantzia goraipatu du: “Etxeko atarian dugu. Gainera, lehengo urtean zehaztu genuen hemen hastea nahi genuela eta erlojupekoa izatearen aukera eskeinita, hortan parte hartu genuen. Beraz, joan den urtekoaren antzekoa bada, zoragarri. Gure herritarrontzat oso erakargarria da, baita gure herriarentzat ere. Turismo jasangarrirako ekimenetan parte hartu behar baitugu”.

Laisekak, bere aldetik, proba prestatzeko Hondarribiarekin elkarlana ona izan dela aipatu du: “Lehengo urtetik harremana ona da Udaletxearekin. Erlojupeko bat egin nahi zuten, Garateren laguntzarekin prestatu dute, eta bai beraientzat eta bai guretzat ere, pozik egoteko arrazoia da. Udaletxe batek kirolaren inguruan apustu egin nahi badu guretzat ona da”.

Honela, apirilaren 4ean Hondarribiako kaleetan goi-mailako txirrindularitza eta txirrindulariak ikusteko aukera izango dute zaleek, 2022ko Euskal Herriko Itzuliko lehendabiziko etapa izango den erlojuaren kontrako probarekin. 

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika