“TALDE POLITA OSATU DUGU, ILUSIONATUTA NAIZ TALDEAK AURTENGO DENBORALDIAN EMANGO DUENAREKIN”
Futbola

“TALDE POLITA OSATU DUGU, ILUSIONATUTA NAIZ TALDEAK AURTENGO DENBORALDIAN EMANGO DUENAREKIN”

(Argazkia: María Martin)

Inertzia onean jarraitzen du Real Unionek. Pasa den denboraldian uhina hartu zuen talde irundarrak eta ordutik gainean dabil. Ez da kasualitatea, lan handia egin behar izan dute jokalariek aurreko sasoian 1.Federazio mailako plaza eskuratu eta aurten aurreko denboraldiari segida emateko. Lortuko duten ala ez jakiteko itxaron beharko dugu, oraindik jardunaldi bakarra jokatu baitute. Garaipena DUX-en aurka, zaleen itzulerarekin. Horretaz eta beste hainbat gaietaz, taldeko kapitainarekin mintzatu gara, Jon Irazustabarrena atezainarekin. 

DUX-en aurkako neurketaren ostean, Aitor Zulaikak desiratutako denboraldia izan zela aitortu zuen. Jokalariek nola bizi izan zenuten denboraldiko lehen jardunaldi hori?

Oso polita izan zen. Batetik, 1.Federazio mailako liga berria estreinatzen genuen; bestetik, klubean aldaketak egon direlako eta, gehienbat, Irunen eta zale txuri-beltzen berotasuna zuzenean nabaritu genuelako. Zelaira atera ginen momentu hura polita eta hunkigarria izan zen. Futbol giroaren itzulera izan zen, zaleak berriro gertu sentitu genituen eta gainera garaipenarekin hasi genuen denboraldi berria.

Liga berria da, ezberdina, zailagoa…Urduritasunak ugaritu al dira? 

Bi multzotan banatu da lehen lau moltzoko liga zena. Agintariek zailtasuna eta lehiakortasuna igotzea nahi zuten eta lortu dutelakoan nago. Egutegia begiratuta, argi geratzen da liga berri honek maila handia duela. Zailagoa da, asko exijituko gaitu, baina jokalariontzat polita da zelai eta talde historiko horien aurka jokatzea.

DUX-en aurka hiru puntu batu zenituzten, Valladoliden beste hiru eskuratzea al da Real Unionen helburua aste honetan?

Gure buruan beti garaipena dugu. Nahiz eta Valladolidetaz asko ez jakin, aldaketa asko egin baitituzte plantilan, jakitun gara bidai zaila izango dela. Harrobiko talde baten aurka jokatuko dugu, badakigu horrelako taldeek zertara eta nola jokatzen duten, baina garaipenaren bila joango gara.

Zelai berezia da jokatzeko, haizea eta eguzkia asko ematen du bertan… 

Egia da, baina Aitor Zulaikak ohartarazi gaitu aitzakiak ez zaizkiola balio. Bero egingo du, baina ez dugu aitzakiak jartzeko arrazoirik. Dena den, atezainontzat deserosoa den zelaia da, eguzkiak asko jotzen baitu bertan.

Jon Irazustabarren zer moduz aurkitzen da aurtengo denboraldian? 

Oso ondo aurkitzen naiz. Ligan zein taldean egon diren aldaketak onerako izan dira eta pertsonalki pozik naiz. Lesioak errespetatzen duten bitartean, nire ehuneko ehuna ematen jarraituko dut. Talde polita osatu dugu, ilusionatuta naiz taldeak aurtengo denboraldian emango duenarekin eta partiduz partidu momentu berezi horiek bizi nahi ditut.

Azken urteetan Stadium Galeko porterien agintea hartu duzu. Aurten Patrick Sequeira izango duzu talde-kide, konpetentzia handitu dela uste duzu? 

Lehengo denboraldian ere Moha Ramosekin konpetentzia handia nuen. Patrick Sequeiraren ibilbidea gertutik jarraitzeko aukera izan dut, pasa den sasoian maila ikaragarria eman zuen eta, era horretan, konpententzia zertxo bait handitu da. Edozein kasutan, lehiakortasun hori bi jokalariontzat eta baita taldearentzat ere ona izango da. Bion artean bakoitza hobe izateko gure partetik jarriko dugu. Ezin dugu Iker Iza ahaztu, hirugarren atezain bezala dago orain, baina azken bi urteetan bikain entrenatzen ari da gurekin. Hiruren lana batuta hazi egingo gara. Jokatzen duenak zortea izango du, baina hiruen artean lagunduko gara elkarri.

Kontseilu berrian kapitainak badu eginkizun berezirik?

Bost jokalari gara taldeko kapitainak: Ekhi Senar, Mario Capelete, Gorka Kijera, Jagoba Beobide eta ni neu. Urteengatik ni naiz lehena eta besokoa daramana, baina erabakiak hartu behar direnean bosten hartean hartzen ditugu. Jokalarien egoera hobetu nahian, kontseilu berria oso gertu izan dugu, kapitainon iritzia kontuan dute. Oso gustora gaude egiten ari diren lanarekin, baita egiteko moduarengatik ere. 

Valladolid B-ren aurkako neurketari begira, zer egin behar du Real Unionek hiru puntuak batzeko?

Egin behar duguna da Aitor Zulaikak beti aipatzen diguna, Real Union izan eta guk proposatzen dugunara jokatu. Baloia daukagunean nola ez daukagunean, ezin dugu gure joko-era aldatu. Gure jokoa zelaian nagusitzeko zenbat eta gertuago egon, orduan eta aukera gehiago izango ditugu zerbait positiboa lortzeko. Taldea sistema barneratzen ari da oraindik, baina beti lehiatu nahi dugu, hori baita gakoa, horrek gerturatuko gaitu garaipenera.

ENTZUN ELKARRIZKETA

REAL UNION ROCAK PUNTU BAT ATERA ZUEN ORDIZIAREN KONTRAKO PARTIDURIK
Futbola

REAL UNION ROCAK PUNTU BAT ATERA ZUEN ORDIZIAREN KONTRAKO PARTIDURIK

Doladok azken minutuan sartutako penaltiari esker berdindu zuen talde txuribeltzak

Real Unión Roca: Rodríguez; Poirier (Dolado, min. 70),...

REAL UNIONEK EZIN IZAN ZITUEN PUNTUAK BATU TAXOAREN
Futbola

REAL UNIONEK EZIN IZAN ZITUEN PUNTUAK BATU TAXOAREN

Benitok sartu zuen bigarren zatian talde txuribeltzaren gola, baina ez zen nahikoa izan Svenssonek sartutako biak berdintzeko

Real Unionek 2-1 galdu...

FRAN JUSTO: “OSASUNA BEHARRETAN DAGO, BAITA GU ERE”
Futbola

FRAN JUSTO: “OSASUNA BEHARRETAN DAGO, BAITA GU ERE”

Real Unionek Osasuna Promesas bisitatuko du bihar Taxoaren

Real Unionek garaipena eskuratzeko bertze aukera bat izanen du bihar, apirilaren 27an,...

REAL UNION ROCAK BETI GAZTE GARAITU ZUEN GALEKO ANEXOAN
Futbola

REAL UNION ROCAK BETI GAZTE GARAITU ZUEN GALEKO ANEXOAN

Letamendiak penaltiz sartutako golari esker jardunaldiko hiru puntuak etxean gelditu ziren

Real Unión Roca: Rodríguez; Arteaga (Fernández,...

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika