“LEHEN FASEAN ZAPLASTEKOA EMAN ZIGUTEN, BAINA BERRIZ JARRI GENUEN MASAILA, AURRERA BEGIRATU ETA GENUEN BIGARREN BALA BALIATZEARI EKIN GENION”
Futbola

“LEHEN FASEAN ZAPLASTEKOA EMAN ZIGUTEN, BAINA BERRIZ JARRI GENUEN MASAILA, AURRERA BEGIRATU ETA GENUEN BIGARREN BALA BALIATZEARI EKIN GENION”

Zelaian, garuna eta bihotza. Ospakizunetan, alaia eta lorpenak eskaintzerako orduan, emozionala. Horrelakoa da Aitor Zulaika Aranguren, Real Unionen entrenatzailea. Talde irundarrera bueltatu, klubaren norabide ezkorra aldatu eta ilusioa piztu du. Lana, detaileak eta joko-era zehatza oinarri, talde txuri-beltza grinez bete du entrenatzaile azpeitiarrak. 1.Federazio mailako taldea da Real Union eta hein handi batean, Aitor Zulaika Arangurenek erru handia izan du.

Lehenik eta behin, Zorionak. Pentsatzen dut oso pozik egongo zarela…

Eskerrik asko eta zorionak zuei ere dagokizuen zatiarengatik. Beti diodan moduan, zuek gabe (komunikabideak) kirolaren, futbolaren edota Real Unionen oihartzuna ez zen izango den modukoa; beraz, zuei ere, zorionak.

Tarazonako neurketa bukatu ostean, emozionatuta agertu zinen komunikabideen aurrean:

Partidua bukatu zenean, lehendabizi, zelai-erdian behar zen moduan ospatu genuen. Nahiko inprobisatuta, arraunketa saio txiki bat egin genuen. Hasiera batean, Asier Agirrek zuzentzea pentsatuta genuen (2. entrenatzaile aiatarrak), kostako gizona delako eta denboraldi honetan Orion entrenatzen aritu garelako, baina aldagelara joan zen. Dena den, egun zoragarria egiten zuen eta barruen genuen poza Tarazonako berdegunean islatu genuen. Ondoren, lasaiago eta komunikabideen aurrean, Amaren eguna zen, egun berezia eta hunkitu nintzen. Lehendakariari besarkada eman nioenan emozionatu nintzen eta ondoren, andrenalina guztia jeisterakoan, komunikabideak erantzuteko unean, berriz gertatu zen. Pertsonak gara eta uste dut ondo datorkigula zenbait momentutan gure emozioak askatzea.

Esango nuke iritsi zinenetik Real Union berpiztu duzula:

Helburuetako bat bazen Real Union osatzen duten guztiei, klubari eta zaleei, pozatasuna ematea. Horretara etorri ginen, baina hori lortzeko garbi geneukan/neukan lana kirol arloan egin behar zela; bai asteburuetan neurketetan, bai astean zehar entrenamendu guztietan. Hori da biderik azkarrena eta zuzenena zaletuak pizteko eta Real Unionen inguruan dagoen edonor animatzeko. Uste dut helburu hori ere bete dugula.

Osasuna B-k galdu zuenez, 70.minutuan Real Union matematikoki 1.Federazio mailako taldea zen. Aulkian bazenekiten zerbait? 

Egia esango dizut. Partidua hasi aurretik, deialditik kanpo zegoen jokalari batek Getxoko Arenasek gola sartu zuela aipatu zidan. Hortik eta 86.minutura arte, ni ez nintzen ezertaz ohartu. Gainera, partidua irabaztea nahi nuen, gure merituz 1.Federazio mailan sailkatzea nahi nuen, eta neurketa ikusi zuenak atzemango zuen oso zentratuta nintzela partiduan. Beroaldi ederra harrapatu nuen eta norbaiti bronka ederra bota nion. Oso zentratuta nengoen. Aurretik hartutako erabakia izan zen, ez nuen jakin nahi zer gertatzen zen Taxoaren.

Tarazonaren aurka 1-2 garaipena erdietsi zuen Real Unionek. Bigarren fasean, 4tik 4 garaipen eta gol bakar bat jasota. Bigarren fase bikaina izaten ari da: 

Bai eta datu horiek oso garrantzitsuak dira. Bigarren fase ona egitea lehen fasean, azken unean, zaplastekoa eman dizutenean, meritu handiago du. Zaplastekoa eman ziguten, baina berriz jarri genuen masaila, aurrera begiratu eta genuen bigarren bala baliatzeari ekin genion. Horretarako, urtean zehar eginiko lana erabakiorra izan dela pentsatzen dut. Ondo jakin dugu 1.Federazioko txartela eskuratzeko bi balak gestionatzen, horretan ere asmatu dugu.

Inolaz ere, Real Unionek lortutakoa ez da kasualitatea. Talde honek lan handia egin du urtean zehar: 

Bai, hala da. Urtean zehar, behin baina gehiagotan adierazi dut komunikabideen aurrean oso gustora nengoela lortzen ari ginen emaitzekin. Are gustorago aurkitu naiz emaitzak lortzeko hartutako bi bideengatik. Batetik, urtean zehar plazaratu dugun jokoarengatik; eta bestetik, eguneroko lanarengatik. Onartu behar dut kosta egin zitzaigula, baina azkar zuzendu genuen bidea. Nik egunerokotasunean buru belarri lan egitean sinesten dut eta bide bakarra dela dela deritzot. Zure taldean lehendakari diruduna ez baduzu, egunerokotasunean lana ondo burutzea da garaipenak batzeko biderik eraginkorrena. Entrenamendu bat ondo ateratzea ez da partidu irabaztea bezain aberasgarria, baina etxera gustura joateko oso baliagarria da. Honetan guztian, zalantzarik gabe, protagonista nagusiak Real Unioneko jokalariak izan dira. Bidean zehar izan ditugun bidegurutze eta biribilguneak gainditzeko ahalmena izan dutelako.

Real Unionen plantilari erreparatuta, jokalari gazteak eta beteranoak uztartu dituzue. Zenbateraino izan da garrantzitsua? 

Nik uste Real Unioneko jokalari gehienak edo oso gazteak edo beteranoak dira. Egia da, tarteko jokalari ugari oso garrantzitsuak izan ditugula, baina gaztetasunaren indarra eta adinaren esperientzia uztartzea oso garrantzitsua izan da. Jorge Galan Anatz Elizondorekin solasean eta azalpenak ematen ikusteak izugarri asetzen nau. Edota Aritz Borda Gexan Elosegiri zelaian jokaldiak nola egin behar diren azaltzen ikustea, zoragarria da. Taldeari aberastasuna ematen dio.

Datorrena, denboraldi oso zirraragarria izan daiteke…

Oraindik bat ere ez edo oso gutxi pentsatu dut datorren denboraldiaren inguruan. Egia da buruak azkar aldatzen duela txipa eta helburua lortzen duzunean automatikoki datorrenari begiratzen hasten zarela. Aurrean duguna itxura oso polita du: zelai politak, talde lehiakorrak eta historiak. Baina polita den neurrian, zaila izango da. Agian azkarregi hitz egiten ari naiz etorkizunari buruz, baina, momentuz, kontratua daukat eta berritzeko negoziaketak hasi ez ditugun arren, datozen egunetan jarriko gara seguraski. Orduan jarriko gara datorrenari begira, baina datorren denboraldia oso zaila izango dela oso presente izan behar dugu.

Geratzen diren bi neurketetan, zer eskatuko diozu taldeari? 

Talde teknikoak denboraldia prestatzen duenean, urte naturalean zehar, zenbait helburu kolektibo ezartzen dizkio taldeari. Horrek ez du esan nahi jokalariek helburu indibidualak ez dituztenik. Jokalariek helburu kolektiboak zein indibidualak betetzeko batzen dira taldeetara. Datorren bi asteak, esklusiboki, helburu indibidualetan zentratzeko aukera izango dugu. Orain arte behar adina minutu izan ez dituzten jokalariek, minutu gehiago izango dituzte. Bi neurketa horietan, aukera izango dute beren helburu indibidualak etorkizun hurbilean aurrera eraman ditzaketela demostratzeko. Helburuak betetzeko, lana egin behar da; beraz, jokatu nahi duenak, astean zehar hiru entrenamendu on bete beharko ditu.

Behin helburua beteta, zein izan da denboraldi honen gakoa? 

Elkarrizketan zehar, hainbat gako aipatu ditugu: lehena, kostatu arren, egunerokotasunean lan itzela egin dugula. Bigarrena, beterania eta gaztetasunaren arteko nahasketak taldeari eskaini dizkion abantailak; eta hirugarrena, talde teknikoak sinesten dugun joku-estiloa edo filosofia zelaian islatzea lortu dugula. Hori guztia gauzatzeko jokalari aproposak izan ditugu.  

ENTZUN ELKARRIZKETA

REAL UNION ROCAK BETI GAZTE GARAITU ZUEN GALEKO ANEXOAN
Futbola

REAL UNION ROCAK BETI GAZTE GARAITU ZUEN GALEKO ANEXOAN

Letamendiak penaltiz sartutako golari esker jardunaldiko hiru puntuak etxean gelditu ziren

Real Unión Roca: Rodríguez; Arteaga (Fernández,...

REAL UNIONEK BERTZE HIRU PUNTU BATU ZITUEN GALEN
Futbola

REAL UNIONEK BERTZE HIRU PUNTU BATU ZITUEN GALEN

Unionistas de Salamanca garaitu zuten etxean eta jeitsiera postuetatik aldentzen hasiak dira txuribeltzak

Real Unionek garaipen garrantitzusa lortu...

FRAN JUSTO: “HEMENDIK AITZINERA PARTIDU GUZTIAK FINALAK IZANEN DIRA ETA EZIN DUGU DEUS ERE GORDE”
Futbola

FRAN JUSTO: “HEMENDIK AITZINERA PARTIDU GUZTIAK FINALAK IZANEN DIRA ETA EZIN DUGU DEUS ERE GORDE”

Real Unionek Unionistas de Salamanca jasoko du igandean, apirilaren 21ean, Galen 18:00etan

Real Unionek final baten moduko bertze partidu bat jokatu...

REAL UNION ROCAK HIRU PUNTUAK ESKURATU ZITUEN AZPEITIAN
Futbola

REAL UNION ROCAK HIRU PUNTUAK ESKURATU ZITUEN AZPEITIAN

1-3ko markagailuarekin txuribeltzek garaipena eskuratu zuten Garmendipen, Lagun Onak B taldearen kontra

CD Lagun Onak B: Madrazo; Arizmendi,...

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika