PAUL LAPEIRA NAGUSITU ZEN SPRINTEAN KANBON

Primoz Roglicek maillot horiari eutsi zion bigarren egunez

Euskal Herriko Itzuliaren bigarren etapa Ipar Euskal Herrian bukatu zen atzo 46 urteren ondotik. 1978tik ez zela Itzuliko etapa bat bertan bukatzen eta atzokoan, Irundik atera eta Lapurditik kilometro andana egin eta gero, Kanbon helmugaratu zen 167 txirrindularik osatutako tropela. Sprintean erabaki zen garaipena eta Paul Lapeira (DAT) frantsesa nagusitu zen Samuele Battistella (AST) eta Louis Vervaekeren (SOQ) aitzinetik. Primoz Roglicek (BOH) eutsi zion maillot horiari.

Irunen hasi zen Euskal Herriko Itzuliaren bigarren etapa eta Kanbon bukatu. Tartean Lapurdin barrena pasatu zen tropela eta mendate bakarra igan, San Inazioko gaina. Zazpigarren kilometroan osatu zen eguneko ihesaldia lau txirrindularirekin: Alexis Vuillermoz (TEN), Ivan Cobo (EKP), Jetse Bol (BBH) eta Enekoitz Azparren (EUS) eta Xabier Azparren (Q36) anaiak. Erritmo ona hartu zuen bortz txirrindulariek eta 3´40´´ minutuko errentarik zabalena ere lortu zuten. Etaparen 70. kilometroan Cobo gibelina gelditu zen eta tropelarekin bat egin zuen. Talde nagusian ere Bora-Hansgrohe lanean hasi zen liderra babesteko, baita Ineos Grenadiers taldea ere. Hauek lasterketa buruarekin errenta murrizteko helburu nagusia zuten eta horrela, lasterketa gogortu zuten.

Kilometroak aitzinera joan ahala, sprintera ailegatu nahi zuten txirrindularien taldeak tropel nagusiaren buruan jarri ziren eta helmugarako 13 kilometro falta zirenean, ihesaldiko lau txirrindulariak tropelera batzea lortu zuten. Azken kilometroak azkarrak izan ziren, tarteko sprintetan puntuak batu nahi zituztelako txirrindulariek. Azken metroetan erabaki zen garaipena, sprintean aurreikusita zegoen moduan, eta bertan Paul Lapeira frantsesa (DAT) izan zen nagusitu zena. Bere gibeletik, Samuele Battistella (AST) eta Louis Vervaekeren (SOQ) sailkatu ziren. Lehen euskalduna berriz, Alex Aranburu (MOV) izan zen, bostgarren postuan eta irabazlearen denbora berean.

Sailkapen orokorrari begira, maillot horia Primoz Roglicena izaten segitzen du, baita mendiko sailkapeneko elastikoa eta puntukakoa. Gazte onena Juan Ayuso (UAD) izan zen berriz ere eta taldeka Bora-Hansgrohe dago lidergotzan. Euskaldunen sailkapenean Pello Bilbao (TBV) dago lehen postuan eta atzoko etapan txirrindulari borrokalariena Alexis Vuillermoz (TEN) izan zen.

Hirugarren etapa Ezpeletatik

Gaur, apirilaren 3an, Ezpeletan hasiko da Itzuliko hirugarren etapa. 190,9 kilometro osatu beharko ditu tropelak Altsasura bitarte, bertan izanen baita gaurko helmuga. Tartean Otxondo (2. maila), Usategietako gaina (2. maila), Uitzi (3. maila), Zuarrarrate (3. maila), Olaberria (3. maila) eta Lizarrusti (2. maila) mendateak gainditu beharko dituzte. Baztan eta Malerrekatik pasatuko da, beraz, tropela eta ondotik, Leitzaldea ere zeharkatuko du Altsasura ailegatu baino lehen. 13:12ean abiatuko da lasterketa Ezpeletatik neutralizatuta eta benetako irteera 13:26an emanen dute.

(Argazkia: Itzulia Basque Country)

Kriztof Arotzarena Euskal Irratietako lankidea izan zen Kanboko helmugan:

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika