SOFIA MATEOSEK IRABAZI DU ALIZIA TXOPERENA OPEN NAZIONALA

Finalean 3-2 gailendu zitzaion Mateos Maria Tovar kolonbiarrari

Sofia Mateos, BGS Barcelona Global Squash taldeko 21 urteko gaztea, izan zen Alizia Txoperena Open Nazionaleko lehen irabazlea. Lur Alai Squash Klubak antolatutako txapelketa honetan, goi-mailako hemezortzi jokalarik parte hartu zuten, eta antolatzaileek hauen gaztetasuna eta erakutsitako maila azpimarratu nahi izan dute.

Pasa den ortziralean eta larunbatean ospatu zen lehen aldiz Lur Alai Squash Klubak antolatutako Alizia Txoperena Open Nazionala. Hemezortzi jokalarik hartu zuten parte guztira, estatu mailako ranking-ean postu gorenetan daudenak. Lehia estu baten ondotik, Sofia Mateos izan zen txapelketaren irabazlea, BGS Barcelona Global Squash taldeko jokalaria. 21 urteko gaztea da Mateos eta Espainiako selekzioaren parte da. Finalean, 3-2 gailendu zitzaion Mateos Maria Tovar kolonbiarrari, ranking-ik gabe bere lehen txapelketa ofiziala jokatzen zuena hain zuzen ere. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, Tovarrek “azpitik jokatu behar izan zituen partidak eta, lehen rondan, txapelketako bigarren jokalari buruarekin gurutzatu zen eta lehia estua izan zuten. Tovar 3-2 gailendu zen eta finalera iritsi zen horrela”.

Hirugarren postuan, hamasei urteko Ona Blasco jokalaria sailkatu zen eta laugarren postuan berriz, hamazazpi urteko Iciar Ribeiro. Gorka Arretxe Lur Alai Squash Klubeko ordezkariak partehartzaileen gaztetasuna azpimarratu nahi izan du: “Jokalarien adina oso baxua izan da eta oso aipagarria da hori. Gainera, erakutsitako maila oso esanguratsua izan da”.

Larunbat arratsean egin zen txapelketaren sari banaketa Luis Mariano plazan. Izan ere, federazioak YouTubetik eskaini zituen zuzenean partidak eta bertan ezarritako eskenatoki batean ikusi ahal izan ziren. Hori aprobetxatuta, klubak bertan eskaini zituen sariak. Horrez gain, Alizia Txoperena omentzeko tartea hartu zuten eta txapela eskaini zioten jokalari oihari oroigarri bezala, bere familia eta lagunen aitzinean. Honekin, bere kirol ibilbidea oroitzeko bideo bat ere jarri zuten, “nolabait eskerrak emateko”, Arretxek erran duenez. Bukatzeko, aurresku bat ere eskaini zion klubeko jokalari gazte batek.

Antolatzaileek balorazio “positiboa” egin dute txapelketa honen inguruan eta heldu diren urteotan berriz ere antolatzeko prest dira. Gainera, espero dute jokalari gehiagok parte hartzea eta, honekin batera ere, gazte gehiago hurbiltzea klubera squash-ean aritzeko.

Nafarroako junior squash zirkuitua

Nafarroako lehen junior squash zirkuituari hasiera eman zioten Iruñean, pasa den larunbatean ere. Klubeko jokalariek maila ezin hobea eman zuten eta horren erakusgarri izan zen Unax Mariezkurrenak lortutako bigarren postua. Finalean, Markel Regueroren aitzinean galdu zuen Mariezkurrenak. Txapeldunordeaz gain, klubeko Urko eta Gorka Gomez anaiek ere parte hartu zuten txapelketan. Gorka Arretxe ordezkariak aipatu duenez, “giro ezin hobea” egon zen Iruñean eta nabarmena izan zen “gero eta jokalari gehiago biltzen direla txapelketa hauetan”. Honek jokalari eta entrenatzaileei motibazioa eman diela ere adierazi zuen: “Gero eta harreman gehiago dago jokalarien artean eta gogotsu daude txapelketa gehiagotan parte hartzeko. Entrenatzaileei ere motibazioa ematen digu honek”.

Miguel Basterra Valentzian garaile

Bertzalde, Valentzian bizi den, baina Lur Alai Squash Klubeko kide den, Miguel Basterra hondarribitarra Valentzian jokatu zen bigarren mailako txapelketan garaile suertatu zen asteburuan ere. 

(Argazkia: Lur Alai Squash Kluba)

JAIZUBIA ZALDIKETA ESKOLAK EMAITZA EZIN HOBEAK LORTU ZITUEN II ANAGAN KOPAN

Zizurren jokatu zuten II Anagan Kopako bigarren fasea eta bi jardunaldietan garaipenak eskuratu zituen Irungo klubak

Euskadiko Hipika Federazioak...

HELENE ROBLESEK GARAIPEN BIKOITZA LORTU DU JOLASETAN ETA OBERENAN

Azken bi asteburuetan Tenis Badia klubean ari den Roblesek bi garaipen eskuratu ditu, Jolasetan eta Oberenan jokatutako Alebin mailako Openean

Tenis...

JAIZUBIA HIPIKA KLUBAK II. ANAGAN KOPAKO BIGARREN FASEA JOKATUKO DU ZIZURREN

Lehiaketa hirugarren kategoriakoa da eta Irundik 40 bat zaldizkok eta amazonak hartuko dute parte

Euskadiko Hipika Federazioak lau egoitzatan antolatzen du...

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika