Mendi lasterketen asteburua izan da Aiako Harrian

Hirugarren aldiz antolatu du Erlaitz elkarteak Sky Games asteburua. Larunbatean kilometro erdi bertikala egin zuten Endarlatsatik Pagogainara. 2,5km-ko ibilbidean, 500 metroko desnibela gainditu behar izan zuten parte hartzaileek. Dabid García Gil izan zen azkarrena gizonezkoetan, 19:28ko markarekin. Ion Rivero eta Ibai Etxeberria izan zituen lagun podiumean. José Carlos Lopez Rekarte izan zen lehen irundarra. Emakumeen artean, Leire Martínez iritsi zen lehen postuan helmugara. Ana Reina izan zen azkarrena irundarren artean. Guztira, hogeita sei izan ziren kilometro erdi bertikalari aurre egin zioten ausartak.

Igandean, berriz, 350 parte hartzaile izan ziren Erlaitz-Aiako Harria Mendi Maratoi Erdian. Aurten Euskadiko Kopako lehen jardunaldia izan zen. Goizeko 9:00etan irten ziren parte hartzaileak Ola Sagardotegiko aparkalekutik, Saroia baserrira doan bidea hartzeko. 21km-ko ibilbidea osatu behar izan zuten, 2.700m-ko desnibel metatua gaindituta. Hasieratik hartu zuen Ismail Razgak lasterketaren burua, abiadura bizian. Pagogaina inguruan 20 segunduko aldea zuen. Aiako Harriko lehen tontorrera igotzerakoan, minutu batera handitu zuen aldea. Abantaila erosoarekin sartu zen helmugan, 1:48ko deborarekin. Hiru minutu beranduago iritsi zen Endika Gartzia. Lasarteoriatarra da, baina Irungo Mugalariak taldearekin dabil korrika. Barakaldoko Asier Aguado igo zen podiumeko hirugarren tokira. Emakumeen artean, etxeko korrikalari bat izan zen azkarrena, Alizia Olazabal irundarra, 2:13ko denborarekin. María Zorroza izan zen bigarren, eta Montse Vazquez hirugarren.

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika