IRUNGO KIROLAREN SARIAK BANATU ZITUZTEN ATZO
Multimedia

IRUNGO KIROLAREN SARIAK BANATU ZITUZTEN ATZO

Asier Landart izan zen Irundarron Saria irabazi zuena eta Leire Landak Txokolatezko Baloia jaso zuen lehen aldiz

Atzo arratsaldean ospatu zen Irungo Kirolaren Sarien banaketa Ficoban. Pandemia zela eta, orain dela bi urte ez zela gala hau egiten eta berriz ere berreskuratzeko aukera izan dute aurten. Nominatu ia guztiak izan ziren bertan eta Asier Landartek, OCR lasterketako Espainiako txapeldunak, Irundarron saria eraman zuen, arratsaldeko saririk bereziena.

Gala Ylenia Benito kazetariak aurkeztu zuen eta Iker Martinen musikarekin girotua egon zen. Andrea Agassiren autobiografiaren pasarte bat irakurri ondoren, eman zioten hasiera sari banaketari eta lehendabizikoa, Jaizubia Hipika Klubari eskeini zioten, Irungo Kirol Klub Onenarena hain zuzen ere. Klubak azken aldian hipika sustatzeko egin duen lana aitortu nahi izan zuten honekin, eta Maite Gonzalez, Jaizubiako lehendakariordea, oso pozik azaldu zen sariarekin: “Ezagutzera eman nahi dugu hipika, kirol hau denontzat izatea nahi dugulako. Pandemian jende asko hurbildu da klubera eta lan horretan gaude. Guretzat sorpresa handia izan da Irungo Udala gutaz oroitzea eta oso pozik gaude, bihotzez”.

Hurrengo saria, Gizonezkoen Kirolari Onenarena, Bidasoa Irungo jokalaria den Julen Aginagalderentzat izan zen, Joku Olinpikoetan brontzezko domina eskuratzeagatik. Bera ere oso harro sentitu zen aitortzarekin: “Oso etxekoia naiz, denek hemendik ikusi naute bizitza guztian, eta horrelako aitortza jasotzea oso polita da niretzat”. Emakumezkoetan, Teresa Errandoneak jaso zuen Aginagalderen sari bera, Joku Olinpikoetan parte hartzeagatik baita ere. Errandonea ezin izan zen galan bertan egon, izan ere beste garaipen bat eskuratzen ari zen bitartean, Val de Reuil-eko Meeting-an. Hemen, 60 metroko hesi-lasterketan lehendabiziko postuan helmugaratzeaz gain, 8,13 segunduko denbora egitea ere lortu zuen, denboraldiko bere markarik onena.

Irundarron Saria banatu aurretik, Irungo Udalak lehendabiziko aldiz Txokolatzeko Baloiaren Saria eskeini zuen. Honen irabazlea Leire Landa futbolari irundarra izan zen, Espainiako Selekzioaren emakumezkoen taldeko lehen hamaikakoan izateagatik. Landak ere sorpresaz eta ilusio handiarekin hartu zuen saria: “Irundik kanpo urte asko pasatu ditut, baina estima handia diot hiriari eta horrelako aitortzarekin oso pozik nago”. Azkenik, irundarrek bozkatutako saria banatu zuten eta hau Asier Landartentzat izan zen, OCR lasterketetako Espainiako txapeldunarentzat. Landartek ere atseginez hartu zuen saria, izan ere, kirol honek “kanpoan pisu gehiago du eta, etxean nominatua egotearekin bakarrik, oso konten nengoen. Saria eramanda, oraindik gehiago”, onartu zuen.

Hau guztiaz gain, Irungo Udalak Adrian Crowley Bidasoako jokalari ohia eta Kako Aramburu tiratzaile olinpikoa omendu nahi izan zituzten, aurten beraien kirol ibilbideari agur esan dioten bi irundar izateagatik. Gala amaitzeko, nominatu guztiak eta Mariño Elkarteko futbol taldeko neskak oholtzara igo ziren, azkeneko argazki bat ateratzeko asmoarekin. 

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika