“KOLPE BATEN OSTEAN INDAR GEHIAGOREKIN ALTXATZEA, HORI DA TALDEA INDARTSU BILAKATZEKO GAKOA”
Futbola

“KOLPE BATEN OSTEAN INDAR GEHIAGOREKIN ALTXATZEA, HORI DA TALDEA INDARTSU BILAKATZEKO GAKOA”

(Argazkia: Gio Batista)

2015-2016 denboraldian iritsi zen Jon Irazustabarrena ‘Txusta’ Real Unionera. Denboraldi bat txuri-beltzez aritu ostean, Barakldoren atepea defendatu zuen bi denboralditan. 2018an etxetzat duen Real Unionera itzuli zen eta ordutik ‘La Banatuaren’ zaintzailea da. Egun, talde txuri-beltzaren kapitaina da, ahots garrantzitsua aldagelan eta bertatik kanpo. Bi urte gogor igaro ostean, igandean Federazioko 1.mailara igotzeko neurketa erabakigarria jokatuko du. Bilbao Athletic irabaziz gero, Real Union Sanse eta Amorebietarekin batera igoerako fasea 2.B mailako talde onenekin jokatuko du.

Horrelako neurketa garrantzitsu baten aurrean, taldea urduri ala gogotsu dago?

Gogotsu, batez ere. Aste berezia da asteburuko neurketan asko dugulako jokoan, gure lana ondo egiteko oso kontzentratuta gaude.

Urrian inork gutxik espero zuen taldeak igoera fasera igarotzeko aukerarik izango zuela: 

Aurreko denboraldietan itxaropen handiak izategatik, kolpe handiak jasan behar izan genituen; aurtengo denboraldian; aldiz, inoiz baino gehiago egunerokotasunean zentratu gara. Taldea hobetzea izan dugu helburu eta hortik haratago ez dugu begiratu eta horrela izan da. Real Union, lehen fase honetan, hazten joan da eta maila handia erakutsi du. Topiko bilakatu da egunerokotasunean zentratzeko esaera, baina gero egin behar da. Aurten horretan asmatu dugu, egunerokotasuneko lana ondo egin dugu eta horretan Aitor Zulaikak garrantzi handia du.

Lehen itzulian, Bilbao Athleticen aurka 0-0 berdindu zuen Real Unionek. Zer neurketa espero duzue iganderako? 

Neurketa oso zaila izango da, Athletic B-k maila izugarria duten jokalariak dituzte. Edonola ere, aurreko astean jasan genuen kolpea irauli nahi dugu. Barakaldoren aurka galdu ondoren, taldeak ondo erantzun eta denboraldi momentu onenak bizi izan zituen. Igandean berdina egin nahi dugu, kolpea jaso genuen Portugaleteren aurka eta igandean gure bertsio onena erakutsi nahi dugu. Lehen itzuliko neurketa erreferentzia bezala dugu, oso partidu ona jokatu genuen eta pena izan zen golik ez sartzea. Taldeak Lezaman eman zuen maila ikaragarria izan zen, bide hori jarraitu behar dugu.

Sailkapeneko goi-postuetan dauden taldeen aurka ondo lehiatu da Real Union, talde garrantzitsuagoen aurka erosoago jokatzen duzue? 

Izan liteke, taldeen jokatzeko erak asko eragiten du. Guri baloia jolastea gustatzen zaigu, horretan sinesten dugu eta batzuetan ondo datorkigu gu bezala jokatzen duen taldearen aurka lehiatzeko, aukera gehiago sortzeko eta espazio gehiago bilatzeko. Dena den, guk berdin prestatzen ditugu partidu guztiak. Joanekoan egin genuen neurketa errepikatzeko eta lehen fasea borobiltzeko esperantza dugu.

Barakaldo eta Portugaleteren kontra jasandako kolpeak beharrezkoak izan dira? 

Bai, batzuetan kolpeekin esnatzen da taldea. Barakaldoren aurkako porrota erabili genuen eragin positiboa izan zedin. Horren ostean, inoiz baino gehiago sinestu genuen gure jokoan eta egia esan, maila hobeagoa ematea lortu genuen. Igoera fasea jokatzeko txartela lortu duten bi taldeak garaitu genituen, Sanse eta Amorebieta. Kolpe baten ostean indar gehiagorekin altxatzea, hori da taldea indartsu bilakatzeko gakoa. Hori izango da asteburu honetako gure helburua.

Athletic B-ren aurkako lehen itzuliko neurketatik, zer errepikatu behar du Real Unionek garaipena lor dezan? 

Lezaman baloiarekin eman genuen maila handia izan zen. Astean zehar lantzen ditugun automatismo asko ondo atera ziren eta, batez ere, partidu horri aurre egiteko pretatutakoa zelaian islatu genuen. Askotan, aurkariak duen mailarengatik edota taldeak duen presioarengatik, lan zaila izaten da hori. Igandean planteatu nahi duguna praktikan jartzen badugu, asko izango dugu irabazita. Defentsan ere bikain aritu ginen, oso abagune gutxi izan zituen Athletic B-k. Lezamako neurketan erakutsi genuen defentsa-maila bera berreskuratu behar dugu.

Denboraldi batzuk sufritu ostean, disfrutatzen ari zarete aurten. Lasaitasun hori egunerokotasunean nabaritzen al da? 

Talde honetan urte batzuk daramatzagunok azken urteetan eta azken denboraldi amaieratan asko sufritu dugu. Neurketa kopuru handia hil ala bizikoak izan dira, gogorra izan da. Emaitza onek astez asteko lana lasaiago eta baikorrago egita baimentzen dute. Alde horretatik, aurtengo denboraldia lasaiago doa, baina ez gara erlaxatuko. Beti gehiago nahi dugu eta igandeko partidua begiz jota dugu. Emaitza ona lotu nahi dugu, sari bikaina izango balitzateke talde honetako jokalari, teknikari eta langile ororentzako.

Urte zailak zalegoarentzat ere izan dira. Nabaritu duzu azken asteetan zalegoa taldearekin ilusionatuta dagoela? 

Zailtasun guztiak gainditu dituzte eta nabaritzen da zalegoaren berotasuna. Stadium Galen jokatu dugun neurketetan hesira igotzen den jendea ikusi dugu eta nabaritzen da zalegoak Irungo berdegunera bertaratzeko gogoa duela. Taldea ondo dagoelarik, zalegoak taldearen parte izateko beharra sentitzen du. Guretzat polita da, Real Unionen zalegoak guk bezain beste merezi du saria.

Portugaleteren aurka bukatu ondoren, Aitor Zulaika ordubeteko hitzaldia eman zizuen: 

Aitor Zulaika ez den beste entrenatzaile batek agian pentsatuko zuen ez zela hitz egiteko momentu egokia. Normalean, horrelako porrot baten ondoren ez dago hitz egiteko gogo handirik. Hala ere, jokalariak aktibatzeko ordubetea izan zen. Portugaleteren aurkako neurketa denboraldiko inflexio puntua izan zedin bilatzen zuen eta baita lortu ere. Taldearen jarrera ere txalotzekoa izan zen, momentu zail hartan elkarri lagundu ginen eta batak besteari aurrera egiteko indarra eman genion. Taldeak duen izaera eta indarra ere aurtengo denboraldiko gakoetakoa da. 


FRAN JUSTO: “OSASUNA BEHARRETAN DAGO, BAITA GU ERE”
Futbola

FRAN JUSTO: “OSASUNA BEHARRETAN DAGO, BAITA GU ERE”

Real Unionek Osasuna Promesas bisitatuko du bihar Taxoaren

Real Unionek garaipena eskuratzeko bertze aukera bat izanen du bihar, apirilaren 27an,...

REAL UNION ROCAK BETI GAZTE GARAITU ZUEN GALEKO ANEXOAN
Futbola

REAL UNION ROCAK BETI GAZTE GARAITU ZUEN GALEKO ANEXOAN

Letamendiak penaltiz sartutako golari esker jardunaldiko hiru puntuak etxean gelditu ziren

Real Unión Roca: Rodríguez; Arteaga (Fernández,...

REAL UNIONEK BERTZE HIRU PUNTU BATU ZITUEN GALEN
Futbola

REAL UNIONEK BERTZE HIRU PUNTU BATU ZITUEN GALEN

Unionistas de Salamanca garaitu zuten etxean eta jeitsiera postuetatik aldentzen hasiak dira txuribeltzak

Real Unionek garaipen garrantitzusa lortu...

FRAN JUSTO: “HEMENDIK AITZINERA PARTIDU GUZTIAK FINALAK IZANEN DIRA ETA EZIN DUGU DEUS ERE GORDE”
Futbola

FRAN JUSTO: “HEMENDIK AITZINERA PARTIDU GUZTIAK FINALAK IZANEN DIRA ETA EZIN DUGU DEUS ERE GORDE”

Real Unionek Unionistas de Salamanca jasoko du igandean, apirilaren 21ean, Galen 18:00etan

Real Unionek final baten moduko bertze partidu bat jokatu...

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika