“INOIZ BAINO GEHIAGO, REAL UNIONEK BERE HANDITASUNA ERAKUTSI BEHAR DU”
Futbola

“INOIZ BAINO GEHIAGO, REAL UNIONEK BERE HANDITASUNA ERAKUTSI BEHAR DU”

Aitor Zulaikak talde txuri-beltzaren helburua 26 jardunalditan ahalik eta puntu gehien lortzea dela aitortu du. 

Asteak daramatza teknikari azpeitiarrak neurketa guztiak garrantzitsuak direla esanez eta denborak arrazoia ematen ari dio. Larunbatekoarekin batera, talde irundarrak Santanderreko Racing jasoko du Stadium Galen, hiru final ditu aurretik igoera faseko sailkatuetako bat izateko. Biharko neurketa zaila bada, geratzen zaizkion beste bi neurketak ere ez dira nolanahikoak: Portugalete (La Floridan) eta Bilbao Athletic (Stadium Galen).

Zentzu horretan, Aitor Zulaikak helburu zehatz bakarra ezarri du: lehen 26 jardunaldietan ahalik eta puntu gehien batzea. “Lehen fasearen amaierara iristen ari gara, ez denboraldi amaierara eta oraindik asko egiteke dugu. Denboraldi hasieran ezarri nuen jomuga bakarra lehen 26 jardunaldietan puntu gehien erdiestea”, irmoki adierazi du.

Racingen inguruan, nahiz eta aurreko astean galdu, “gorako norabidean” dagoen taldea dela eta El Sardineron jokatu zutenetik “taldea asko aldatu” dela aipatu du. Bi taldeak aurrez aurre lehiatu ziren azken neurketa alderatuta, 4-5 jokalari berri ditu Santanderreko Racingek; hala nola, Athletic eta Sportingeko jokalari ohia den Isma Lopez. “Aritz Solabarrietaren eragina nabaritzen da, gure aurka jokatu zutenean egun gutxi zeramatzan karguan eta taldearen identitatea ez zuten argi”, gehitu du.

Historia handia duen taldea da kantabriarra eta Real Unionek gogotik egin beharko du lan punturen bat batu nahi badu. Azken bost neurketan, 4 garaipen erdietsi ditu Racingek, etxetik kanpo jokatutako azken 3 partiduak irabazi ditu eta horietatik bitan, lau gol sartu zituzten (orotara 8). Edonola ere, Aitor Zulaikak argi du Racingen izenarengatik neurketa ez dela beste modu batera prestatu behar: “nik pertsonalki ez diot gainontzeko neurketei baino garrantzi handiagoa ematen. Asteak daramatzagu arerio zuzenen aurka neurketak jokatzen eta biharkoa beste bat da”.

Gakoak. 

“Inoiz baino gehiago Real Union izan behar dugu”, hori izango da Aitor Zulaikarentzat biharko neurketako gakoa. Bere aburuz, Stadium Galen elkarren aurka lehiatuko diren taldeen jokatzeko erak eta marrazkiak “oso antzekoak” dira. Horren aurrean, Real Unionek izaera borrokalaria erakutsi beharko du taldearen ideia ofentsiboak eta defentsiboak garatzeko, baloiaren mugimenduan akats gutxi egin eta errespetuarekin, baina beldurrik gabe, neurketa irabaztera irten berdegunera.

Quique Rivero sorterriko taldearen aurka. 

13 urte igaro zituen Quique Rivero erdilariak Santanderreko Racingen taldean; bihar, aldiz, sorterriko taldearen aurka lehiatzea egokitu zaio. “Berezia El Sardinderon jokatu nuen norgehiagoka izan zen, ez bainuen inoiz bisitari bezala jokatu. Beti izango da berezia niretzat Racingen aurka jokatzea, nire txikitako taldea da”, aipatu du.

Talde txuri-beltzaren zelai-erdia bereganatu du eta taldeak hartutako norabidearekin “oso pozik” dagoela aitortu du: “taldekideekin ondo ulertzen naiz eta gustora nago berdegunera ateratzen naizen bakoitzean. Gainera, arazo fisikoak atzean utzi ditudanez, indarrarekin nago”.

Azkenik, Aitor Zulaikaren antzera, biharko partiduak azkeneko jardunaldien garrantzi bera duela aitortu du: “puntuak batu behar ditugu, hori da gure kezka nagusia. Azken jardunaldietako arerioak zuzenak eta neurketak garrantzitsuak izango dira”.

Ekhi Bravo deialdian sartzeko prest. 

Denboraldi hasieratik min hartuta egon den Ekhi Bravo deialdira bueltatzeko aukera izango du jardunaldi honetan. “Oso albiste ona da jokalariak batzea, neurketa asko geratzen baizaizkigu aurretik”, adierazi du Zulaikak. Ekhi Bravoz gain, Guille Donoso eta Anatz Elizondo sendatzetik gertu daudela jakin izan dugu. 

IRUNGO UDALAK 534.000 EURO BIDERATUKO DITU STADIUM GALEN HOBEKUNTZAK EGITEKO
Futbola

IRUNGO UDALAK 534.000 EURO BIDERATUKO DITU STADIUM GALEN HOBEKUNTZAK EGITEKO

Irisgarritasun neurriak betetzeko igogailua instalatzeko eta berdegunea berritzeko inbertsioak aurreikusi ditu 

Maiatzeko udal osoko bilkuran...

OSASUNAK UDAKO FUTBOL CAMPUSA EGINEN DU DONEZTEBEN
Futbola

OSASUNAK UDAKO FUTBOL CAMPUSA EGINEN DU DONEZTEBEN

4 eta 14 urte bitarteko haurrek hartzen ahalko dute parte ekainaren 24tik 27ra eginen den topaketan

Osasunak udako futbol campusa antolatu du Donezteben,...

FRAN JUSTO: “BIHAR IRABAZI NAHI DUGU AITZINERA PAUSU GARRANTZITSUA IZANEN DELAKO”
Futbola

FRAN JUSTO: “BIHAR IRABAZI NAHI DUGU AITZINERA PAUSU GARRANTZITSUA IZANEN DELAKO”

Real Unionek denboraldiko azken aurreko partidua jokatuko du bihar, azkena etxean, Fuenlabradaren kontra

Real Unionek denboraldiko azken aurreko partidua...

REAL UNION ROCARI IHES EGIN ZION GARAIPENAK
Futbola

REAL UNION ROCARI IHES EGIN ZION GARAIPENAK

Talde txuribeltzak bere alde zuen markagailua, baina Beasain Bk neurketa berdintzea lortu zuen azken minutuetan

Real Unión Roca:...

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika