Ibilbide gogorra, baina ederra

Erlaitz-Aiako Harria mendi lasterketa egingo dute maiatzaren 8an

350 korrikalari irtengo dira maiatzaren 8an, 9:00etan, Ola Sagardotegiko aparkalekutik. VI.Erlaitz-Aiako Harria mendi maratoi erdia bukatzea izango dute helburu. 22 kilometro pasatxoko ibilbidea osatu beharko dute horretarako. Aldapa pikoak eta jaitsiera arriskutsuak gainditu beharko dituzte. Baina trukean, naturaz eta paisaia ikusgarriez gozatzeko aukera izango dute. Horiek baloratzeko indarra baldin badute, behintzat.

Lasterketa gogorra da Erlaitz-Aiako Harria. 1.300 metroko desnibel positiboa du, eta %48rainoko aldapa duten puntuak ere baditu. Torreoien igoera eta Irumugarrieta tontorrera daramana dira zailtasunik handienak. Hala ere, maratoi erdiko distantzia labur samarra da, mendi lasterketen munduan nagusitzen ari diren proba luzeagoekin alderatuta. Horregatik, Erlaitz-Aiako Harria hasiberrientzat ere egokia izan daitekeela uste du Iñaki Catalán talde antolatzaileko kideak: “Neurriko entrenamenduarekin, mendian korrika ibiltzen den edonork amaitu dezake lasterketa. Bero ikaragarria egiten ez baldin badu, behintzat, ateratzen diren gehien-gehienek bukatzen dute”.

“Neurriko entrenamenduarekin, mendian korrika ibiltzen den edonork amaitu dezake”

Iñaki Catalán

Horixe izan zen duela sei urte lasterketa martxan jartzerakoan izan zuten helburuetako bat. Mendian korrika ibiltzen zen lagun talde bat Erlaitz Mendi Elkartean biltzen hasi zen orduan, Irunen proba bat antolatzeko asmoz. “Konturatu ginen guk lasterketetan parte hartzen genuela, beste batzuek antolatzeko lana hartzen zutelako. Horregatik, gure eremuan proba bat eskaintzea erabaki genuen”. Aiako Harriko paraje ikusgarriak hautatu zituzten horretarako. Esperientziarik eta ideia handirik gabe antolatu zuten lehen edizioa. Baina aurrera atera zuten, eta konturatu ziren bazutela gaitasuna. Urte hartan jasotako aholkuen arabera, amaiera aldatu zuten. Errota Zaharreko maldaren gainean dago orain helmuga, Sioutz eskolatik gertu. Hantxe eskaintzen dituzte dutxak, aldagelak, eta hamaiketako oparoa. “Nahiko familiarra da lasterketa. Baina korrikalariei giro hori gustatzen zaie”, argitu du Catalanek.

Muga zorrotzak ditu lasterketak

Aholku horien arabera, ibilbidea ere moldatu zuten, lasterketa pixka bat gogortzeko. Bigarren ediziotik aurrera, ordea, aldaketa handirik ez du izan mendi maratoi erdiak. Aiako Harrietako hiru tontorrak pasatzea planteatu izan dute, baina Iñaki Catalanek onartu du ez duela aukera hori posible ikusten: “Arriskutsua izan liteke. Edonola ere, lasterketa gogortu eta teknikoki konplikatuko luke, eta ez litzateke edonoren esku egongo. Parte hartzaileen tipologia mugatuko luke, eta guk ez dugu hori bilatzen”. Topatu dituzten beste muga handiak parke naturalaren izaerak sortutakoak dira: “Beste leku ikusgarri asko daude. Adibidez, tuneletatik pasa nahi genuke, baina garai horretan hegazti batzuk habia egiten egoten dira, eta ez digute lasterketa handik sartzen uzten”.

“Gure lasterketa bizpahiru aldiz egin ondoren, jendeak nahiago du beste erronkak probatu”

Iñaki Catalán

Gainera, lasterketa Aiako Harria parke naturalean egiten dutelako, 350 parte hartzaileen muga ezartzen die Gipuzkoako Foru Aldundiak. Kopuru hori handitu nahi luketela baieztatu du Iñaki Catalanek. Dena den, aitortu du aurten nahi baino gehiago kosta zaiela 350 dortsalak saltzea. Azalpen logikoa eman du: “Gure lasterketa bizpahiru aldiz egin ondoren, jendeak nahiago du beste erronka batzuk probatu. Aukera zabala dago, gero eta lasterketa gehiago daudelako”. Estankatzeko arriskuan ikusten du, beraz, lasterketa: “Eraberritzera behartuta gaude. Bestela, zaila da ingurukoekin lehiatzea”.

Hirugarren edizioan saiatu ziren bide horretan ekarpen bat egiten. Kilometro erdi bertikaleko lasterketa labur eta gogorra antolatu zuten mendi maratoi erdiaren aurreko egunean. Asteburu osoko egitaraua eskaini zuten horrela, Sky Games izenpean. Hiru edizio egin zituen Erlaitzek antolatutako Sky Games ekimenak. Baina aurten, kilometro erdi bertikala alde batera uzteko erabakia hartu dute: “Ez ditugu helburuak bete, parte hartzeari dagokionez. Momentuz, arrakasta handirik ez dute igoera bertikalek”. Beraz, larunbateko lasterketa alde batera utzi, eta igandeko mendi maratoi erdian jarri dute arreta osoa. Beste urte baterako, proba Irungo erdigunean amaitzeko aukera ere mahai gainean jarri dute, diru-laguntza eta babesle gehiago lortzeko. “Baina horrek asfalto kilometro gehiago eskatuko lituzke, eta mendi lasterkariei ez zaie gehiegi gustatzen”, zalantza egin du Catalanek.

Boluntarioen ezinbesteko lana

Erlaitz Mendi Elkarteko Mugalariak sekzioak antolatzen du lasterketa. Mendian korrika ibiltzen diren bazkideak dira. Lasterketaren egunean, ordea, elkarteko gainontzeko bazkideen eta haien senideen eta lagunen babesa izaten dute. Laguntza hori gabe, lasterketa antolatzea ezinezkoa izango litzatekeela adierazi du Catalanek: “150 lagun inguru mobilizatzen ditugu, bidegurutzeak kontrolatzeko, janariak eta edariak emateko, etab.”. Mugalarien ordezkaritza txiki bat ere egoten da lasterketan. Baina egun horretan, lehentasuna ez da parte hartzea, Erlaitz Aiako Harria mendi maratoi erdia ondo antolatzea baizik.

 

Hazkunde handia, estrukturarik gabe

Erlaitz-Aiako Harria mendi maratoi erdiaren eskutik sortu zen Mugalariak taldea. Proba antolatzeko gelditzen hasi ziren, elkartean batzuetan, eta mendian beste batzuetan. Horrela, modu naturalean, mendi lasterkarien taldea ere osatzea erabaki zuten. Denbora tarte laburrean, hazkunde ikaragarria izan du taldeak, eta ehun kide inguru ditu gaur egun. Gehiegi hazi direla uste du Iñaki Catalanek, ez baitute inolako estrukturarik: “Erlaitz Mendi Elkartearen sekzio informal bat besterik ez gara. Baina hemendik aurrera, nolabait erregulatu beharko dugu”.

Argi dagoena da mendian korrika egitea modan dagoela. Kirola egin nahi duenarentzat, gimnasiora joatea baino dibertigarriagoa dela iruditzen zaio Catalani: “Adin jakin batetik aurrera, abenturak eta emozioak behar izaten ditugu, errutina oso astuna baita”. Mononotia apurtzeko modu ederra izan daiteke mendian korrika ibiltzea: “Lehen egunean leher eginda amaituko duzu. Baina sasoian egonez gero, sentsazio ikaragarriak transmititzen ditu”. Mendizale batzuek, ordea, ez dute begi onez ikusten. Erantzun zorrotza eman du Catalanek: “Mendiaz gozatzeko beste modu bat baino ez da. Eboluzio naturala. Barrita energetikoek bokadilloa eta zahatoa ordezkatu dituzte, eta zapatilek mendiko botak”.

 

JAIZUBIA ZALDIKETA ESKOLAK EMAITZA EZIN HOBEAK LORTU ZITUEN II ANAGAN KOPAN

Zizurren jokatu zuten II Anagan Kopako bigarren fasea eta bi jardunaldietan garaipenak eskuratu zituen Irungo klubak

Euskadiko Hipika Federazioak...

HELENE ROBLESEK GARAIPEN BIKOITZA LORTU DU JOLASETAN ETA OBERENAN

Azken bi asteburuetan Tenis Badia klubean ari den Roblesek bi garaipen eskuratu ditu, Jolasetan eta Oberenan jokatutako Alebin mailako Openean

Tenis...

JAIZUBIA HIPIKA KLUBAK II. ANAGAN KOPAKO BIGARREN FASEA JOKATUKO DU ZIZURREN

Lehiaketa hirugarren kategoriakoa da eta Irundik 40 bat zaldizkok eta amazonak hartuko dute parte

Euskadiko Hipika Federazioak lau egoitzatan antolatzen du...

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika