IÑAKI GOIKOETXEA EZ DA REAL UNIONGO ENTRENATZAILEA IZANEN HELDU DEN DENBORALDIAN
Futbola

IÑAKI GOIKOETXEA EZ DA REAL UNIONGO ENTRENATZAILEA IZANEN HELDU DEN DENBORALDIAN

Mario Capeletek ere, jokalari moduan, bere ibilbide profesionala bukatu du talde txuribeltzean

Real Unionek 2022/23ko balantzea egin du eta zenbait aldaketen berri emateko aprobetxatu zuen atzo prentsarekin egin zuen hitzorduan. Mikel Bengoa kirol zuzendariaren kontratua berritzeaz gain, Iñaki Goikoetxea ez da lehen taldearen entrenatzaile izanen eta Mario Capeletek ere ez du bertan tokirik edukiko jokalari gisa.

Denboraldiko helburua lortuta, Real Unionen heldu den urteari begira jarri dira segidan. Lanean ari dira oraindik, taldea osatzeko bidean, baina dagoeneko zenbait berrikuntza izanen dira klubean eta lehen taldean, batez ere. Horietako lehenengoa Iñaki Goikoetxeak ez duela entrenatzaile gisa segituko da. Igor Emery Real Uniongo Administrazio Kontseiluko presidenteak jakinarazi zuenez, “Goikori hamaika partidurako kontratua eginen geniola esan genion, ez genuen etorkizunari buruz hitz egin. Bera prest zegoela esan zigun eta bere erantzuna benetan ona izan da. Goiko jokalari bezala garrantzitsua izan zen eta orain ere garrantzitsua izan da entrenatzaile bezala. Agian aurrerago aukera izanen du berriz ere”.

Nahiz eta bertze entrenatzaile berri baten bila dabiltzan, Goikoetxea “klubaren organigraman egotea” nahi du Real Unionek. “Bere inplikazioa %100ekoa izan da eta taldea berarekin momentu oro egon da. Eskerrak eman nahi dizkiogu eta gure asmoa gurekin egotea da”, gaineratu zuen Emeryk. Ez berritzearen arrazoietako bat entrenatzailea gisa esperientzarik ez duela da, eta horregatik egokiagoa izanen den bertze baten bila ari dira.

Iñaki Goikoetxearekin batera, Mario Capelete ere lehen taldetik kanpo gelditu da. Real Uniongo presidenteak azaldu zuen jokalari irundarrak “ez duela datorren denboraldian hemen jarraituko”. Astelehenean eman zioten honen berri Capelete berari eta “albiste gogorra” izan omen zen berarentzat. Hala ere, Emeryk argitu zuen “iaz kontratua berritu zuenean esan genuen balorazioa egingo genuela urte bukaeran. Orain, emaitzen arabera, lehen taldean ezin izango duela jarraitu erabaki dugu”. Honez gain, zalantzan dago ea harrobiarekin lanean jarraituko duen irundarrak, bere etorkizunaren arabera hartuko dute erabakia. Presidenteak Gal “bere etxea” dela azpimarratu nahi izan zuen eta “polita izanen litzatekeela futbolari izateari uzten dioenean entrenatzaile gisa etortzea”. Horretarako “balio duela” ere onartu zuen Emeryk. Mario Capeleteri agurra eginen diote heldu den astelehenean, ekainaren 5ean, Stadium Galen, zaleek aukera izan dezaten jokalariak merezi duen aitortza egiteko.

Berritze bat ere argitara eman zuen Real Unionek atzoko prentsaurrekoan. Mikel Bengoak kirol zuzendari gisa segituko du klub txuribeltzean bertze urtebetez. Lan honetan esperientziarik ez zuela ailegatu zen Irunera Bengoa eta “kluba ezagutzeko” baliatu duela urte hau aipatu zuen Igor Emeryk. Bere lanaren “balorazio oso ona” egin ondotik, eta “bere egokitzapen azkarra” ikusita, “luzaroko hemen egotea” espero dute eta “proiektu honen parte izatea”.

Real Uniongo presidenteak oroitarazi zuenez, “urte hasieran ez genuen mugimendu askorik egiteko aukerarik. Berak ulertu zuen non zegoen eta ongi egokitu zen. Pozik gaude egindako lanarekin eta egiten ari denarekin ere”. Emeryk ere harrobiarekin egin duen lana azpimarratu nahi izan zuen: “Mikel oso inplikatua egon da Roca-rekin eta bere igoerarekin. Heldu den urteko plantilla ere eraikitzen ari da, eta harrobiarekiko inplikazio handia du. Kluba proiektu global gisa ulertzen du”.

Honen ondotik, Mikel Bengoak berak hartu zuen hitza eta Administrazio Kontseiluak eman dion aukera hau eskertu nahi izan zuen: “Neregan, lehen momentutik, izan duten konfiantza eskertzekoa da. Are gehiago, lehen taldearen jarraipena zaila izan den urte honetan. Hemen segitzeko aukera eskertu nahi nioke Igor Emeryri eta administrazioari”.

Urte zaila izan dela ere onartu zuen Bengoak, Aitor Zulaikaren kanporaketak, baita David Movillarenak ere eragin handia izan du lehen taldean eta klubean. Horri hasieratik izan dituzten bajak gehitu behar zaizkio, eta horrek guztiak emaitza txarrak ekarri ditu taldera. Hala ere, kirol zuzendariak balorazio positiboa egin zuen denboraldiaren inguruan: “Emaitza egokiak izan ditugu. Izan ere, azaroan Federazio Kopako finalerdiak jokatzeko sailkatu ginen. Honek Errege Kopa jokatzea ahalbidetu zigun. Hilabete horretan bertan Cadiz garaitu genuen hemen eta Mallorcaren kontra aritzeko aukera izan genuen abenduan”.

Urtea jeitsiera postuetatik kanpo bukatu bazuten ere, urte berriaren lehen zatian behera egin zuen taldeak berriz. Orduan, Bengoak azaldu zuenez, “Iñaki Goikoetxeari esker, maila aurrera atera ahal izan dugu. Bertze nonbaiten kokatuak egon nahiko genuke, baina oraintxe bertan maila honetan egonkortu behar gara, oso zaila baita. Hortik aitzinera, logika horrekin, hobetzen joan beharko gara egunez egun”.

Entrenatzaile berria bilatzen ari direla jakinarazi zuen kirol zuzendariak eta horretarako “elkarrizketak” edukitzen ari direla, “Real Unionentzat zuzena den erabakia hartzeko”. Honez gain, plantilla osatzen ari direla ere argitu zuen Bengoak: “Orain sei jokalari ditugu plantillan: Jon Irazusta, Antonio Montoro, Miguel Santos, Jon Mikel Aranburu, Kike Rivero eta Alain Oyarzun. Hauek dira datorren denboraldian Real Unionen egonen direnak”. Bajak ere badituzte: “Gorka Kijeraren baja dugu, futbola uztea erabaki duelako. Bere inplikazioa eskertu behar dugu, jokatu ezinik ibili den arren, ezinbestekoa izan da taldean. Kijeraz aparte, beraien jatorrizko klubera itzuliko dira Joel Jimenez, Antonio Espigares, Victor Parada eta Gio Gagua”. Bertze jokalari guztien artean, oraindik ere erabakitzen ari dira zeini berritu eta zeini ez, baina hori entrenatzailea erabakitzerakoan eginen dutela erran dute.

Bukatzeko, Mikel Bengoak Real Union Rocak aurten egin duen lana aintzat hartu nahi izan zuen. Mailaz igotzea lortu dute eta hori “Carlos Garciaren eta bere lantaldearen” lana izan dela azpimarratu zuen. Gizonezkoen Ohorezko Erregional mailan arituko dira datorren urtean eta horretarako, “plantilla osatzeko lanean” ari direla jakinarazi zuen kirol zuzendariak. Dagoeneko badakite batzuk ez dutela jarraituko eta horiek lekuak “proiekzioa duten eskualdeko gazteekin” ordezkatu nahi dituzte. Honen harira, “bigarren eta lehen taldearen arteko distantzia” txikitu nahi dutela erran zuen Bengoak, bertako jokalariek etorkizuna eduki dezaten bertako taldean. 

FRAN JUSTO: “OSASUNA BEHARRETAN DAGO, BAITA GU ERE”
Futbola

FRAN JUSTO: “OSASUNA BEHARRETAN DAGO, BAITA GU ERE”

Real Unionek Osasuna Promesas bisitatuko du bihar Taxoaren

Real Unionek garaipena eskuratzeko bertze aukera bat izanen du bihar, apirilaren 27an,...

REAL UNION ROCAK BETI GAZTE GARAITU ZUEN GALEKO ANEXOAN
Futbola

REAL UNION ROCAK BETI GAZTE GARAITU ZUEN GALEKO ANEXOAN

Letamendiak penaltiz sartutako golari esker jardunaldiko hiru puntuak etxean gelditu ziren

Real Unión Roca: Rodríguez; Arteaga (Fernández,...

REAL UNIONEK BERTZE HIRU PUNTU BATU ZITUEN GALEN
Futbola

REAL UNIONEK BERTZE HIRU PUNTU BATU ZITUEN GALEN

Unionistas de Salamanca garaitu zuten etxean eta jeitsiera postuetatik aldentzen hasiak dira txuribeltzak

Real Unionek garaipen garrantitzusa lortu...

FRAN JUSTO: “HEMENDIK AITZINERA PARTIDU GUZTIAK FINALAK IZANEN DIRA ETA EZIN DUGU DEUS ERE GORDE”
Futbola

FRAN JUSTO: “HEMENDIK AITZINERA PARTIDU GUZTIAK FINALAK IZANEN DIRA ETA EZIN DUGU DEUS ERE GORDE”

Real Unionek Unionistas de Salamanca jasoko du igandean, apirilaren 21ean, Galen 18:00etan

Real Unionek final baten moduko bertze partidu bat jokatu...

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika