Ohorezko Mailara igotzeko abagunea dute BATeko gizonezkoek, lehen aldiz

Espero zitekeen mailaren gainetik ibili dira Super Amara Bidasoa Atletiko Taldeko gizonezkoak, Estatuko Lehen Mailako ligan. Lehen bi jardunaldiak irabazi dituzte, eta igoeraren bila ariko dira hirugarrenean. Ohorezko Mailara jauzia emateko benetako aukerak dituzte, lehen aldiz. Maila gorenari eustea ondo bideratua dute klubeko emakumeek. Hortaz, datorren urtean bi taldeak Ohorezko Mailan eduki ditzake BATek.

Hutsune nabariak eduki ditu aurten Super Amara Bidasoa Atletiko Taldeak. Aurreko urteetan maila handia eman duten atleta batzuek kluba utzi dute, Ohorezko Mailan ari diren taldeetan lehiatzeko. “Hori dela eta, pentsatzen genuen Estatuko Lehen Mailan jarraitzeko lehian ibiliko ginela”, adierazi du Ibon Muñoz BATeko kirol zuzendariak. Lehen bi jardunaldietan, alabaina, ezustekoa eman eta garaipenak lortu dituzte, Monzonen (Huesca) eta Donostian.

Atleta gehienak haien mailaren gainetik ibili zirela onartu du Muñozek. Mikel Ruiz Lasa beteranoak azalpen argia du: “Klubeko jende askorentzat, liga da lehentasun nagusia, banakako lehiaketetan nabarmentzeko aukerarik ez dugulako. Horregatik motibazio bereziarekin heltzen diogu”. Mailarik onena eman beharko dute berriro, azken jardunaldian, arerio gogorrak gainditzeko. “Oso-oso estu egongo da. Zentimetro eta zentesima kontua izango da”, baieztatu du Muñozek: “Surco Aventura da talderik indartsuena. Baina gainerakoak oso gertu gaude elkarrengandik”.

“Orain arte, mailari eusteko lehian ibili izan gara beti”

Mikel Ruiz Lasa, BATeko atleta

“Klubarentzat ametsa litzateke bi taldeak Ohorezko Mailan edukitzea”

Ibon Muñoz, BATeko kirol zuzendaria

Urtetako lanaren emaitza

Saria handia izan daiteke, ordea. Mikel Ruiz Lasak Euskadiko bigarren mailan ezagutu du BAT, EAEko zortzi talde onenen artean ere ez zegoenean. “Estatuko Lehen Mailara iritsi ginenetik, mailari eusteko borrokan ibili gara beti”, argitu du Ruiz Lasak. Orain, Ohorezko Mailara igotzeko abagunea du BATek. “Klubarentzat ametsa litzateke bi taldeak Ohorezko Mailan edukitzea. Euskadin ez dago halako kasurik, eta estatuan ere gutxi dira, gehienak, probintzia hiriburuetako klubak”, argudiatu du Muñozek: “Arlo ekonomikoan ez litzateke aldaketa handirik egongo. Baina aitortza lortzen saiatuko ginateke”.

Ekainaren 16an izango da hirugarren eta azken jardunaldia, Salamancan. Autobusa jarriko du klubak, animatzen den jendeak gerturatzeko aukera izan dezan. Proba bakarreko atleta bat ariko da.

Aurreikuspenak bete dituzte emakumeek

Ohorezko Mailan ari dira Super Amara Bidasoa Atletiko Taldeko emakumeak, bigarren urtez. Iaz asko sufritu behar izan zuten mailari eusteko. Aurten, aldiz, ez dirudi hala izango denik. Haien mailan aritu dira lehen bi jardunaldietan, hirugarren postuan. “Hutsune batzuk eduki ditugu, baina ordezkatu ahal izan ditugu”, aipatu du Ibon Muñozek. Ekainaren 16an Valladoliden, azken jardunaldian, mailari eusteko helburua edukiko dute. Ondo bideratua dute, eta ezustekorik ez baldin bada, ez dute arazo handirik edukiko. 

BATEK BIGARREN ETA LAUGARREN POSTUAK ESKURATU DITU EUSKADIKO KLUB ARTEKO TXAPELKETAN

Gizonezkoek urrezko sei domina eta emakumeek bertze bi eskuratu zituzten, bertze hainbat dominekin batera

Euskadiko Klub arteko txapelketa ospatu...

IRUNE MUGURUZAK GIPUZKOAKO ERREKOR ABSOLUTUA ESKURATU DU

Espainiako Unibertsitate mailako 400 metroko hesi-lasterketan lortu zuen garaipena

Espainiako Atletismoko Unibertsitate mailako Txapelketa ospatu...

BIDASOA ATLETIKO TALDEKO EMAKUMEEK HIRUGARREN POSTUA ESKURATU DUTE LIGAKO LEHEN HITZORDUAN

Iruñean jokatu zen Ligako lehen jardunaldia eta BATeko emakumeak hirugarren postuan sailkatu ziren, Playas de Castellon eta Pamplona Atletismoren...

MADDALEN JIMENEZ BERATARRAK IRABAZI DU BERE HERRIKO MENDI MARATOI ERDIA

Gizonetan aldiz, Iñaki Olano nagusitu zen beroak baldintzatu zuen lasterketan

Berako XVIII. Mendi Maratoi Erdia ospatu zen pasa den igande goizean,...

ANA PULGARIN ZORTZIGARREN NAZIOARTEKO MARTXA TXAPELKETAN

Carla Martinezek klubeko errekorra hautsi zuen Alacanten 200 metroko lasterketan

Nazioarteko Martxa Txapelketa ospatu zen pasa den apirilaren 6an...

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika