PRIMOZ ROGLIC LEHENDABIZIKOA HONDARRIBIAN

2022ko Itzuliko lehen etapa ospatu zen atzo Hondarribian eta Primoz Roglic bilakatu zen lasterketako lehen liderra

Atzo eguerdian eman zioten txirrindulariek hasiera 2022ko Itzuliari. Hondarribian ospatu zen lehen etapa, 7,5 kilometroko erlojupekoa, eta bertan Primoz Roglic (Jumbo-Visma) eslobeniarra izan zen garaile, edizio honetako lehen liderra ere bilakatuta.

Eguna Jon Rodriguez Irastorzari, Hondarribiko txirrindulari izan zenari, egindako omenaldiarekin hasi zen. Rodriguez, bizikletan zebilela, kotxe batek harrapatuta zendu zen pasa den urtean. Antolakuntzak eta Hondarribiako Udalak txirrindulariaren izena goraipatu nahi izan zuten, baita bere familia babestu ere.

Honen ondoren, eguerdiko 14:26ean, lehen txirrindularia atera zen erlojupekoaren ibilbidea osatzera. Hurrengo bi orduetan, banan-banan atera ziren beste lasterkariak ere gauza bera egitera. Lehen etapa hau irabazteko faboritoak proba egiten azkenak izan ziren, eta amaierara arte itxoin behar izan zuten ikusleek garaipena zein eramango zuen jakiteko. Azkenik, 17:21ean atera zen Primoz Roglicek eraman zuen eguneko txapela, ibilbidea 9´48´´ minutuetan eginda, ordu arte denbora onena egin zuen Remco Evenepoel (9´53´´) lehenengo postutik kenduta. Horrela, eslobeniarra lasterketako lehen liderra bilakatu zen eta maillot horiarekin aterako da gaur bigarren etapan.

Denbora onena egin zuen lehen euskalduna Cofidiseko Ion Izaguirre izan zen, eta eguneko lehiakorrenaren saria Euskaltel-Euskadiko Asier Etxeberriak eraman zuen.

Leitzatik Vianara bigarren etapan

Gaur bigarren etapa ospatuko da, Nafarroa igaroko duen bakarra. Leitzan hasiko da lasterketa, eguerdiko 12:18ean, eta Vianara iritsiko da pelotoia, arratsaldeko 17:30ean gutxi gora behera. Irteeran, Caja Ruraleko Mikel Nieve eta Euskaltel-Euskadiko Ibai Azurmendi leitzarrak omenduko dituzte. Hain zuzen ere, Nievek etapa hau gogoz hartuko duela aipatu zuen atzo: “Itzulia ikusi dut txikitatik eta inguruan ibilia naiz. Lasterketan egotea dagoeneko polita da eta herritik ateratzea oso berezia da. Gozatzeko gogoekin nago”.

(Argazkia: Luis Gomez/Sprint Cycling Agency)

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika