IRUNGO KIROLAREN GALA OTSAILEAN OSPATUKO DA
Multimedia

IRUNGO KIROLAREN GALA OTSAILEAN OSPATUKO DA

Gaur goizean aurkeztu dute aurtengo ekitaldia eta otsailaren 14ean ospatuko dela aurreratu dute

Irungo Udalak Irungo Kirolaren Sariak banatzeko egiten duen ekitaldia ospatuko du berriz ere. Pasa den urtean, pandemia zela eta, bertan behera gelditu zen emanaldia, baina aurten berriz ere egitea erabaki dute. Kirolaren Gala deitzen dioten ospakizun hau otsailaren 14ean egingo da, Ficoban, arratsaldeko 19:30ean.

Gaur goizean, Borja Olazabalek, Irungo Udaleko kirol zinegotziak, prentsaurrekoa eman du Kirolaren Sariak eta Kirolaren Gala aurkezteko asmoarekin. Bertan, orain dela bi urteko formatua berreskuratuko dutela jakinarazi du: “Gala formatu hau aspaldian egiten zen, gero galdu egin zen eta orain dela bi urte berreskuratu genuen. Iaz ezin izan genuen egin pandemia zela eta, baina aurten berriro ere gala formatuan banatuko ditugu sariak”.

Ospakizunean, sariak banatzeaz gain, kirolarekin lotutako musika emanaldi bat ere eginen dela adierazi du. Aurten, gainera, berrikuntza bat ere izanen du emanaldiak. Izan ere, ohorezko saria ere banatuko dute, kirol munduan ibilbide luzea izan duen norbaiti eskainiko diotena, eta galan bertan argituko dutena. Zinegotziak azaldu duenez, “gustatzen zaigu gure kirolariei esker ona ematea. Garaipen ugari dituzten kirolariak ditugu eta kontuan hartzea merezi dute”.

Sarien artean, emakumezko kirolari onena, gizonezko kirolari onena eta Irundarron Saria egongo dira jokoan. Azken hau bereziena izango da, irundarrek bozketa bidez erabakitzen dutena baita. Hauek, Irungo Udaleko webgunearen bitartez eman dezakete bozka, ekitaldia baino aste bat lehenagotik. Olazabalek aipatu duen moduan, oraindik ez dute martxan jarri, baino hurrengo asteetan jakinaraziko dute noiz eta nola parte hartzen ahal duten irundarrek saridunen aukeraketan.

Zinegotziak berak proposatutako kirolariak zein diren argitu du. Hau da saria jaso ahal duten kirolarien zerrenda:

Naroa Garcia, urrezko domina Espainiako Grappling txapelketan

Bidasoa Kluba, Asobal Ligako txapeldunordea

Aritz Larrarte eta Gorka Pablos, Espainiako Trinkete txapeldunordeak

Julen Aginagalde, Asobal Ligako txapeldunordea eta brontzezko domina Joku Olinpikoetan

Teresa Errandonea, 100 metroko hesi proban Espainiako txapelduna eta Joku Olinkipoetan partehartzailea

Ander Elosegi, diploma jaso zuen Joku Olinpikoetan

Maitane Herrero, judoko Espainiako txapeldunordea

Haimar Etxeberria, hainbat garaipen lortu ditu junior mailan eta Espainiako selekzioarekin Munduko eta Europako txapelketan partehartzailea izan da

Jaouad Karbal, urrezko domina Espainiako Grappling Txapelketan

Maialen Ramos, brontzezko domina Espainiako judo Txapelketan

Dario Cerezal, kulturismoko Espainiako txapelduna

Irati Beorlegi, OCR proban Espainiako txapelduna

Asier Landart, OCR proban Espainiako txapelduna

Jaizubia Hipika Kluba, hainbat txapelketa antolatzeagatik eta Irungo hipika sustatzeagatik

Jose Gomez de Arriba, Euskadiko maratoi txapelduna

Klara Olazabal, Europako eta Munduko txapelketetan dominak irabazteagatik

Santiagotarrak Kluba, txapelketa internazionaletan lehiatzen kirolari gehienak izateagatik errekorra du eta aulki mugikorreko Espainiako txapelketan 30 domina irabazteagatik

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika