ROMAIN GREGOIREK IRABAZI ZUEN AMOREBIETAKO SPRINTEAN

Itzuliko bostgarren etapan, Gregoirerekin batera, Mikel Landa lasterketatik kanpo utzi zuen erorikoa izan zen protagonista

Gasteiztik irten zen atzo, apirilaren 5ean, Euskal Herriko Itzuliko bostgarren etapa. Aitzineko eguneko erorikoaren ondorioz, sailkapen orokorreko faboritoak lasterketatik kanpo gelditu ziren eta berriz ere, aurtengo edizioko garaipena irekia gelditu zen. 175,9 kilometro egin eta gero, Amorebietako helmugan besoak altxa zituena Romain Gregoire (GFC) izan zen. Maillot horia Mattias Skjelmoseren (LDT) eskuetan gelditu zen oraindik.

Etapa hasieran tropelak elkarrekin egin zituen kilometroak, ihesaldirik sortu nahi ez zutelako. Araba gibelean utzita, bigarren egunez segidan ezbeharra gertatu zen. Zenbait txirrindulari lurrera joan ziren, tartean Mikel Landa eta Pelayo Sanchez. Biak ere Itzulia utzi egin behar izan zuten, lepauztaia hautsiarekin murgiarra.

Urkiola igotzen hastean, Sepp Kussek (TVL) eta Isaac Del Torok (UAD) erritmoa bizitu eta tropeletik aldendu egin ziren. Minutu bateko gehienezko errenta lortu zuten eta hori ikusirik, jeitsieran, erritmoa berriz ere moteldu eta tropelera batu ziren. Lidl-Trek hasi zen momentu horretan lasterketan agintzen.

Eguneko bigarren ihesaldia jendetsuagoa izan zen. Amorebietatik lehenengoz pasatzerakoan bederatzi txirrindularik osatu zuten lasterketa burua: Johannes Staune-Mittet (TVL), Mauro Schmid (JAY), Harrison Wood (COF), Mathieu Burgaudeau (TEN), Martijn Tusveld (DFP), Enekoitz Azparren (EUS), Ivan Cobo (EKP), Jimmy Janssens (ADC) eta Jose Manuel Diaz (BBH). Hala ere, tropel nagusiak ez zien ihes egiten utzi eta berriz ere ihesaldi hau bertan behera gelditu zen. Marc Solerrek (UAD) eta Santi Buitragok (TBV) egin zuten orduan saiakera eta hauei Janssens gehitu egin zitzaien. Tropel nagusia abiadura handian jeitsi zuen Muniketako gaina eta denek bat egin zuten. Azken saiakera bat ere egon zen, bertze zortzi txirrindularirekin, baina hauek ere ez ziren ongi moldatu eta ez zuten errentarik lortu. Lidl-Trekek argi zuen helmugan puntuak batu nahi zituela, maillot horirako lehia estu baitzegoen eta mantendu egin nahi zutelako. Edonola ere, bertze eraso bat egon zen, bost txirrindularik jota, eta hauek 30´´ segunduko aldea lortu zuten tropel nagusiarekin.

Ihesaldi horrek arrakasta eduki zuen, nahiz eta gibeletik liderraren taldeak eta UAE Team Emiratesek lan egin. Muniketako gaina bigarren aldiz igotzerakoan, lasterketa buruko txirrindularien artean lehia egon zen. Isaac Del Toro saiatu zen erritmoa bizitzen, baina Tao Geoghegan Hart tropelaren buru jarrita, alde guztiak murriztu egin zituen. Abiadura bizian jeitsi zuten azken mendatea eta hor ere Buitrago izan zen erasoa jo zuena, baina segidan harrapatu zuen tropel nagusiak.

Helmugarako sei kilometro bertzerik falta zirenean, Brandon McNultyk (UAD) egin zuen ihes eta bi kilometroz bakarrik egon zen. Hala ere, Geoghegan Hartek jarritako erritmoaren kontra ezin izan zuen ezer egin. Pablo Castrillo izan zen ihes egiten saiatu zen azkeneko txirrindularia, baina hau ere arrakastarik gabe. Horrela, 30 bat txirrindulariko taldetxoa ailegatu da helmugara etaparen garaipena jokatzera. Sprintean, azkenik, Groupama-FDJ taldeko Romain Gregoire izan zen irabazlea, modu estuan, photo-finisharen laguntza behar izan baitzen garaipena argitzeko. Lehen euskalduna, berriz ere, Alex Aranburu izan zen, bostgarren postuan helmugaratuta. Pello Bilbao ere hurbil egon zen, zazpigarren postuan sailkatu baitzen atzoko etapan. Mattias Skjelmosek berriz, ez zuen maillot horia galdu.

Seigarren eta azken etapa Eibarren

Gaur, apirilaren 6an, bukatuko da 2024ko Itzulia. Eibarren jokatuko dute seigarren eta azken etapa eta bertan erabakiko da zein izanen den aurtengo irabazlea. 137,8 kilometro luze izanen du gaurko ibilbideak. Motza izanen da, baina gogorra. Txirrindulariek zazpi mendate igan beharko dituzte guztira: hirugarren mailako Elkorrieta, lehen mailako Azurki, bigarren mailako Gorla, lehen mailako Krabelin, hirugarren mailako Trabakua, lehen mailako Izua eta hirugarren mailako Urkaegi. Tropeleko txirrindularirik indartsuenak irabaziko du gaurko etapa, baita behin-betiko maillot horia jantzi ere.  

(Argazkia: Naike Foto Sport)

Hemen Txirrindulariak webguneak egindako atzoko etaparen bideo-laburpena: 


Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika