“REAL UNIONEK DEITU AURRETIK, NIRE BURUA STADIUM GALEN KOKATZEN NUEN”
Futbola

“REAL UNIONEK DEITU AURRETIK, NIRE BURUA STADIUM GALEN KOKATZEN NUEN”

Lehen denboraldi borobila egiten ari da Gexan Elosegi hernaniarra Real Unionen. Atzelari zentralaren lanak egiteko sinatu zuten, baina hasierako hamaikakoan eskuin hegalean egin du tokitxoa. Beste hegalean herrikidea eta erreferentea du, Gorka Kijera. Lehen urtea eta atzelari gisa jokatzen duen arren, Elosegik hiru gol erdietsi ditu, horietako batzuk arerio eta une garrantzitsuenetan. Jokalari kementsua da Elosegi, zalegoak gogoko eta horiekin konexio berezia izaten duen horietakoa. 

Lehen galdera zuzena da. Esan dezakegu Real Unionek datorren urtean Federazioko 1.mailan jokatzea bideratuta duela?

Egia da bigarren fasea, puntuei dagokionean, abantailarekin hasi eta lehen bi partiduak garaitu ondotik, abantaila hori handitu dugula. Hala ere, lehen fasean ere eginda genuen eta ez genuen igoera fasera igarotzea lortu. Nahiago dugu eginda dagoela ez pentsatu, aurrekoan lau neurketa geratzen zitzaizkigun eta puntu bakarra atera genuen horietatik. Egia da abantaila dugula eta eroso gaudela sailkapenean, baina lanean jarraitu behar dugu Federazioko 1.mailako txartela ahalik eta lasterren lortzeko.

4 neurketa izan zenuten golik egin ez eta irabazi gabe igaro zenituztenak. Nola moldatu zarete bolada horrekin bukatu eta bigarren faseko lehen bi jardunaldietan bi garaipen erdiesteko? 

Lehen faseko azken lau partiduetan eta jokatu genuen lagun artekoak ez zitzaizkigun gauzak nahi modura atera. Gola egitea kosta zitzaigun eta neurketa ugari galdu genituen. Dena den, bigarren fasea desmotibatuta hasi beharrean, inoiz baino gehiago asteko lanean zentratu ginen eta lehen bi partiduetan bi garaipen garrantsitsu eskuratu ditugu. Horren guztiaren gakoa lana izan da, astean zehar eginiko lana.

Igandean Real Unionek Ebro jasoko du Stadium Galen. Zer neurketa egin behar du taldeak erreskan lortutako hirugarren garaipena erdiesteko? 

Jokatutako bi neurketetan ikusi dugu Nafarroako eta Aragoiko taldeek guk baino puntu gutxiago dutela, baina maila ona dutela. Dena eman behar dugu, Ebro sailkapeneko hirugarrena da eta errespetu guztiarekin aurre egin beharko diogu. Stadium Galen jokatzen dugunez, taldea hasieratik indartsu irten behar dela uste dut. Nahiz eta matematikoki ez izan, ahalik eta lasterren eskuratu nahi dugu datorren urtean Federazioko 1.mailan jokatzeko txartela.

Zubietatik irten eta Stadium Galera iritsi zinen udaran. Ibilbide sendoa egiten ari zara zure lehen urtean Stadium Galen: 

10 urte egin nituen Zubietan eta bertako dinamikara guztiz ohituta zaude. Hirugarren mailan eta 2.B mailako taldearekin entrenatzen nenbilala, pandemiak denboraldia eten zuen. Pena izan zen maila ona ematen ari nintzelako eta Errealako bigarren taldea tokitxoa aurkitzen ari nintzelako. Egoera aldatu zen eta orduan jaso nuen Real Unionen interesa. Talde irundarrak deitu aurretik, nik nire burua Stadium Galen kokatzen nuen. Kategoriaz igotzeko aukera eman zidan, etxetik hurbil eta asko gustatzen zaidan zelaia jokatzeko irrikaz nintzen. Egia esan, hartutako erabakia ondo atera da, gustura nago Irunen. Ohiturak aldatu behar izan ditut, arratsaldetan entrenatzetik goizetan entrenatzera igaro naiz, baina guzti hori profesionalizazioaren irakaspenari dagokio. Esango nuke nire ibilbidea Real Unionen oso ondo hasi dela.

Aitor Zulaikaren eragina horretan guztian garrantzitsua izan al da? 

Nik Aitorrekin Errealeko hirugarren taldean jokatu nuen lehen urtean kointziditu nuen. Bera bigarren entrenatzailea zen orduan eta gerora koordinatzaile bezala egon zeneko aldi horretan ere harremana izan nuen berarekin. Real Unionek entrenatzaile bezala fitxatu zuenean albiste positibotzat jo nuen, banekien zein joko mota nahi zuen egin eta, nire ustez, planteatu nahi zuen jokorako jokalari egokia nintzen ni. Alde horretatik, Aitor Zulaikaren presentziak asko lagundu ninduen taldera batu eta egiten ari naizen denboraldia egiteko.

Hasiera batean defentsaren erdigunean jokatzeko sinatu zintuzten, baina hasierako hamaikakoan tokitxoa eskuin hegalean aurkitu duzu: 

Hasiera batean, kirol-zuzendariak zentral gisa jokatzeko fitxatzen nindutela esan zidan, baina Aitor Zulaikarekin eginiko bilera baten ostean, nire posizioa defentsaren eskuin hegalean izango zela argitu zidan.

Atzealdetik aurrera eta erdira egiteko joera duzu… 

Nire bertuteengatik jokaldiak kanpotik egin ordez, barrutik egiten saiatzen naiz. Gakoa aldiro eraso desberdinak egitean datza, aurrean dudan kidearekin ondo moldatu eta jokaldiak automatizatzen joan. Horrela eragingo diogu arrisku gehien aurkariari.

Gol ugari eta garrantzitsuak egin dituzu denboraldi honetan. Portugaleteren aurka garaipenaren gola egin zenuen azken minutuan, El Sardineron Real Union aurreratu zenuen…Guztira 3 egin dituzu. Atzean sendo eta aurrean gola egiteko gaitasuna ere baduzu: 

Egia esan golak egitearena azken urtetan ahaztuta nuen zerbait zen. Aurten goraka joateko askatasun eta kornerretan errematatzeko aukera gehiago izan dut. Zortez edo ez, denboraldi honetan hiru gol garrantzitsu sartzea lortu dut. Pozik ez gola egiteagatik, baizik eta taldeak 3 puntuak lor ditzan laguntzeagatik.

Bi hegaletan bi hernaniar ditu Real Unionek. Gorka Kijera erreferentziatzat duzu? 

Alde horretatik, Gorka Kijerak asko lagundu dit mailara eta taldera egokitzen. Izan duen ibilbidearengatik, Hernaniarra izateagatik eta hegalean jokazeagatik eta nik bezala hegalean jokatzeagatik, bere jokoan asko fijatzen naiz. Errioxan bizi den arren, Hernanira doan bakoitzean elkarrekin bidaiatzen dugu kotxean eta niretzat berarekin esperientziak partekatzea zoragarria da. Dena den, oso talde ona dugula uste dut, euskaldunak direnak eta ez direnak oso ondo konektatu dugula pentsatzen dut.

Azken urtetan Real Unionen eta zaleen arteko harremana nahiko hotza izan da; aurten, ordea, pandemiari aurre eginez, behin baino gehiagotan berotasuna adierazi nahi izan dizuete. Taldean zein balorazio egiten duzu horren inguruan? 

Guretzako oso garrantzitsuak dira. Beste jokalari batzuk ni baino ohituago daude horrelako harreretara, baina orain arte nik izan ditudan fan sutsuenak gurasoak izan dira. Nahiz eta Stadium Galeko kanpoaldean egon, pertsonalki denboraldi hasieratik nabaritu dut zalegoaren berotasuna. Gerora, beraiekin hitz egiteko aukera izan dugu eta guregatik egiten duten lanarengatik eskerrak eman diegu. Polita da zure lana hauspotzen duen jendea atzetik izatea. Taldean jarraitzaileen animoak eta bultzadak asko eskertzen ditugu. Momentu zailenetean taldearekin izan dira, orain momento onak eskein diezaizkiegun merezi dute.

Entzun elkarrizketa

FRAN JUSTO: “OSASUNA BEHARRETAN DAGO, BAITA GU ERE”
Futbola

FRAN JUSTO: “OSASUNA BEHARRETAN DAGO, BAITA GU ERE”

Real Unionek Osasuna Promesas bisitatuko du bihar Taxoaren

Real Unionek garaipena eskuratzeko bertze aukera bat izanen du bihar, apirilaren 27an,...

REAL UNION ROCAK BETI GAZTE GARAITU ZUEN GALEKO ANEXOAN
Futbola

REAL UNION ROCAK BETI GAZTE GARAITU ZUEN GALEKO ANEXOAN

Letamendiak penaltiz sartutako golari esker jardunaldiko hiru puntuak etxean gelditu ziren

Real Unión Roca: Rodríguez; Arteaga (Fernández,...

REAL UNIONEK BERTZE HIRU PUNTU BATU ZITUEN GALEN
Futbola

REAL UNIONEK BERTZE HIRU PUNTU BATU ZITUEN GALEN

Unionistas de Salamanca garaitu zuten etxean eta jeitsiera postuetatik aldentzen hasiak dira txuribeltzak

Real Unionek garaipen garrantitzusa lortu...

FRAN JUSTO: “HEMENDIK AITZINERA PARTIDU GUZTIAK FINALAK IZANEN DIRA ETA EZIN DUGU DEUS ERE GORDE”
Futbola

FRAN JUSTO: “HEMENDIK AITZINERA PARTIDU GUZTIAK FINALAK IZANEN DIRA ETA EZIN DUGU DEUS ERE GORDE”

Real Unionek Unionistas de Salamanca jasoko du igandean, apirilaren 21ean, Galen 18:00etan

Real Unionek final baten moduko bertze partidu bat jokatu...

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika