03 Mai, 2021
Orioko uretan Gipuzkoako Zortzikoen Txapelketa jokatu zen, emakumezkoen kasuan, lehen aldiz. Santiagotarrakek Hondarribia Arraun Elkartearen aurretik lortu zuen garaikurra eta gizonezkoetan, hondarribitarrek beste zilarrezko domina bat eskuratu zuten.
Egun historikoa izan zen larunbatekoa. Orion Gipuzkoako zortzikoen Txapelketa jokatu zen eta lehen aldiz, Gipuzkoako hiru ontzik osatu zuten emakumezkoen estropada. Behe Bidasoa eskualdeko bi ordezkarik parte hartu zuten, Santiagotarrakek eta Hondarribia Arraun Elkarteak, eta Donostia Arraun Lagunak izan zen hirugarren parte hartzailea. Gizonezkoetan, Hondarribia Arraun Elkartearen ontzia izan zen Behe Bidasoa eskualdeko ordezkari bakarra.
Emakumezkoetan, Santiagotarrak lehen garailea.
Santiagotarrakek Emakumezkoen zortzikoen Gipuzkoako Txapelketako lehen garaikurra erdietsi duela esateko ohorea izango du. Aulki mugikorra lantzen duen klubak, urtez urte emakumezkoen zortziko indartsua prestatu izan du, baina larunbaterarte ezin izan dute Gipuzkoako Txapelketan lehiatu. Hondarribia Arraun Elkartea eta Donostia Arraun Lagunak azken urte honetan emakumezkoen zortzikoa ateratzeko aukera izan dute eta hiru ontzi horiek jarri zuten jokoan historiako lehen Emakumezkoen Gipuzkoako Txapelketa.
Santiagotarrak aise nagusitu zen proban zehar, Hondarribia helmugeratu zen bigarren hamar segunduko atzerapenarekin eta 14 segundutara iritsi zen Donostia Arraun Lagunak.
Denborak honako hauek izan ziren:
1- Santiagotarrak 5:32.96
2- Hondarribia Arraun Elkartea +10.24
3- Donostia Arraun Lagunak +14.18
Garaipena eta emaitzez haratago, “emakumezkoen arraunari bultzada berria emateko hitzordua izan zelako” pozik bukatu zuten estropada Santiagotarrakeko arraunlariek. Hondarribiko Arraunlariak ere asebeteta bukatu zuten jarduna; izan ere, “nahiz eta gutxi entrenatu, emaitza positiboa dela uste dugu. Udarara begira lagunduko digu, ziur”.
Gizonezkoetan, gutxigatik zilarra.
Gizonezkoen Gipuzkoako lehiaketan lau ontzik parte hartu zuen: Oriok, Ur Kirolakek, Donostia Arraun Lagunakek eta Hondarribia Arraun Elkarteak. Behe Bidasoa eskualdeko ordezkari bakarrak estropada hasiera ona izan zuen eta lehen metroak Oriori aurrea hartu zion. Estropada erdira arte, lidergoan jarraitu zuen Hondarribia Arraun Elkarteak, baina azken txanpan, Oriok abiadura handitu eta lehen postua erdietsi zuen. Oso gutxigatik nagusitu zen etxeko taldea, Hondarribia Arraun Elkarteak 54 zentesimen atzerapena izan zuen soilik. Atzetik, Ur Kirolakek eta Donostia Arraun Lagunak osatu zuten sailkapena:
1- Orio 4:45.38
2- Hondarribia Arraun Elkartea +0.54
3- Ur Kirolak +15.64
4- Donostia Arraun Lagunak +20.27
Klub bereko piraguistek ere arrakastaz bukatu zituzten asteburuan jokatutako Bizkaiako eta Gipuzkoako txapelketak
Gipuzkoako aulki mugikorreko Liga...
Ourensen ospatu zen aulki mugikorreko distantzia luzeko Espainiako Txapelketa
Santiagotarrak taldeko arraunlariek aulki mugikorreko distantzia...
Hondarribia Arraun Elkarteak antolatu zuen aulki mugikorreko Euskadiko Txapelketako azken jardunaldia
Euskadiko aulki mugikorreko...
Orioren aitzinetik helmugaratu zen Hondarribiako klubeko zortzikotea
Aulki mugikorreko Gipuzkoako distantzia luzeko txapelketaren hirugarren...
Bidasoa ibaia protagonista izan zen pasa den asteburuan ere, Ur Bizietako Euskadiko Kopa jokatu baitzen bertan
Aulki mugikorreko arraunlariek...