13 Urr, 2022
Talde txuribeltzak Terrassa FC taldea garaitu zuen Federazio Kopako final-laurdenetan
Antonio Montorok 73. minutuan sartutako golak eman zion Real Unioni Federazio Kopako final-laurdenetako garaipena. Gainera, finalerdietara sailkatuta egotearekin batera, talde txuribeltzak Errege Kopa jokatzeko txartela ere eskuratu zuen atzo Stadium Galen Terrassa FC-ren kontra jokatutako neurketan.
Real Union indarrez atera zen zelaira atzo, denboraldiko helburu nagusietako baten bila. 1.700 zaleen aurrean, hasieratik Terrassa baino gehiago izan zen, nahiz eta izan zituen aukerak ez ziren gol bilakatu. Abagunerik garbienak 21. minutuaren ondotik etorri ziren. Carlos Bravok, orduan, Santosen erdiraketa jaso zuen, baina kanpora joan zitzaion baloia. 24. minutuan, berriz ere, Nacho Sanchezek erdiraketa egin zion Bravori, baina honek ez zuen asmatu. Hiru minutu beranduago, Nacho Sanchezek falta atera eta Gaguak jaso zuen baloia, baina ezin izan zuten jokaldia errematatu. Hurrengo mugimenduan, Agirrek izan zuen gola eskuratzeko aukera, baina kanpora joan zitzaion baloia honi ere. Aurkariak ere markagailuan aurreratzeko aukera izan zuen, 33. minutuan, baina jaurtiketak langan jo zuen.
Bigarren zatia bide beretik joan zen. Real Unionek bere helburua lortu nahi zuen, bai ala bai, eta golaren bila jarraitu zuen azken minutuetan. Terrassaren lehen aukera deuseztatu ondotik, Aitor Zulaikaren mutilen txanda izan zen. 73. minutuan, Montorok gola sartzea lortu zuen. Jokaldi nahasi bat izan bazen ere, bisitariek zelaian bi baloi zeudela salatu baitzuten, markagailua Real Unionen alde jartzea erabaki zuten epaileek eta etxeko taldeak 1-0ekoa mantentzen jakin zuen neurketa bukaerara arte.
Honekin, Real Unionek, Federazio Kopako finalerdira iristeaz gain, Errege Kopa jokatzeko txartela ere eskuratu du. Horrela, Europako Txapelketa jokatzen ez duen Lehen Mailako talde batek Stadium Gale bisitatuko du, talde txuribeltzaren kontra partida bakarrera egingo den kanporaketa jokatzeko. Atzoko neurketaren bukaeran, Javier Landeta Euskadiko Futbol Federazioko lehendakariak lehiaketa honetan parte hartzeak irudikatzen duen giltza eman zien Jon Irazusta eta Jagoba Beobide kapitainei.
(Argazkia: Gio Batista)
Hernaniren kontra 3-1 irabazi zuen Carlos Garciaren taldeak, azken hiru puntuak poltsikoratuz
Real Unión Roca: Rodríguez; Cabo, Pinillos,...
Deportivoren kontra 3-1 galdu bazuen ere, bertze taldeen emaitzek ahalbidetu dute talde txuribeltzak maila mantentzea
Real Unionek denboraldiko...
Real Unionek Deportivo de la Coruña liderraren kontrako partiduarekin bukatuko du denboraldia
Lehen RFEF mailako taldeek ere asteburu honetan...
Unai Gordok bere atean sartutako gol baten ondorioz, Mutrikuk eraman zuen garaipena
Mutriku FT: Arambarri; Etxebarria, Blanco...
Talde txuribeltzak Fuenlabrada garaitu zuen (2-1) luzapenean Bazek sartutako gol bati esker
Real Unionek denboraldiko azken aurreko jardunaldia...