REAL UNIONEK SALBAZIOA LORTU DU
Futbola

REAL UNIONEK SALBAZIOA LORTU DU

La Nuciari 2-0 irabazi ondotik, talde txuribeltza Lehen RFEF mailan arituko da 2023/24 denboraldian

Real Unionek denboraldiko helburu nagusia lortu zuen atzo arratsaldean La Nucia garaitu ondotik. Irabazteko beharra zuen talde txuribeltzak Lehen RFEF maila mantentzeko, eta hori egiteko gai izan zen. 3.986 zaleren aitzinean maila eman eta salbazioa lortu zuen denboraldi gorabeheratsu baten ondotik.

Hil ala biziko partidua zuten atzo Real Uniongo jokalariek. Denboraldi osoa zuten jokoan Galeko zelaian eta irabaztea bertze aukerarik ez zegoen Lehen RFEF maila mantendu nahi bazuten. Honek urduritasunarekin jokatzea eragin zien bai etxekoei, baita La Nucia-ko jokalariei ere, mailaz jeistea jokatzen baitzuten hauek ere. Horrela, gola sartzeko aukerak ezin errematatu ibili ziren lehen zatian bi taldeak.

Real Unionek izan zituen aukera gehienak lehen 45 minutuetan. Lehena Nacho Sanchezek zortzigarren minutuan. Eskuin hegaletik erdiraketa egin eta Gaguak errematatu nahi izan zuen, baina gurutzatuegi joan zen baloia. 24. Minutuan berriz, Parada saiatu zen area kanpotik, baina honek ere ez zuen asmatu. Hurrengo jokaldian, Sanchezek berriro baloia erdiratu eta Gaguak 1-0eko ezarri ahal izan zuen. Tartean, La Nucia saiatu zen markagailuan aitzina hartzen, baina Irazustak ongi gelditzen jakin zuen. Atsedenaldia baino lehen, Real Unionek izan zuen azken aukera Luqueren hanketan, baina jaurtiketak aurkarien defentsa topatu zuen.

Hutsean berdinduta hasi zuten bigarren zatia, baina aldageletatik pasatzeak on egin zion etxeko taldeari. Hasi eta berehala garaipenean sinesteko jokaldia egin baitzuten Iñaki Goikoetxearen mutilek. 51. minutuan, Alain Oyarzunek korner bat atera eta Gaguak gola sartu zuen aldaratzean. Stadium Gal zutitu eta izugarrizko ospakizuna bihurtu zen partidua harmailetan. Hala ere, oraindik sufritzea tokatuko zitzaion Real Unioni.

Partiduaren azken minutuak eroak izan ziren eta tentsioa nabaria zen, bai zelaian baita harmailetan ere. La Nucia etxekoen zelaira hurbildu zen eta berdinketa lortzeko hiru aukera izan zituen minutu gutxiren barruan. Horietako batek zaleak hatsik gabe utzi zituen. Hala ere, Irazustak ongi defendatu eta berdinketa ekidin zuen denen lasaitasunerako. 90 minutu ofizialak bukatuta, neurketa bertze lau minutuz luzatu zen, eta hor iritsi zen benetako eromena. 92. minutuan, Fede Andradak txuribeltzen bigarren gola sartu eta behin-betiko garaipena eman zion taldeari.

Denboraldi gogor baten ondotik, Real Unionek bere helburua lortu du, maila mantentzea. Lesio andana bat gaindituta, eta hiru entrenatzaileren agindutik pasatuta, Irungo taldea Lehen RFEF mailan arituko da 2023/24 denboraldian. Sailkapeneko 13. postuan bukatu du azkenik, 48 puntu batuta guztira. Iñaki Goikoetxearen eskuetan bukatu duen taldeak 13 partidu irabazi, 9 berdindu eta 16 galdu ditu urte honetan. Entrenatzaileak berak erran zuen moduan, “autokritika” egitea tokatuko zaie orain, heldu den urteari begira nola jokatu jakiteko. Hala ere, horren aitzinetik, merezitako atsedena hartu dute denek.

(Argazkia: Gio Batista)

REAL UNION ROCAK PUNTU BAT EKARRI ZUEN MINTXETATIK
Futbola

REAL UNION ROCAK PUNTU BAT EKARRI ZUEN MINTXETATIK

Binako markagailua erdietsi zuen Carlos Garciaren taldeak azken minutuan Elgoibarren kontra

CD Elgoibar: Mosquera; Moya, Barrenechea,...

REAL UNIONEK EZ ZUEN PUNTURIK ATERA SANSEREN KONTRAKO DERBIAN
Futbola

REAL UNIONEK EZ ZUEN PUNTURIK ATERA SANSEREN KONTRAKO DERBIAN

Irabazten hasi bazen ere, donostiarrak sendo ibili ziren eta markagailua irauli zuten bukaerarako

Real Unionek ezin izan zuen Sanse garaitu Galen...

REAL UNIONEK ETA SANSEK ELKARREN KONTRAKO DERBIA JOKATUKO DUTE IGANDEAN GALEN
Futbola

REAL UNIONEK ETA SANSEK ELKARREN KONTRAKO DERBIA JOKATUKO DUTE IGANDEAN GALEN

Iñigo Idiakezek aipatu duenez, txuribeltzek euren zaleen babesa beharko dute partidua aitzinera ateratzeko

Real Unionek Sanse jasoko du igande...

ARETO FUTBOLEKO BIGARREN TXAPELKETA ANTOLATU DU IRUN FUTSAL TALDEAK
Futbola

ARETO FUTBOLEKO BIGARREN TXAPELKETA ANTOLATU DU IRUN FUTSAL TALDEAK

Martxoaren 26an eta 27an ospatuko da Uranzu frontoian eta guztira, 16 talde arituko dira lehian

Irun Futsal Gabarrari taldeak areto futboleko...

REAL UNION ROCAK PUNTU BAT ATERA ZUEN OIARTZUNEN KONTRAKO PARTIDUTIK
Futbola

REAL UNION ROCAK PUNTU BAT ATERA ZUEN OIARTZUNEN KONTRAKO PARTIDUTIK

Txuribeltzek banako markagailua erdietsi zuten oiartzuarren kontra

Real Unión Roca: Oihan Fernández; Cabo, Pinillos, Martínez-Barranco,...

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika