Finalaren atarira iritsi da Real Union
Futbola

Finalaren atarira iritsi da Real Union

REAL UNION: Otermin, Azkoiti, Arzamendi, Esnaola, Ibarbia, Rodellar, Mikel Alonso (Juan Domínguez, 39'), Urbieta (Ozkoidi, 46'), Mujika (Goikoetxea, 62'), Seguin, Saizar.

ATLéTICO BALEARES: Vicente, Vich, Juarez (Thati, 65'), Artabe, Guasp, Muñoz, Tim (Jaime, 83') Bernardo, Ripoll (Alejandro, 75'), Nando, Thilo.

GOLAK: 0-1: Tim (63'). 1-1: Esnaola (60'). 2-1: Goikoetxea (80'). 3-1: Goikoetxea (93'). 3-2: Alejandro (113'). 4-2: Juan Domínguez (118').

EPAILEA: Sarasua Aranburu. Txartel horiak: Ibarbia, Esnaola (Real Union); Vich, Artabe, Bernardo (x2), Nando (Baleares).

Federazio Kopako final laurdenetako kanporaketa gainditu du Real Unionek. Atlético Baleares menderatu du Stadium Galen, gorabehera eta emozio handiko norgehiagokan. Bi aldiz eduki du kanpoko taldeak finalerdietarako txartela eskura. Baina bietan erantzun du Unionek, azken saria lortzeko. Intentsitate eta eskakizun fisiko handiko neurketa izan da, eta ligako jardunaldian oraindu dezake hori talde txuribeltzak. Baina lortutako saria handia da. Finalerdietan dago Real Union. Gola sartzeko beharrarekin ekin diote txuribeltzek norgehiagokari, joanekoan 2-1 galdu baitzuten. Lehen zatian baloiaren jabe izan da etxeko taldea, eta gol aukerak sortzen hasi da laster. Ordu laurdena betetzerako, jaurtiketa bana egin dute Urbietak eta Mujikak. Balearesek ere eduki du bere abagunea, estrategiako jokaldi batean. Nandoren errematea Oterminek gelditu du. Lehen zatiko albiste okerrena Mikel Alonsok eman du, min hartuta utzi baitu zelaia. Juan Domínguez sartu da bere ordez.

Bigarren zatiaren hasieran maldan gora jarri zaio kanporaketa Real Unioni. Mallorcako taldeak gola sartu du 54.minutuan. Timek gainditu du Otermin, kontraeraso batean. Lan handia zuten txuribeltzek markagailuari buelta eman eta finalerdietan sartzeko. Baina Esnaolak eman du lehen pausoa, bost minutu beranduago. Banakoa egin du atzelariak, Juan Domínguezek ateratako faltan. Golak indarra eman dio Unioni, eta gora egin du, bigarrenaren bila. Balearesek atzera egin du pixkanaka, banakoa aski zuela jakinda. Penaltia eskatu dute zaleek eta jokalari txuribeltzek, Artabek baloia eskuarekin ukitu duelako. Epaileak ez du adierazi, eta horrek Galeko harmailak piztu ditu. Real Unionek Balearesen arearen inguruan jokatu du hurrengo minutuetan. Azkenean, Bernardok penaltia egin dio Saizarri, 79.minutuan. Bigarren txartel horia ikusi du gainera atzelariak. Goikoetxeak 2-1ekoa sartu du penalti arrastotik, irundarren itxaropena berpiztuz. Hirugarren gola sartzen ahalegindu dira txuribeltzak, baina ez dute gol aukera argirik sortu.

Hortaz, berdinketa apurtzeko, luzapena izan du kanporaketak. Aitor Zulaika entrenatzailearen aginduak eta animoak jaso ondoren, partida erabakitzeko asmoz irten da etxeko taldea. Ibarbiaren jokaldiaren eta pase bikainaren ondoren, Goikoetxeak 3-1ekoa sartu du luzapena hasi bezain pronto. Jokalari bat gehiagorekin ari zen Union, eta pentsatzekoa zen kanporaketak ez ziola ihes egingo. Denborarekin nekea nabaritzen hasi da Baleares. Hala ere, ez du amorerik eman. Azken orduko ezustekoa emateko gai ikusten zuen bere burua. 113.minutuan, 3-2koa sartu du Alejandrok, falta jaurtiketa bat buruz errematatuta. Kanpokoen ospakizuna ikustekoa izan da. Kanporaketa ia galdutzat eman ondoren, finalerdietan egotea eskura zeukaten. Stadium Galeko ikusleak izoztuta utzi ditu golak. Baina azken kolpea Real Unionek eman du. Luzapeneko azken aurreko minutuan, Ozkoidik erdiratzea egin du eskuin hegaletik. Nor eta Juan Domínguez agertu da, atzelarien artetik salto egin, eta burukadaz baloia sarera bidaltzeko. Eromena etorri da ondoren. Kamiseta kenduta kornerrerako bidea hartu du donostiarrak, taldekideak atzetik korrika zituela. Besarkada handiarekin ospatu dute txuribeltzek 4-2koa. Sufritu behar izanak balio erantsia eman dio garaipenari.

IRUNGO UDALAK 534.000 EURO BIDERATUKO DITU STADIUM GALEN HOBEKUNTZAK EGITEKO
Futbola

IRUNGO UDALAK 534.000 EURO BIDERATUKO DITU STADIUM GALEN HOBEKUNTZAK EGITEKO

Irisgarritasun neurriak betetzeko igogailua instalatzeko eta berdegunea berritzeko inbertsioak aurreikusi ditu 

Maiatzeko udal osoko bilkuran...

OSASUNAK UDAKO FUTBOL CAMPUSA EGINEN DU DONEZTEBEN
Futbola

OSASUNAK UDAKO FUTBOL CAMPUSA EGINEN DU DONEZTEBEN

4 eta 14 urte bitarteko haurrek hartzen ahalko dute parte ekainaren 24tik 27ra eginen den topaketan

Osasunak udako futbol campusa antolatu du Donezteben,...

FRAN JUSTO: “BIHAR IRABAZI NAHI DUGU AITZINERA PAUSU GARRANTZITSUA IZANEN DELAKO”
Futbola

FRAN JUSTO: “BIHAR IRABAZI NAHI DUGU AITZINERA PAUSU GARRANTZITSUA IZANEN DELAKO”

Real Unionek denboraldiko azken aurreko partidua jokatuko du bihar, azkena etxean, Fuenlabradaren kontra

Real Unionek denboraldiko azken aurreko partidua...

REAL UNION ROCARI IHES EGIN ZION GARAIPENAK
Futbola

REAL UNION ROCARI IHES EGIN ZION GARAIPENAK

Talde txuribeltzak bere alde zuen markagailua, baina Beasain Bk neurketa berdintzea lortu zuen azken minutuetan

Real Unión Roca:...

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika