JAIZUBIA ZALDIKETA ESKOLAK EMAITZA EZIN HOBEAK LORTU ZITUEN II ANAGAN KOPAN

Zizurren jokatu zuten II Anagan Kopako bigarren fasea eta bi jardunaldietan garaipenak eskuratu zituen Irungo klubak

Euskadiko Hipika Federazioak antolatua, 3* kategoriako txapelketa jokatu zen Zizurren asteburuan, II Anagan Kopako bigarren fasea hain zuzen ere. 300 zaldizko-amazona inguruk parte hartu zuten bertan, tartean estatu mailan gorenean dabiltzan binomikoak. Edonola ere, honen aitzinean, Jaizubia Zaldiketa Eskolakoak ez ziren kikildu eta beraiek ere emaitza ezin hobeak bildu zituzten.

Larunbateko saioan, 1,10m-ko proban, Usua Cilveti Jaizubiako amazonak bigarren postua lortu zuen Hazzele TS zaldiarekin. 0,80m-ko proban berriz, Juncal Sanzol izan zen lehen postuan sailkatu zena Jaizubia Zaldiketa Eskolako Estrella zaldiarekin. Txikienak ere ez ziren atzean gelditu eta, 0,65eko proban, Kalima zaldiarekin, lehenengo bi postuak irabazi zituzten Egor Yakovlevek eta Eider Manterolak, hurrenez hurren.

Igandean berriz, 1,10m-ko proban, Aduna Lopetegi eta Daytona D’oz bere zaldia izan ziren lehenak. 1mko proban María Reyek eskuratu zuen garaipena, eskolako Estrella zaldiarekin, eta Sophia Yakovleva bigarren izan zen Italique de la Podkova Z bere zaldiarekin. 0,80m-ko proban, Udane Etxebeste sailkatu zen lehen postuan, eta Juncal Sanzol bigarrenean, zaldiketa eskolako Estrella zaldiarekin. Azkenik, txikienen artean, Jaizubia Zaldiketa Eskolaren nagusitasuna erabatekoa izan zen, podiumeko hiru postuak etxera ekarri baitzituzten 0,65m-ko proban. Lehenengoa Lidia Vidaurre izan zen Kalimarekin, bigarren Egor yakovlev Kalimarekin eta hirugarren Marina Echegoyen izan zen Triana zaldiarekin.

Euskadiko Hipika Federazioak antolatutako ANAGAN Kopako 3. fasea, maiatzaren 11 eta 12an jokatuko da Jaizubia Zaldiketa Eskolan eta orduan ere punta-puntako zaldizkoek eskaintzen duten ikuskizunaz gozateko aukera izanen da Irunen . 

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika